MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Otto Pette

Anjel Lertxundi • Alberdania, 2018 • 396 orri • 21 euro

Jon Kortazarrek “Euskal Literaturaren Hiztegian” esaten duen bezala, Anjel Lertxundik “Otto Pette” lanarekin «esperimentatzeko bidea jorratzen segitu zuen, eta bide horretan, ondoren jorratuko duen bide baten aitzindari bilakatu da». Mende laurdena joan da idazle zarauztarrak eleberri hau argitaratu zuenetik; eta orain, euskal letretara berrikuntza ekarri zuen obraren edizio eguneratua argitaratu du Alberdania argitaletxeak. Zazpi ataletan banaturik, Erdi Aroan kokatutako istorioa kontatzen du eleberriak, nobela historikoa ez bada ere: Otto Pette pertsonaia nagusia jauregi batean bizi da bakarrik. Egun batean, arrotz baten bisita jasoko du. Ezegonkortasuna ekarriko du atzerritarrak Otto Petteren bizitzara, bere etxean arrotz sentitzera eramateraino. Hizkera, egitura, giroa, gogoeta maila, intriga... Mugarriz betea dagoen eleberria da “Otto Pette”, idazmolde berri bat ekarri zuena.

 

Egunaren hondarrak •

Kazuo Ishiguro • Elkar, 2018 • 288 orri. 22 euro • Kazuo Ishiguro iazko Literatur Nobel saridunak 1989an argitaratu zuen estreinakoz “Egunaren hondarrak”; bere hirugarren eleberria izan zen eta Booker saria eta mundu osoaren ahobatezko onespena lortu zituen. 1950eko hamarkadan kokatuta dago eta bere protagonista nagusia Stevens izeneko maiordomo bat da: perfektua, itzal bat bezain isil eta diskretua, beti jaunaren esanetara, egoerarik larrienean ere lasai eta eraginkor. Aspaldi luzean ez bezala egun libre batzuk dituela eta, lankide izandako Kenton andereñoari bisita egitea erabakiko du, eta bere bizitzari errepasoa egiteko baliatuko du sei egunetako bidaia: oroitzapenak iraganera joaten zaizkio etengabe, bi mundu gerren arteko garaira, hain zuzen ere.

 

Inor ez delako profeta bere mendean •

Asier Amezaga • Erein, 2018 • 216 orri. 15 euro • «Inor ez da / profeta / bere mendean» utzi zuen idatzia Gabriel Arestik, eta poema labur huraxe baliatu du Asier Amezaga soziologoak Bilboko Udalaren Unamuno Saiakera Saria irabazita idatzi ahal izan duen lana osatzeko. Idazle eta poeta bilbotarraren irudira eta obrara begirada garaikidetik hurreratzen den saiakera da. Zehazki, bere poemen bidez Arestik gaur egun duen proiekzioa dago lanaren oinarrian, «madarikatua, espainolista eta komunista izatetik totemiko bilakatzera» nola iritsi den agertzeko. Horretarako, poeta bilbotarrak eta bere obrak egun espazio publikoan betetzen duten lekua hartu du Amezagak ikerketaren abiaburutzat.

 

Mari-mutil handi baten bluesa •

Leslie Feinberg • Katakrak, 2018 • 472 orri. 20 euro • Jess Golberg fikziozko pertsonaiaren bizitza da eleberri honetan deskubrituko duguna. 40-50eko urteetan New Yorkeko estatuan hazia; umetatik behin eta berriz entzun behar izan du neska ala mutila ote den, eta galdera horri erantzun beharrak ardazten du istorioa. Hain zuzen, genero identitatearen bilatze bat da kontaketa, sexu eta genero sistema binarioak kolokan jarri eta gorputzaren mugak moldatu nahia. Mari-mutila izateko modu anitz badirela ikasiko du Jessek, ez larritasun, bortizkeria eta samin gutxirekin. LGTB mugimenduaren memoria historikoa da eleberri hau. Bertan, 60 eta 70 hamarkadetako LGTB mugimenduaren giroa islatzen du, kolektibo honen aurkako erasoak azaleratuz.

 

Bizitzea ez al da oso arriskutsua? •

Joseba Sarrionandia • Pamiela, 2018 • 184 orri. 15 euro • «Bizitzea ez al da oso arriskutsua?». Esaldi horrekin hasi eta bukatzen du Joseba Sarrionandiak bere eguneroko hau. Testu laburrez eraikia, kartzelan idatzitako “Ni ez naiz hemengoa” gogoangarri haren moduan, egilea Kubatik ari zaigu orain. «Habanako gauak lasaiak izaten dira, auzokoren batek errime uzten du musika, katuek marruma egiten dute teilatuetan, tximista lehor batzuk ikusten dira hodeiertzean. Gaukaria berez bezala hasi zen osatzen halabeharrezko edo ustekabeko gaiekin: eguneroko bizimoduko momentuak, telebistako albisteak...».