amagoia mujika
IRITZIA

Asko maite duenak asko sufritzen du?

Gu ere horrela ibiliko ginen, noski, baina, orain dakidanarekin, pena ematen dit hamabost urteren bueltako bikote “formalak” ikusten ditudanean. Lagun batek esan dit normala dela, bikoteak osatu eta puskatu behar dituztela, horretarako garaia dela. Tira, hala izango da, baina zein goiz sortzen zaigun bikotetan lotzeko beharra, ezta? Gero, bi astez “ateratzen” egon eta Whatsappez moztuko du bietako batek, eta besteak negar egingo du, inoiz gertatu zaion gauzarik gogorrena dela sentituko duelako. Puskatuta sentituko da, puska bat kendu baliote bezala. Eta apustu egingo nuke emakumeak direla haustura horiek modu latzenean bizi dituztenak.

Belaunaldi pare bat atzera eginda, zenbat bikote ez ote ziren elkarri lotu hamabost urte zituztenerako. Horietako asko, gainera, «bizitza osorako». Beste hauturik ez du izan askok. «Orain erraz banatzen da jendea. Guk jasan behar izan duguna jasan izan balute...». Horixe izan da emakume askoren patua. Ezkontzan emandako hitza bete eta aurrera, emazte eta ama bikaina izateko lana eginez egunero-egunero. Eta seguru izan emakume asko oso zoriontsuak izan direla bide horretan. Eta beste asko, oso zoritxarreko.

Geroztik etorri garenoi, bestela sartu digute txertoa. Guretzat apaizaren aurrean emandako hitzak pisu gutxitxo duela-eta, maitasun erromantikoaren harria lotu digute hankan, eta arrastaka daramagu. Behin eta berriz kontatu digute laranja erdia garela eta beste erdia topatu behar dugula, pertsona osoak izan nahi badugu behintzat. Zenbat negar ez ote dugu egin film erromantiko horiekin eta nola harrapatzen gaituzten abesti melenga horiek! Maitasunak, benetakoa bada, noizean behin min eman behar duela sinestarazi digute. Asko maite duenak, asko sufritzen duela. Bizitakotik ikasita eta asko kostata ari gara harri hori askatzen. Maitasun erromantikoaren harria hankara lotzen digun soka gastatzen-gastatzen ari da. Biba gu! Baina, gure atzetik datozenak, zer?

Gure atzetik datozenek harritzar berdina daukate hankari lotua, soka lodi eta sendo dagoela. Instagramen neskak mutilari “zu gabe ez naiz ezer” idazten dio egunero, eta barrua hausten zaio mutilak Whatsapp bidez “moztu nahi dut”» esaten dionean.

Serio ez garela gai izango soka hori mozteko? Maitasuna konplizitatea da, berdinetik berdinerako laguntasuna, azala deskubritzea, arnasa partekatzea, elkar zaintzea, barre egitea... Ados, hori guztia hamabost urte dituzunean muturrekoa da, sekulakoa, bizi-bizia, neurririk gabea, ahaztezina... Eta segur aski horrela behar du. Baina askoz hobe litzateke denok hankak aske izanda, harririk arrastaka eraman gabe, nahi duenak salto egin ahal izateko eta behar duenak korrika alde egin ahal izateko.