Jon Goikouria
pinuen gaitza

Urre Berdearen garaiaren amaiera

Jesus Javier eta Aitor Zarate anaiak, Ricardo Arrate eta Jose Antonio Lekue Euskal Herriko pinudiak jasaten ari diren kanpoko onddoen erasoaren lekuko zuzenak dira. Euskal Herrian mende bat daraman «Pinus radiata» izeneko espezie ahulari eraso dio gaixotasunak eta oraindik ez da asmatu gero eta hedatuago dagoen izurriteari irtenbidea ematen. Zer egin? Hori da pinu- jabeek buruan darabilten galdera.

Euskal Herriko mendietan nagusi dira Pinus radiata duten pinudiak, eta horietako gehienak Dothistroma pini eta Lecanosticta acicola (“banda gorria” eta “banda marroia” izenez ezagunak) onddoen erasoak jasaten ari dira, erritmo kezkagarrian, Gipuzkoaldetik Bizkaira eta Arabako iparraldean. Gure larre eta mendietara begiratu besterik ez dugu adaburu berdeak marroi bihurtzen ari direla ikusteko; onddo hauek pinuak errotik sikatzen ari dira, gupidarik gabe. Ez da lehen aldia gure mendietako pinuek izurrite bati aurre egiten dietena: 70eko hamarkadan Fusarium circinatum onddoaren gaitza gainditzea lortu zuten baina, adituen arabera, gaur egungoa gogorrago astintzen ari da gure mendietako pinu ugariena.

Arazoa ulertzeko basoen eta pinu sailen arteko bereizketa egitea beharrezkoa da: basoak paisaia biziak ditugu, ekosistema baten parte. Bertan, espezie askotako zuhaitzak ez ezik, izaki bizidunak bizi dira. Pinu sailak, ostera, monolaborantza ereduaren arbola aloktonoen multzoak dira, jarraian landatutakoak eta moztutakoak, egurra produzitzeko jaiotako ustiapen sistema antropikoak. Izakion esku-hartzea, beraz, oinarrizkoa da existitzeko. Bizkaian soilik, zuhaitzen %74,5 espezie aloktonoak dira eta %25,5, bertakoak.

Landaketan, hazkuntzan eta mozketan oinarritutako eredu honek kaltetu egiten du lurra, epe laburrean etekin ugari eman arren. «XX. mendetik gaur egun arte gizakiaren bizimoduak hobera egin du, baina kontrakoa gertatzen zaie gure zuhaitzei», adierazi du Kolore Guztietako Basoak plataformako Keko Alonso biologoak: «Lur onak heredatu dituzte gure mendietako zuhaitzek, mantenugai onekoak eta ura kudeatzeko ahalmen onekoak, baina gaur egungo lurrek ez dute zerikusirik antzinakoekin: monolaborantza sistemek erabat eraldatu dituzte eta gaurkoak mantenugai txarrekoak eta ura kudeatzeko ahalmen gutxikoak ditugu. Gure zuhaitzak ez daude behar bezala elikatuta». Kantauri aldeko lurrek Estatuko gainontzekoek baino sakontasun handiagoa dute eta horren arduradun nagusiak baso hostoerorkorrak dira. Bertako zuhaitzek udazkenero hostoak botatzen dituzte lurrera, onddo eta bakterioen bidez deskonposatuz eta lurreko buztin naturalarekin nahastuz. Nahasketa horren emaitza humus-buztina da. Zizareak humusez elikatzen dira, eta digeritu ostean berau lurpean botatzen dute. Zuhaitzak, karbonoaz gain, aipatutako lurreko materia organiko honen mineralez elikatzen dira.

Pinudiek heredatutako hasierako lur horietan humus-buztin hori zegoen eta pinudiak behar bezala elikatzen zituzten sistema naturalarekin. Baina kanpoko espezie hauek ez dituzte Euskal Herriko zuhaitzek botatzen dituzten hosto berak; hostoak hiru edo bost urteetan botatzen dituzte, eta lurreko organismoek zailtasunak dituzte deskonposaketa burutzeko. Hori dela eta, pinudien eta eukaliptoen hostoak lurrean metatzen dira, desegin barik. Pinuaren hostoak ezkoz gainezten dira kanpoko klimaz babesteko. Eukaliptoen kasuan, euren hostoek lurreko onddoak eta bakterioak hiltzen dituzte eta lurreko osagai organikoa eraberritzeko prozesua eteten dute, zuhaitza behar bezala elikatu eta hidratatzea ekidinez. «Ondorioak ez dira epe laburrean agertzen, epe ertain-luzean baizik. Pinudiak gaizki elikatuta eta hidratatuta egonik ezin diete aurre egin kanpoko mehatxuei», azaldu du Alonsok. Biologoak dioenaren arabera, monolaborantza sistema hau gure basoetako prozesu naturalak hausten ari da eta ondorioak orain agertzen hasi dira pinuetan.

Monolaborantzaren bidez hazten diren zuhaitzek, izan ere, mantenugai asko eskuratu eta, aldi bereanm materia organiko gutxi ematen dute. Horrezaz gain, uzta batzeko sistema kaltegarriak erabiltzen dira, besteak beste, makina astunak erabiltzen direlako eta horiek lurra eta landaredia suntsitzen dutelako.

Gure orografia konplexua da, aldapa handietakoa eta oso klima euritsukoa. Monolaborantza sistemarekin jarraituz gero, zuhaitzen mozketaren ondoren, urek lurrean barrena azaleko geruzak garraiatuko dituzte, gure zuhaitzen hazkunderako garrantzitsuenak galduz.

Hortaz, pinudi ahulak ditugu, naturak ekarritako gaixotasunei aurre egiteko gai ez direnak. Horrela, klima aldaketak erakarritako beroaren eta hezetasunarekin loturiko mehatxu berrien erasoek, Dothistroma pini eta Lecanosticta acicola onddoenak kasu, Pinus radiatak gure mendietatik behin betiko desagerraraz litzakete.

Pinus radiata monolaborantzaren adibide bikaina da: 1857an heldu zen Euskal Herrira Kaliforniatik, Lekeitioko Adan de Ayarzaren eskutik. XIX. mendea zen, industria-ustiapen garaia. Euskal Herriko mendiak biluzik zeuden eta Ameriketako espezie hau erraz moldatu zen geure klimara. 30-40 urteko hazkundeko zuhaitzak ditugu, eta “urre berdea” ezizenez ezagun egin zen, epe laburrean etekin handia ematen zuelako. Euskal Herrian 130.000 Pinus radiata hektarea daude, eta Bizkaian 65.000, Lakuako Gobernuaren 2016ko datuen arabera.

Baserritar askorentzat pinudia bizimodua ateratzeko modua izan da gaur egun arte: Pinus radiataren monolaborantzaren bidez dirua egiten zuten baserritarrek, eta, horrez gain, basogintza industriarako lehengai aparta bihurtu zen. Gaur egun, datuek diotenez, zuzeneko 13.000 lanpostu eta zeharkako 7.000 lanpostu sortzen ditu industria honek Euskal Herrian.

Orokorrean hiru erabilera mota izan ditzake pinuaren egurrak: adaburua (zati finena) papertegietara bidali ohi da, papera egiteko. Enborraren erdialdearekin enbalatze ontziak egiten dira (paletak, kutxak…). Enborraren oinarria, zatirik lodiena eta preziatuena, zurgintza eta ebanisteriarako erabili ohi da.

 


Pinudien hileta. Ricardo Arrate arrantzalea da ofizioz eta baserritara tradizioz. Pinus radiata plantazioa familia-itsulapiko bezala izan duen horietakoa da. Familiak espezie honetako hamar hektareako lursailak utzi zizkion iraganean, Muniketa Ganan (Muxika, Bizkaia). Horietako bost hektarea moztu behar izan ditu azken asteetan banda marroiaren izurritea dela-eta. «21 urteko pinuak ziren eta den-denak bota behar izan ditut derrigorrez», aitortu du arrantzaleak goibel. «500-600 pinu inguruko lursailean 50 inguru zeuden sano soilik, eta hori sekulako galera da».

Igande eguzkitsuan makinek sortutako mozketa suntsitzaile ikaragarria ikustera joan da bere lursailera. Aldapa gainean daude moztutako hainbat enbor mehe eta obretako makina astun bat. Aldapan behera, baso-soiltzeak sortutako hutsunea baino ez, motzondoz beteta. Onddoek jandako plantazio biren artean kokatuta dago Arrateren lursaila. Bertatik Oiz mendia ikus daiteke, gaixotutako berde-marroi koloreko pinudiez inguratuta. Isiltasunak hartutako hutsune izugarria utzi dute moztutako pinuek.

«Tupustean gertatu zen dena, abuztuaren 5ean», gogoratu du Ricardok. «Getariako jaiak ziren, eta egurketari bat etorri zen bisitan, pinudian entresaka-lanen prestaketak egiteko», azaldu du Ricardok. «Gernikara joan ginen bakanketa-lan horiek egiteko baimenak eskatzera». Hogei egun ez ziren igaro eta egurketariak heldu ziren Ricardoren lursailera: «Telefonoz deitu ninduten, duela hogei egun ikusitako basoak gaurkoarekin zerikusirik ez zuela esanez, guztiz harrituta. Gaixo zegoen nire plantazioa». Pinudi osoa galduta zegoela esan zion egur enpresako langileak Ricardori, pinudiari gehienez urtebeteko bizia emanez. «Bi astean hil zitzaidan basoa». Arratek bazekien banda marroia Gipuzkoaldetik sartuta zegoela Bizkai aldean, alboko lursailetako pinuetan ikus zitekeelako zuhaitz sikuen marroi kolorea.

Oiz mendi inguruetako pinudiak erabat gaixotuta daude dagoeneko, eta inguru horretako baserritarrak euren pinudiak mozten hasi dira. Ricardori pena eman arren, familiak utzitako pinudia moztu ez ezik lursaila salduko du, bere esanetan, galerak baino ez dizkiolako eman. «Alboko auzotarrak eukaliptoa landatzen hasi dira egoera honen aurrean, baina ni ez naiz zuhaitz horren aldekoa, espezie urratzailea dela entzun dudalako», aipatu du Mendexakoak hiru urteko eukaliptoei begira. «Duela 22 urte metro kubiko bategatik 22.000 pezeta eskuratzea marka izugarria zela esaten zuen amak. Gaur egun, metro kubikoa 60 euroan saltzen duena benetako txapelduna da!».

Pinuak bota ostean, lurrak Lurgaia Fundazioari salduko dizkio, arriskuan dauden espezieak babestu eta berreskuratzeko planak martxan jartzeko: «Lursailari erabilera onena ematea espero dut», adierazi digu Ricardok.

Zarate anaiak: trantsizioa. Familia herentziak lursail ertaina utzi die Jesus Javier eta Aitor Zarate anaiei. Zamudioko Uxina baserriko anaiek lursaila dute Txorierri haranean. Duela 200 urte inguru bertako espezieak ikus zitezkeen baserri ondoan, baina aitita-amamak, errentagarritasunaren bila, pinudia ezartzea erabaki zuten. 30-35 urte bete zituztenean, eta baserritar asko egiten ari diren bezala, pinuak moztu eta eukaliptoa landatzea erabaki zuten, lursailari ahalik eta etekin handiena ateratzeko: «Pinuaren bizitza 30 urtekoa da eta eukaliptoarena, ostera, 15ekoa».

Lakuako Gobernuaren 2016ko datuen arabera, 16.500 eukalipto hektarea zeuden Bizkaian, eta joera goranzkoa da. Pinuekin bezala, eukaliptoarekin kontuan hartu beharreko lanen artean sastraka kentzea eta entresaka egitea daude. Aitorren ustez, eukaliptoaren abantaila nagusia hau da: «Behin mozketa egiten delarik, berriro hazi egiten da, zuhaitza berriro landatu gabe. Pinuaren kasuan arbola berriro landatu behar da».

Onddoen epidemiari irtenbide eraginkorra proposatzeko orduan duda-mudatan dago zamudiotarra: «Ez diot inolako irtenbiderik topatzen. Zuhaitz gaixotuak ertainak edo tamaina dezentekoak izanez gero, azkar moztuko nituzke, egurra sikatu baino lehen ahalik eta errentagarritasun handiena lortzeko». 90eko hamarkadan sute larriak egon ziren Txorierrin, eta hektarea ugari kiskali ziren: «Aitzakia ezin hobea izan zuten egurketari ugarik diru gutxiren truke egurra erosteko, zuhaitzak egoera txarrean zeudela argudiatuz, baina egiaz kiskalitako zatia enborraren azala baino ez zen», azaldu du Aitorrek. «Onddoen alarma sozialarekin antzeko ezer gerta daiteke, eskaintza altua denean produktuaren prezioak beherakada gogorra izaten duelako».

Lursaileko zuhaitz gehienak eukaliptoak izan arren, Zarate anaiek pinu batzuk moztu gabe utzi dituzte euren lursailaren alde batean: «Egoera zelan garatzen den aztertu beharra dago. Nire ustez, ez dago dena galduta: pinudiak gaixotuta daude eta horietako asko moztu behar izango dira, baina negua heltzean tenperatura aldatuko da eta agian horrek eragina izango du onddoetan».

Itxaropena basogintzan. Jose Antonio Lekuek proiektu berria jarri du martxan Larrabetzun (Bizkaia). Goikolexea auzoko partzelan Pinus radiaten saila zeukan duela gutxi arte, eta monolaborantza alde batera uztea erabaki zuen: «Ikuspegi ekologikotik ez nentorren bat monolaborantzaren ereduarekin: arraseko mozketa, ustiapen masiboa... eta alternatiba baten bila nenbilen», azaldu du larrabetzuarrak. Hori dela eta, naturarekin bat egiten duen basogintza lantzen hasi zen bere baso-ereduan. Baserritar ekologikoak landutako basogintza sistema ez da espezie aloktonoen ustiapen masiboan oinarritzen; bertako espezieak landatzen ditu ekosistema naturalen ereduari jarraituz.

Horrela, monolaborantzaren ereduak hainbat aldaketa ekarriko dituela adierazi du Lekuek: «Paisaia aldatuko dela entzuna daukat, baina horrekin batera aldaketa ekologikoak, ekonomikoak eta kulturalak egongo dira». Lekueren baso-ereduak hektarea bi dauzka, eta auzotarren eukalipto zein Pinus radiata gaixoez inguratutako partzela barruan aldez aurretik haritzak, hurritzak eta urkiak bazeuden, horiei gereziondoak, lizarrak, ezkiak eta astigarrak gehitu dizkio larrabetzuarrak. «Gaixotasunak bizitzaren parte dira: izakiok gaixotzen gara, baita zuhaitzak ere. Monolaborantzaren kasuan, gaixotasun horiek izatea errazten dute», azaldu du Larrabetzuko baserritarrak.

Keko Alonsoren ustetan, hemendik hiru urtera ez da espezie honetako pinurik zutik geratuko Euskal Herrian. Aitor Zarateren arabera, ostera, neguko tenperatura aldaketak nolabaiteko irtenbide naturala ekarriko dio onddoen izurriteari. Jose Antoniok eraldaketa bat aurreikusten du: “Naturatik hurbileko basogintza” ereduaren bidez gure lurraldeko jatorrizko espezie ezberdinez osatutako baso indartsuak berreskuratuko dira.

 


Irtenbide desberdinak arakatzen. Basoei errentagarritasuna ematea askoren nahia da. Kolore Guztietako Basoak plataformaren ustez, basoetan hainbat modu erdiets daiteke: «Katalunian Baso Terapeutikoak daude. Bertan Baso Bainuak deritzotenetan parte har daiteke: basoan ortozik ibiliz…», aipatu du Alonsok. «Beste alternatiba bat Aisialdi Parkeak sortzea da. Gaur egun gero eta ohikoagoa da basoetan abentura parkeak, paintball jokoak edota Alemanian bezala Baso Hilerriak ikustea», azaldu du biologoak, «baina horrek ez du esan nahi egurraren merkatuari amaiera eman behar zaionik; “Naturatik hurbileko basogintza”-ren bidez Euskal Herriko zuhaitz espezieen egurra lor daiteke, ekosistema naturalen ereduei jarraituz beti ere: basoko atmosfera mantenduz, zuhaitz guztiak kolpe batean ez moztuz…».

Horrela, kalitate handiko basoak ikusiko ditugu gure lurraldean: «Kalitatezko egurra produzitzea lehen dibisioan jokatzea da. Bizkaian, lursailen %25 publikoak dira, eta gainerako %75, pribatuak. Bada, “Naturatik hurbileko basogintza” martxan jarri nahi duten partikularrek ez dute eskubiderik inolako diru laguntzarik jasotzeko, eta basogintza errealitatea aldatu nahi badugu, pilota administrazioaren teilatuan dago», nabarmendu du.