BEÑAT ZALDUA
IRITZIA

Mirarien hiria

Posible al da bizitzaren heren bat habia eman dizun hiriari buruz barrenetik ez idaztea? Ez naiz saiatu ere eginen. Ez bada bizipenetik sortua, horrelako zutabe batek ez du ezertarako balio. Nire lehenengo oroitzapenak Catalunya plazako banku batera eramaten nau, 2003ko udan, aitarekin unibertsitateko matrikula egiten asmatzen. Katalanez, jakina. Nork agindu ote zidan Autonomara ikastera joatea? Galdera hori buruan eta korapiloa sabelean, bi hilabete geroago Vibasa autobus batean nengoen 18 urte bete gabe, bideari bakarrik ekiten. Zenbat ordu pasatuko ote genituen Alfajarinen urte hauetan? Motxilan, nire bizitzako lehenengo bakeroak –amaren baldintza Bartzelonara joaten uzteko– eta 30 urte lehenago bidaia berdina egin zuen lagun estimatu baten bi opari: Pompeu Fabraren “Gramàtica Catalana” eta Salvador Espriuren “La Pell de Brau” poema liburuaren edizio elebidun zahar bat. Nork esan behar zidan, 14 urte beranduago, zezenaren larrua apurtzear, liburu berak eginen zidala konpainia mesanotxean.

Bilbo hurbilegi eta Madril arrotzegi, Bartzelona promesa bat zen. Lehenik eta behin, anonimotasun promesa bat. Ez bada bakarrik bizi ahal izateko, hiri handiek ez daukate inolako zentzurik, zioen Josep Plak. Unibertsitatea, jakina, gutxienekoa zen. Nork espero du klaseetan kontzentratzea 18 urterekin Bartzelona bezalako erronka bat aurrean izanda? Ahaztezinak Sagrada Familia aurreko parkean pasatutako orduak, jaiotzaren portaleko pinua marihuana kukulu bat zela imajinatzen, edo 36ko gerrako bunkerretan edandako garagardoak, Barcelonetako Leo tabernako bermutak gramolan “Bambino” omnipresentea entzunez, Apoloko asteazkenak eta Ravaleko ezkutalekuak. Encants azokako liburu prehistorikoak –hiru ale 5 eurogatik zen eskaintza zoragarria– eta vintagea modan egon aurretik bertan lortu ahal ziren armairu zaharrak. Poltsikoak ez zuen gehiagorako ematen, eta Ikea oraindik ez genuen ezagutzen. Zorionez.

Urteekin hiriaren historiaren kontzientzia hartu eta beste begi batzuekin begiratzen hasi ginen patronalaren pistoleroek Salvador Segui akabatu zuten izkina, Santa Maria del Mar ondoko Fossar de les Moreres, Montjuicen txabolismoaren arrastoak edo 38ko bonbardaketen orbainak oraindik agerian dauzkan Sant Felip Neri eliza. Modernitatearen geruza pixka bat hazkatuta historia ateratzen zaio hiriari poro guztietatik. Eta batzuetan, momentu gorenetan, historia polifoniko horretan sartuko diren egunak ere bizitzeko aukera izan genuen, edo behintzat norbere biografian mugarriak diren egunak: Bolonia Planaren kontrako mobilizazioak, urte batzuk beranduago M15aren hazia ereingo zutenak, gerraren kontra Europak ikusi zituen manifestazio handienak, martxoaren 29 bateko greba basati batean Bartzelona suzko arrosa bihurtuta ikusi genuenekoa, eta jakina, azaroak 9 edo urriak 1 bezalako jaialdi desobedienteak.

Hamaika Bartzelona sartzen dira errealitate baino gehiago, promesa den kaos txiki honetan, Eduardo Mendozak esan bezala, hau mirarien hiria baita.