Gregory Walton
aurreiritzien kalteak

Anonimatua, hiesaren zabalpena eragozteko bidea Hegoafrikan

Prebentzioan eta probetan aurrerapen handiak egin dira, baina hiesa duten pertsonenganako aurreiritziek oraindik kalte handia eragiten dute Hegoafrikan. Gaixotasunaren proba egin nahi duten pertsonen anonimatua babestu nahi izan dute eta norberak etxean egiteko probak banatu. Botikak makinen bidez banatzeko baliabideak erabiltzen ere hasi dira, hiesak gehien kaltetzen duen herrialdean.

Nola gainditu hiesa duten pertsonek pairatzen duten estigma eta horrek gaixotasunaren prebentzioan dakarren atzerakada? Hezkuntza eta herritarrek kontzientzia hartzea da bide on bat; baina Hegoafrikan, epidemiak gehien kaltetzen duen herrialdean, proba egin nahi duten pertsonen anonimatua babestearen alde egin dute. Agian, ez du muinean dagoen arazoa konpontzeko balio, baina bururatu zaien irtenbiderik azkarrena bada behintzat.

Prebentzioan eta probetan aurrerapenak egin diren arren, hiesak oraindik kalte handia eragiten du kontinenteko herrialderik industrializatuenean. Bertan, adituek diotenez, horrenbeste gaixo izatearen arrazoietako bat hainbat taldetako pertsonek diagnosi-probak egiteko osasun zentroetara joan nahi ez izatea da. Ez da arazo hau duen herrialde bakarra, noski. Izan ere, Unitaid GKEaren arabera, mundu mailan oraindik ere hiesa duten hamar pertsonatik hiruk ez dakite gaixotasuna dutela.

Arazo honi aurre egiteko asmotan, Unitaid elkarteak hiesaren probak osasun zentroetatik atera, eta Johannesburgoko erdigunean dagoen Hillbrow distrituko supermerkatu batean eskaintzen ditu. Gainera, anonimatuan are eta gehiago eragiteko, norberak egin ditzakeen probak egiteko modua eskaintzen dute. Boluntarioak dira supermerkatuaren inguruan jakin-mina duten pertsonen arreta erakartzen saiatzen direnak. «Espresuki, gizonezko gazteak erakarri nahi ditugu gaur eta, horretarako, gizonezko boluntario gazteak batu ditugu, modu horretan arrakasta handiagoa izango dugulako agian», azaldu du proiektuaren gidaritza lanetan ari den Witwatersrandeko Unibertsitateko Lynne Wilkinsonek.

Besteen begi-bistan egon gabe, kanpin denda moduko batean, bertaratzen direnek formulario erraz bat betetzen dute eta trukean proba bat jasotzen dute dohainik, bertan edota euren etxean egin dezaketena.

«Proba egiteak ez dauka inolako zailtasunik». Jarraibideak sei hizkuntzatan daude eta pertsona «gehienek ez dute arazorik izaten proba behar den bezala egiteko», adierazi du Mokgadi Mabuelak, probak banatzen dituen emakume gazteetako batek. «Azkar ulertzen dute eurek egin dezaketen zerbait dela, nahiz eta zenbaitek nahiago duen hitzordua eskatu eta beste norbaitek egin diezaion», azaldu du. Luze itxaron beharrik gabe, probaren emaitza hogei minutuan ezagut daiteke. Honek positibo ematen badu, segidan proposatzen diete boluntarioek baieztapen proba egitea.

«Joan den astean nire anaiarekin etorri nintzen eta proba egin zuen. Gaur nire egoera ezagutzera etorri naiz», dio bere izena ez ematea nahiago duen gazte batek. «Benetan erraza da, ez du inolako zailtasunik», gaineratu du.

Malawin, Zambian eta Zimbabwen 2015etik egiten dena orain Hegoafrikan zabaldu nahi izan dute. Hillbrowko distrituan abiatu dute egitasmoa, baina hil honetatik aurrera hiriko autobus geltokietan eskuratzeko modua ere izango da. Helburua ahalik eta jende gehienarengana iristea da, eta kontuan izanda egunero milaka bidaiari pasatzen direla bertatik, leku aproposa iruditu zaie.

4,8 milioi ale banatu nahi dituzte. Autodiagnosia egiteko proba horietako bat erabilita jakin zuen Oscar Tyumre-k, Albertonen bizi den 45 urteko musikariak, gaixotasuna zuela. Emaitza ezagutu bezain laster, Unitaid elkarteko kideek tratamendua jaso zezan osasun zentro batera joatea gomendatu zioten. «Hasieran zaila da gaixotasun hau duzula onartzea, baina probari esker segidan hasi nintzen tratamendua jasotzen», kontatu du. «Nire gomendioa egoerari aurre egitea da, ez hondoratzea. Berehala has zintezke tratamendua jasotzen eta horri esker 100 urte bete arte bizitzen!», aipatu du umoretsu.

Ez da hau anonimatua babestu eta aurreiritziak gainditzeko ekimen bakarra. Iparraldera hamar kilometro eginda, Alexandra herrian, Hegoafrikako Osasun Ministerioak eta Right to Care elkarteak helburu berarekin hiesa duten pertsonentzat beste baliabide bat jarri dute abian: tratamendua banatzen duen makina. Dirua ematen duten bankuetako makinen parekoa da Alemanian egindako aparailu hau, Afrikan martxan jarri den lehena. «Alexandra aukeratu genuen biztanle asko dagoelako, osasun azpiegituretan jende asko dagoelako eta jendeak osasun zerbitzu publikoa behar duelako», nabarmendu du Fanie Hendrikszek, aipaturiko elkarteko zuzendari nagusiak.

Legez beharrezkoak diren txartel baten, kode baten eta bideo lotura baten bitartez lortzen den farmazialari baten baieztapen bat baliatuta, gaixoak bertaratu eta bost minutu baino lehen botikak jaso ditzake. «Errazagoa eta azkarragoa da», dio 59 urteko Philda Dladlak. «Lehen egun osoa itxaron behar izaten nuen ospitalean», esan du. Makinari esker, edonork jaso dezake bere botika erraz, «bere kode pertsonala ahazten ez badu».

Ez da soilik hiesa duten pertsonentzat lagungarria. Coincide Primrose Goodek 60 urte ditu eta diabetesa du. Bere esanetan, abantailarik handiena itxaronaldiak murriztea da. «Ni bezala, gaixorik dauden pertsona helduentzat lagungarria da. Osasun zentroak gainezka daude eta denbora luzean itxaron behar badugu, zorabiatu egiten gara», kontatu du makinatik jaso berri dituen botikak poltsan sartu bitartean. «Oraintxe iritsi naiz, nire zenbakia sartu dut, nire botikak jaso ditut eta etxera noa», gaineratu du bidea hartzen duen bitartean.


Egunean 200 pertsonak erabiltzen dute. Erabiltzaileen anonimatua babesteko, lau makinak kabina baten barruan sartu dituzte. «Norbaitek hiesa duela jakin daiteke soilik botika eskuan duela ateratzen bada», azaldu du proiektuaren buru Thato Mathabathek.

«Bizitza aldatu dit; dagoeneko ez naiz arduratzen botikak berandu jasotzen baditut. Makina hauek behar-beharrezkoak dira, osasun zentroak urrutiegi daude eta», esan du 25 urteko Mbelek.

Irailaz geroztik 200 pertsonak erabili dituzte egunero botika-makinak hauek; ez bakarrik hiesari aurre egiteko sendagaiak eskuratzeko, baita diabetesari edota asmari aurre egiteko ere. Arrakasta ikusita datozen hilabeteetan beste hiru makina jarri nahi dituzte Johannesburgon.