Gohar Abbas

Trukean oinarritutako merkataritza bidea, himalaiaren magalean

Ez da beldurtientzat egindako lekua. 5.000 metroko altueran kokatutako Irshadeko bidetik igarotzen dira merkatariak zamatuta Wakhan korridorera iristeko. Salerosketak ganaduaren trukean egiten dira bertan, denbora joanagatik belaunaldiz belaunaldi igaro den ohitura bazterrean utzi gabe.

Afzal Baig martxantea alferrik saiatzen da bere zaldia akuiluarekin behin eta berriz xaxatzen. Animaliak ez du pauso bakar bat aurrera egin nahi zeharkatzen ari diren mendi ibilbide arriskutsuan. Afganistanen trukatuko dituzten merkantziez kargatuta doaz. Ia 5.000 metroko altueran, Irshadeko igarobidea, garai batean Zetaren Bidea osatzen zuena, egun Afganistan eta Pakistanen arteko muga da. Leku babesgabe hau Afganistango ipar-mendebaldean kokatutako Wakhan korridorera iristeko bide bakanetakoa da.

Afzal Baigen antzera martxante ugarik zeharkatu zuten aspaldian korridore hau euren animaliekin. Estropezu bakar batek amildegian behera ehunka metro erortzea dakar. Baig bere zaldiarekin haserretzen den bitartean, haize zakarra hasi da sumatzen. «Ez fidatu bide honekin», egin dio oihu bere taldeari segika doan kazetari bati. «Edozein unetan traizionatu zaitzake», ohartarazi du.

Saltzaileak Wakhanen bizi den wakhi tribuarengana doaz, saltzeko daramatzaten objektuak ganaduarengatik trukatzeko. Urtero pertsona bakan batzuek baino ez dute egiten ibilbide arriskutsu hau munduko hiru mendilerro altuenek bat egiten duten eremu honetan barna.

Elur-jausietan desagertuak. Baigek zaldien apoetako elurra kendu eta bidean aurrera egin du. Denboraleak ez du metro batzuk urruntzen den ezer ikusten uzten eta, hori dela eta, aurrerago doazen zaldien hotsek baino ez dituzte gidatzen atzean doazenak. Pertsonen hezurdura arrastoak daude ibilbidean topa daitezkeen kobetan. Baigek ohartarazi duenez, korridorea gurutzatzen saiatu eta hil ziren saltzaileenak dira. Berak ere bidelagun zituen sei pertsona galdu zituen elur-jausietan desagertuta. Haietako hiru istripu batean hil ziren eta gorpuak urtebete beranduago topatu zituzten.

Baigek eta Wakhango bere bezeroek ez dute dirurik. Horregatik, egiten dituzten tratu guztiak ganaduaren trukean oinarritzen dira. Hiru txapelek ahari bat adina balio dute; plastikozko dozena bat erlojuk bi ardi edota ahuntz bat; eta hamar kilo tek edota bost kilo irinek jak bat.

Trukerako erabiltzen den beste moneta jak gurina da, ahuntzaren edota ahariaren erraietan gordeta kontserbatzen dutena. Jak gurina oso produktu preziatua da. Poltsa bakar bat hamar tabako kaxen, hiru zapata pareren edota zortzi galtzerdi pareren truke aldatu daiteke. «Espero dut hiru jak lortuko ditudala», dio Baigek, suaren ondoan elur malutekin nahastu den tea hartzen duen bitartean.

Arbasoen oinordekotza. Wakhan eremuan egiten dituzten salerosketak «bere arbasoan oinordekotza» direla dio. Bere aitak eta anaia zaharrak berak baino lehen zeharkatu zituzten bide hauek, baina orain zaharregiak dira hori egiteko eta berari dagokio eginbehar trakets hau.

Bide honen amaieran dagoen eta antzina printzerri eta egun Pakistango parte den Hunzako bizilagunek diote Wakhaneko trukea orain mende batzuk hasi zela eta herrien arteko bakea sustatzeko balio izan zuela. Goi Asia bezala ezagutzen den eremu honetako tribuak aztertu zituen Aziz Ali Dad antropologoaren esanetan, merkataritza pasabide hau Zetaren Bidearen bigarren mailako ibilbidea zen. «Aspaldian, Txinako, Tajikistaneko, Afganistaneko eta Pakistaneko mugetan zeuden tribuek euren artean egiten zituzten salerosketak», aipatu du. Baina Errusia Afganistanen sartu zen eta hartu-eman horiek amaitu egin ziren. Wakhan eta Hunza batzen dituen ibilbideak iraun zuen, seguru asko Irshadeko pasabidea korridorera iristeko bide bakarrenetakoa delako eta eremua gerratik at mantendu zelako. «Bi aldeetako jendeak kultura bera, hizkuntza bera, ahaidetasuna partekatzen dituzte eta hori abantaila handia da», ohartarazi du antropologoak.

Plastikozko erlojuak apaingarri moduan. Baig Wakhaneko lehen herrira iristen denean, herritarrak korrika gerturatzen zaizkio. Gizonezkoek besarkatu egiten dute eta bere zaldiaren aho-uhalak hartuta laguntzen diote. Emakumeek eskuetan ematen dizkiote musuak, wakhi tribuan ohiko agurra baita hori. «Ekarri dizkidazu iaz eskatu nizkizun botoiak?», galdegin dio emakume batek tea zerbitzatzen dion bitartean. Wakhaneko bizilagunek harreman berezia dute denborarekin. Askok beren adina zein den ere ez dakite, baina hala ere martxanteek ekartzen dituzten plastikozko erlojuak dituzte apaingarri gustukoenak. Orotariko apaindurak atsegin dituzte, eta horregatik, era guztietako objektu koloretsuak, botoiak, plastikozko botilak, baita azazkal-moztekoak, josten dituzte euren arropetan. Emakume batek, lau erloju daramatza beso bakar batean eta Baigi galdetzen dio ea gehiago ekartzeko aukera izan duen. «Beste besoan jartzeko gehiago behar ditut, hiru edo lau agian». Bere familiak jak bat, zahagi bat gurin eta lau ahari eskaintzen ditu, botoien, erlojuen, galtzerdi pare batzuen eta artilezko txapelen truke.

Beste bi jak-ak adostuta baino ez dituzte utzi, kreditu gisara, familiako gizon batek Hunzara joan behar du-eta datozen hilabeteetan irina eta arroza lortzeko. «Sistema hau konfiantzan oinarritzen da», azaldu du Baigek; «merkataritza bera bezain zaharra da», argitu du.