Harriak eta loreak
Maiatza loreen hilabetea izan ohi da. Lorerik espero ez dituena harri eta zur geratzen da, loreak jasotzen baditu. Harria, berriz, loretan dago egunotan, inoren burua kolpekatzeko zain. Harriak eta loreak, inguruan hilak. Harrien artean lurperatutako hildakoei loreak eskaintzen zaizkie. Loreak eta harriak, inguruan biziak. Harriz egindako loreontzia, lore sorta berrien gordeleku eder biziena. Aurtengo maiatza hotz hasi genuen, klimatologikoki, jakina. Epeltasunera egin du bidea ondoren loreen hilabeteak, politikoki. Jasan dugun neguaren ondoren, lorerik ikusiko ez genuela pentsatzen hasiak ginen, loreak beharrean harriak jasotzeko beldur. Baina, azkenean, iritsi dira loreak. Eta iritsi dira harriak, jakina. Ez dago harririk gabeko lorerik.
Harriz eraikitako jauregiak lorez inguratuta daude, dela Aiete dela Arnaga. Etxe dotore hauek lorategiz inguratuta daude eta hauetara iristeko harri txikiz osatutako bidexka piloa. Hor ere harriak eta loreak. Filosofoen harriak. Bertan ere, loreak eta harriak. Zintzotasunaren loreak. Harri Aroa aspaldi bizi izan genuen eta lore jokoak antzina izan ziren. Umetxoak loretxoa ezin bizi daitekeela ikusten du oraindik, eta arantzak kendu nahi dizkio. Umeak, baina, nahiago errekara harritxoak jaurti, uretan galdutakoak bizi berrien bila abia daitezen.
Antza denez, aurrerantzean bideak, loreak eta harriak aukeratu behar ditugu. Garai batean harriak miresten genituen objektu gisa, errituetarako ezinbesteko osagai lez. Gaur egun, arte komertzialaren harrikadak jota, lorez osatutako eskultura erraldoietan egiten ditu argazkiak bisitariak. Eta bihar Labe Garaien moduko tokietara joango da bisitan turista; herri oso baten eta langileriaren porrotari muzin eginda jaurtiko du bere kameraren klik-a: zanpatzaile den kapitalaren garaipen purrustadaren konplizearen beste irudi bat.
Ilusioek eta ametsek erein zituzten harrizko bideetan loreak. Iraultzetarako balio dute harriek eta erreboltarako, loreek. Eta orain, jaurtitzeko zer lore mota nahi dugun pentsatzeko unea dela dirudi ala, beharbada, zein harri mota erein behar dugun erabakitzeko aroa. Ez dakigu lorez inguratutako harrizko jauregi berrien garaia ere izango ote den. Ez dakigu harri berriekin estropezu egingo ote dugun berriz ere. Ez dakigu lore berrien usainek pozoituko ote gaituzten. Baina jakin badakigu, harri erraldoi batek kolpekatuta bezala, inkontziente geratzeko arrisku handia izan badugula.
Inkontzientzia lokartu kolektibo horrek plastikozko loreen bideetan galtzeko tentazioa eskainiko digu. Bitartean, arantzadun lorea erabat ahaztuta, umeak errekara harritxoak jaurtitzen jarraituko du, eta guk, loaldi, ez loraldi, zoriontsu batean bezalaxe, lore hipnotiko berriak jasota, elkarri gure tamainaren usaina hartuko diogu, harrizko loak hartu arte.