Azalekoa
Azalekoa omen da mamirik gabeko hori; itxuratik beste ezertatik baino gehiago duena. Aldiz, azala da bistan daramaguna, gehien ikusten dena. Azalak hiru geruza ditu; epidermisa, dermisa eta hipodermisa, zein baino zein sakonagoa. Eta gorputzaren sistema zabalena da azala. Bi metro karratu azal omen gara bakoitza, gutxi edo gehiago. Zientziatik aparte, denok jakin badakigu badirela azal oso gogorreko pertsonak.
Vox eskuin muturreko alderdiaren aldarriekin esnatu zaigu astea. Disparateak bata bestearen segidan, piperpotoak dantzan, muturreko harrotasun nazionala abesti moderno bihurtuta, milaka jende «yo soy español» kantuan, lehenago horrekin konturatu ez bagina bezala... Faxismoaren aurpegi modernoa, Europan barna abiadan zabaltzen ari dena.
Pulpitutik botatakoak ez dira txorakeriak; erkidego autonomoak desagerraraztea, Espainiako Estatuaren batasuna hausteko tentaziorik txikiena agertzen dutenak legez kanpo jartzea, migratzaileei ate guztiak ixtea eta sartzea lortzen dutenak ostikoz botatzea, Berdintasun Legea bertan behera uztea... Feminismoaren kontra daude eta oso kezkatuta omen daude indarkeria matxistaren inguruko salaketa faltsuekin.
Aspaldiko garaietan publikoki inor esatera ausartzen ez den astakeriak bota dituzte lasai ederrean. Kaka nahastu eta mahai gainean jarri dute Vox-ekoek. Eta, gainontzekoak, asaldatuta, kaka esplikatzen...
Barre egin genezake, baina ez dit graziarik egiten, eta ez dakit oso ondo zergatik. Matxismoa, arrazakeria, xenofobia, faxismoa, homofobia... hain gaizki ikusiak dauden jendarte honetan ez genuke horrelako diskurtsoekin kezkatu behar, ezta? Ezta?
Epidermisak hori dio, gero eta irekiagoak eta toleranteagoak garela. Aniztasunaren munduan bizi garela eta denak kabitzeko moduko mundua eraikitzen ari garela. Dermisean eta hipodermisean pixka bat arakatuz gero, baina, ezustekoa desatsegina izan daiteke.
Ez zaizue sekula gertatu jende “parekidearekin” bazkaltzen hasi eta, kafea eta koparen orduan, matxismoak gainezka egiten dion bazkalkidearekin topo egitea? Barruan indarrez eutsita dagoen ipotx matxista horrek askatzea lortzen duenean...
Horregatik ez dit graziarik egiten Vox-ekoen harroaldiak, arrandegiko ilaran edota autobuseko alboko aulkian entzun dezakedalako orro faxistaren oihartzuna edozein astelehen buruzuritan. Azalean erraz sartzen den diskurtso merkea da, bare samar eta eutsita dagoen batzuen barruko piztia esnatzeko modukoa. Eta hori gutxi balitz, horiek harroxko-harroxko badoaz eskuin muturretik, eskuinetik doazenak muturrerago tiratuko dituzte. Lehen gutxi ez eta...