amagoia mujika
IRITZIA

Ehun urte

Kazetariok batzuetan tuntunak ematen dugu. Parean duguna tuntuna balitz bezala tratatzen dugunean, batez ere. Telebistako saio batean ikusi nuen “albistea”. Gizonezko batek ehun urte bete zituela eta sasoiko zegoela. Kazetariak, mantso-mantso galdetu zion. «Zein da, bada, ehun urte bizitzeko sekretua?». Ehun urteak bete zituenak, berriz, sekulako graziarekin erantzun: «Sekretu bakarra dago ehun urtera iristeko. Bat bakarra». Kazetariak, begiak irten beharrean, «zein da, ba, sekretu hori?». Eta, gizonezkoak, sortu zuen jakin-minaren jakitun: «Sekretu bakarra dago: Ez hiltzea».

Norbaitek ehun urte betetzeak gero eta gutxiago izango du albistetik; jaioak daude ehun urteak nahiko modu orokorrean harrapatuko dituztenak. Gaur herrialde aberastu batean jaiotako haur bat 105 urte baino gehiago bizitzeko aukera %50etik gorakoa da. Duela ehun urte ehun haurretik batek zeukan mendea harrapatzeko aukera. Baina, azken 200 urteetan, bizitza itxaropena etenik gabe igo da; hamarkada bakoitzeko bi urteko igoera, batez beste. Hartara, gaur 20 urte dituztenen erdiek aukera handiak dituzte ehun urteak betetzeko. Eta gaur egun 40 dituztenen erdiak inguru iritsiko omen dira 95 urte betetzera.

Betiko bizitzaren formula omen, gizakiari buruko min gehien sortu izan diona betidanik –betiko gaztetasunarekin batera–. Azken hamarkadetan haurren hilkortasunaren kontra egindako lanak; gaixotasun kronikoen inguruko ikerketek eta arazo kardiobaskularretan eta minbiziaren bueltan egindako aurrerapenek lagundu dute bizitza luzatzeko grina horretan. Dagoeneko gakoa ez omen da nola bizi ehun urtera arte. Orain gakoa ehun urtera bitartekoa nola antolatu omen da.

Erretiroak eta pentsioak ez daude ehun urte bizitzeko pentsatuak. Orain ere, bizitza laburragoekin, nahiko lan, duintasuna bizitza adina luzatzen. Ikusi besterik ez, azken asteotan protestara atera diren pentsiodunen kezka.

Ehun urtetan, baina, beste gauza asko kabitzen dira, onerako eta txarrerako. Belaunaldi desberdinen arteko elkarbizitza, zaintzaren antolaketa, aisialdiari begiratzeko modua, zahartzaroa bizitzeko era... Izan ere, zaharrak izango gara urte gehiagotan edo gazteak denbora luzeagoan?

Adituak dagoeneko arreta handiz ari dira ikerketan. Hamarkada pare bat gehiago bizitzea opari handi bat izan baitaiteke edo, kontran, agonia luzeegi bat; are gehiago, gaztetasuna gehiegi goratzen den eta zahartzaroa hain modu aldrebesean begiratzen den garaiotan. Hainbeste zahartuko bagara, has gaitezen pentsatzen nola egin nahi dugun. «Ez hiltzea» da lehen baldintza, baina hortik aurrerakoak ere badira.