Maider Eizmendi
Elkarrizketa
Marta macho

«Zientzian, bizitzan bezalaxe, desberdin begiratzen duzunean egiten da aurrera»

Ezin dira zenbatu eta zerrendatu zientziaren alorrean 7K sortu zenetik izan diren aurkikuntza eta berritasunak. Saialdia egitea ere ez du merezi. Zientzia egiteko moduan sakontzeko elkartu gara Marta Macho matematikariarekin, eta dibulgazioaz eta emakumeek zientzian hartu duten tokiaz mintzatu gara; horretaz asko daki-eta “Mujeres con Ciencia” espazio digitalaren editoreak.

Asko aurreratu da azken bi hamarkadetan, baina agian aldaketa aipagarrienetariko bat da zientziak gizartearekiko gero eta gertutasun handiagoa lortu duela. Hala uste duzu?

Zientzia ohartu da zabaldu egin behar duela. Orain hogei urte zientzialariak euren laborategietan eta bulegoetan aritzen ziren ikertzen eta ez zuten hori gizarteari komunikatzeko beharrik eta, azken batean, inbertitzen ari zen diru guztia zertan erabiltzen ari zen esateko beharrik ikusten. Zorionez, pertsona talde batek egiten ziren aurrerapenak dibulgatzeko beharra ikusi zuen eta zientzian egiten diren aurkikuntzek pertsonen egunerokoan duten eragina azaltzeko beharra ere bai. Horri esker uste dut jendeak zientzia hurbilagoa ikusten duela gaur egun eta ohartzen dela gizartearentzat garrantzitsua dela eta, noski, baliabide asko behar dituela. Dibulgazioaren alorrean aurrerapen handia egin da eta gero eta modu globalagoan egiten den ariketa da gainera, hastapenak herabeak eta oso kritikatuak izan ziren arren. Zientzian ari zen jende askok uste zuen dibulgazioan aritzen ginenak ez genuela benetan ikerketarako balio eta zientzia zabaltzeari ekin geniola gure lan-ordutegia betetzeko soilik. Nire ustez, ordea, ikertzaile onak dira, hain zuzen, dibulgatzeko gehien balio dutenak, aztertzen ari diren arazoa oso ondo ulertzen dutelako eta ahalmena dutelako publikoari zuzen, modu hurbilean eta errazean azaltzeko.

Oraindik, ordea, badira erresistentzia handiak alor honetan.

Bai, noski, baina gero eta gutxiago. Inor ez dute dibulgatzera derrigortzen, baina ikerketarako diru-laguntzak eskatzean, dibulgatzeko ahalegina egitea eskatzen dute gero eta gehiago. Egia da gauza guztiak ezin direla erraz azaldu, baina ikerketaren eta gizartearen artean egon den bereizketa hori oso kaltegarria izan da, batez ere, zientzia egin nahi zuten emakumeentzat; izan ere, islatu den moduan, bazirudien bikaintasun ariketa bat, oso azkarrak ziren talentu handiko pertsonen esku zegoena soilik. Nire ustez, garrantzitsua da zientzialarien lana beste edozein lanbide duten pertsonen parekoa dela esatea, alor batean aditu diren eta aurrerapenak egiteko diziplinarteko taldeetan parte hartzen duten pertsona normalek egiten dutena. Hori transmititzeko beharrezkoa da zientziaren gertutasuna.

Teknologia berriek itzelezko aldaketa ekarri dute komunikazioaren alorrean, baita zientzia komunikatzeko eran ere, ezta?

Bai, jakina. Publiko bakoitza dibulgatzeko modu bati egokitzen zaio. Niri asko gustatzen zait aurrez aurre dibulgatzea, uste baitut komunikazio zuzena funtsezkoa dela. Baina, agian, helduagoak diren pertsonentzat da egokiagoa komunikatzeko modu hau. Adinagatik akaso, niri ez zait Youtube asko gustatzen, baina uste dut jende gaztearengana iristeko modu ona dela. Azken batean, helburua zientziaren garrantzia zabaltzea da eta horretarako erabiltzen den edozein bide da ona. Baldintza bakarrak zorroztasuna eta jendearengana iristea dira. Herritarrei zientziaren inguruko datu batzuk eman behar zaizkie, ikertzen jarrai dezaten, galdetu dezaten, interesatu daitezen eta baloratu dezaten, jakin-mina sortzeko.

Emakumeak aipatu dituzu lehen, haiek zientzian duten lekua da azken urteetako aldaketa esanguratsuenetarikoa?

Azken urteetan zientzian aritzen diren emakumeak aldarrikatzeko mugimendu handia sortu da mundu mailan. Historia ez dago osorik, irabazleek idatzi dute eta kasu honetan irabazleak gizonezkoak izan dira. Zientziaren historia behar bezala kontatu behar da, bereziki, emakumeek egin zituzten ekarpenak aldarrikatuta. Justua izateaz gainera, emakumeek zientzia ikas dezaten saialdia ere bada, garrantzitsua baita emakumeen begirada txertatzea. Gaur egun ez da erakargarria emakumeentzat, gizonei oso lotua agertzen delako. Erreferenteak izatea, bide-urratzaileak nahiz egun zientzian ari direnak, garrantzitsua da zientzia edonork egin dezakeela ulertzeko. Azken batean, trebatzea, bestea alor batzuetan bezalaxe saiatzea, mimoz egitea eta zuk ezin duzula egin ez pentsatzea nahikoa dira. Taldeak gero eta diziplinartekoagoak dira eta prestaketa eta motibazio desberdina duten pertsonak behar dituzte; emakumeok, beraz, zeresan handia dugu. Gazteen inguruari ere erreparatu behar zaio ezinbestean, eta zientzia ikasi nahi duen neska bati hegoak ez mozteko eskatu.

Aurrera begiratu eta zientzia hogei urte barru irudikatzeko eskatuko dizugu. Nola ikusten duzu? Edo nola ikusi nahiko zenuke?

Ni erretiroa hartuta egongo naiz noski, baina belaunaldi berriek merezi dute humanoagoa den eta horrenbesteko lehiakortasuna eskatzen ez duen zientzia bat. Nire ustez, hori da, izan ere, gaur egun egiten denak duen akatsik handiena. Asko lehiatzen da, ikerkuntza karrera zailtasunez betea dagoelako eta zuk argitaratzen ez baduzu albokoak argitaratzen duelako –kontuan hartuta ikertzaile askorentzat argitaratzeak lana izatea edo ez izatea suposatzen duela–. Hogei urte barru, nahi nuke zientzia lasaiagoa izatea, gauzak azkar egiten direnean akatsak egiteko arriskua baitago. Lasaiagoa izango balitz gainera, uste dut, dagokigun moduan, emakumeak %50 izango ginateke, lehian baino elkarlanean hobeto moldatzen gara eta.

Zientzia hobe bat egingo genuke patxadaz, aztertu beharreko arloei desberdinei begiratuko geniekeelako, lantaldeak pluralagoak izango lirateke emakumeak eta esparru desberdinetako pertsonak hartuko lituzketelako. Ez genuke begirada desberdina izateko beldurrik izango; izan ere, zientzian, bizitzan bezalaxe, desberdin begiratzen duzunean egiten duzu aurrera. Jada marraztua dagoen bide bati jarraitzen badiozu eta soilik bide hori arakatzen baduzu, ez duzu aurrera egingo. Ez dut itxaropenik galtzen zientzia mota hori izateko: humanoagoa, gizarteak dituen arazoak konpontzera bideratua eta emakumeak %50ean parte hartzen dutena, baita goi eta erabakitze karguetan ere.

Irudikatu duzun zientzia izanez gero, beharbada orduan ez da albiste izango emakume batek zientzia sari handi bat lortzea.

Bai. Sari horiek albiste izateari uzten diotenean, “Mujeres con Ciencia” bezalako ekimenek esanahia galtzen dutenean, emakumeen kontuak albiste izateari uzten diotenean, gizarteak benetan hori normala dela ulertu duela esan nahiko du. Zientzia parekidea den mundu ideal horretan, sariak parekidetasunez banatuko dira eta ez da deigarria izango horiek emakume batek jasotzea.