GALDER PEREZ
IRITZIA

Tximiniatik behera, kea

Olentzero etxeko leihotik sartzen omen da denak lotan gauden bitartean. Ipuinetan kontatu izan digutenaren arabera, tximiniatik behera egiten du, nondik eta kea ateratzeko lekutik sartzen baita. Flipatuko du ikazkinak, orduan. Ikatzezko berogailuak desagertzen ari diren honetan gas sistemaren barrenean sartzera behartzen duten gure Olentzero. Horra, horra, horra paradoxa!

Dena dela, gauez gure kaleetan zehar lasai asko dabil Olentzero. Izan ere, garai batean behar zituen kandelak gaur egun ez dira ezinbestekoak. Alkateek argi pila bat jarri dizkiote, hiriko zuhaitz eta bestelakoetan. Lehian bezala dabiltza gure hirietako alkateak, zeinek argi gehiago jarri, nork kolore gehiago eduki eta non atrakziorik erakargarriena egon. Ezta hauteskundeak karrikaren bueltan balira ere! A, baietz, badirela, egia, kasualitatea. Badakigu zer eskatuko dioten alkategaiek, beraz: botoak beharrean, aulkia, berriz ere ipurdi eroso jasaten duen aulkia.

Olentzero, bitartean, hauteskunde sistema zer den ongi ulertu barik, badator gure etxeetara sartzeko zulo berrien bila. Tximinien kontuarekin flipatzeko gutxi, eta hara orain zerekin egin behar duen topo gure kaleetan barna. Hormei begiratzea gustatzen zaio Olentzerori. Beti izan du gure paretetako pintadak irakurtzea gogoko. “Etxera, etxera”, Gabonei buruzkoa zela pentsatzen du, ez presoengatik. Oraingoak, berriz, bere bihotza kolpatu du. “Etorkin gehiegi” jartzen du irakurtzen dituen hormetan. Euskaraz, noski, Olentzerok besterik ez baitaki. Kasu honetan zeri buruz ari diren ez daukagu argiegi. Izan ere, bera ere gure karriketan etorkin sentitzen da. Ongi ulertzen ez duen poesia dela pentsatzea nahiago, eta aurrera doa hormei kasu handiegirik egin gabe.

Eta zein ondo doan gure kaleetan paseoan Olentzero. Izan ere, dena asfaltatu eta margotu berri dago. Ezta hauteskundeak hortxe bueltan balira ere! Badirela, egia.

Bat-batean Olentzero bidean geldi geratu da. Hainbeste argi, bide berri, atrakzio eta mila zio direla eta, merezi dutela pentsatu du. Mendira buelta egingo du eta ekarriko die alkateei zakuan oparia. Botoz beteko du Olentzerok zakua. Eta joan nahi du mendira bueltan agintarientzat opari bila. Berandu dabil, presaka. Hartuko du taxia. Hara, ez dauka ordaintzeko dirurik, pentsioduna baita. Hartuko du autobusa orduan. Hara, baina ez dago autobusik, gidariak greban dira lan baldintza duin eske. Hartuko du metroa orduan. Hara, hara, ez dago metrorik, alkateak gauez kaleak argientzako hutsik eta hiritarrak etxean telebista ikusten nahi gaitu. Berdin da, nola edo hala, lortuko du botoak oparitzea. Eta tximiniatik behera egingo du botoz beterik. Hori baita tximiniatik gora eta behera dabilena, kea, besterik ez.