GALDER PEREZ
IRITZIA

Bibotedun narrastien konspirazioa

Konspirazioek oso erakargarria suertatzen zaidan zerbait dute. Egiaren, gezurraren eta fabularen arteko jolasa dira. Sorreratik oso landutakoak dira batzuk eta beste batzuk, berriz, ahoz ahokoarekin hazten doaz. Zenbait konspirazio beldurrak sortutakoak dira, ezjakintasunak, eta honen ondoriozko izugarrizko paranoiak. Beste batzuk, berriz, kontrakoa dira, ondo pentsatutakoak, neurtuak, botere jakin baten alde menpekoentzat beldurra, sumisioa eta obedientzia eragiteko prestatutakoak.

Lurra, gure planeta, laua delako teoria gero eta hedatuago dago, hipotesi honi etengabe batzen ari zaizkio jarraitzaileak. Narrastiek atsegin dute arrastaka ibiltzea. Buruz behera erortzeko beldurra dute, grabitatean pentsatu gabe. Beste konspirazio xelebre bat ere badago bogan: Europar Batasuna pertsonaz mozorrotutako narrastiek kontrolatzen dutela. Ume ginen garaietako “V” seriearen hondarrak, antza denez. Konspirazio hauek doktrina eta erlijioen itxura dutelako suertatuko zaizkigu hain komiko eta barregarri. Badute ere errealitatetik ihes egiteko beharra, dagoenarekin identifikatu ez, eta beste zerbaiten bila abiatzeko urgentzia. Horretarako, egia esan, hobe espazio-ontzia hartu Lurretik urrun joateko. Aukerarik zientifikoena dirudi behintzat.

Gure planeta borobil honetan bestelako konspirazioak ere badira. Alemanian, Merkelen gaineko konspirazio oso dibertigarria dago hedatuta. Kontu honek dio Hitlerren izoztutako espermatik jaio zela Angela txikia, Alemania eta Europa gobernatzeko jaioa. Bibotedun naziaren espermatozoideak narrasti indartsu sentituko ziren. Barre egiteko fabula. Baina beste narrasti batzuekin pentsatzen hasteak, ordea, irribarrea ezabatzen digu. Aznar, Espainiako presidente ohia, konspiratzen entzutea benetan (barre eta) ikaratzeko modukoa da. Hego Euskal Herria bahituta duen herrialdea azken berrogei urteetako momenturik okerrenean dagoela dio, sistema politikoak inoiz bizi izan duen krisialdi potoloena pairatzen ari dela baieztatuz. Konspirazioaren azpilana baino, Joseph Goebbelsek Alemania nazian egin zuen moduko propaganda dirudi, iritzi publiko handi bati bidea prestatzen ari zaiona. Aznarrek berriz ere Espainiako presidente izan nahi duela esatea dagoeneko ez da konspirazioa, izan bibotearekin ala biboterik gabe.

Gure kaleetan narrasti ikusezinak asko dira eta gutaz dena dakite. Ez gara justiziaz, polizia etxeez eta halakoez berba egiten hasiko, paranoia edo konspirazioak baino, frogatutako tragediak baino ez baitira. Barre egiten genuen, telefonoak itzalita genituen bitartean entzuten gintuztela esanez, baina horrela dela konturatu ginen. Hari horri jarraituz, Google gure lehendakari eta alkate bilakatu da, eta polizia eta epaile, dena aldi berean. Guggenheimek sinatu zuen Google Arts & Culture deritzan akordioa. Bilbok ere sinatu zuen Guggenheimekin kondena eta, bestela, ikusi urteek erakutsi duten beste guztia. Googlek orain gure udaletxeekin, gure lantoki eta maite ditugun tabernekin sinatuko du kontratua. Narrastiek bezala arrastaka ekarri ditugun konspirazioen beldur guztiak, bibotearekin ala biboterik gabe, egiak ala gezurrak diren egunek erakutsiko digute.