Nor nori noiz arte?
Irudika nezake haurrak gerora nork zaindu izateko edukitzen dituen jendearen existentzia. Kontzienteki kasu batzuetan eta oharkabean besteetan, maletatxoarekin munduratzen diren haurren gurasoak. Haur mugituak mimoz hezten dituztenak gerora heldu mugatuak izan daitezen, kexatu gabe. Ez ditut deabru bihozgabeen itxurarekin irudikatzen guraso hauek, gehiago irudikatzen ditut haur beldurtu bezala, haur beldurtu zaharrak izan eta nori begietara begiratuz irribarre egin edo nork janaria epeldu ez izatearen beldur diren umeen aurpegia jartzen diet.
Beldurra mugatzailea eta mugagabea izateaz gain, arrazoizkoa da normalean. Zaintza gutxietsita dagoela eta emakumeen bizkarreko zerbikal bat gehiago balitz bezala ikusten dela esaten baldin badut ez naiz ezer harrigarriki berririk esaten ari, baina horri adinkeria gehitzen baldin badiogu, jendarte honen bizkarrezurrera iritsiko gara agian. Baldintza duinetan bizitzeko pentsioak eskatzen dituztenetariko askok direnak eta bi egin beharko baitituzte ekimenen bat duten bakoitzean alaba-semeei euren alaba-semeak zaintzeko beste nolabait aurki dezatela esateko. Ahal bada, gaizki sentitu gabe.
Umeei umeei bezala hitz egin behar ote zaien eztabaidagai dagoen honetan eztabaidagaiago egon behar luke adinekoei umeei bezala hitz egin behar ote zaien. Euren autonomia hobetzeko eta jendartearekin duten lotura ez galtzeko baliabideekin berdin liteke harremanaren inklinazioa.
Esan beharrik ez da baina badaezpada esan nezake, hau ez dela belaunaldien arteko gatazka baten bazka. Jendearen ehuneko handi batek lan baldintzengatik ez du denborarik bere haurrak (edo gertukoak) zaintzeko eta gurasogintzan dabiltzan pertsona hauek ere nekez lortzen dute euren gurasoak nahi bezala zaintzea. Etengabeko ezin iritsi horretan, harreman asko hondatu egiten dira eta beste harreman asko bertikaltasun erabatekoan fosilizatzen dira. Nork zor dion nori zer noiztik eta nola itzul diezaiokeen eta nola eska ote litekeen ezezkoa onartzeko prest egon gabe eta aldi berean ezezkoa onartzeko jarrera performatu nahian; malabar jolas horretan tarteka pilotaren bat jausten da baina jausiko dira denak batera, egunen batean. Pilotek pisua hartzen baitute denborarekin, eta gora eta gora eta urrun-urrun bota arren, beti itzultzen dira.
Esan beharrik ez den arren berriz esango dut hau ez dela belaunaldi arteko gatazka bat ez eta pertsona on eta txarren arteko galga konparaketa bat ere. Egitura da arazoa eta egitura arazoa den guztietan bezala, egitura gezurduraz mozorrotzen da eta ez du herren egiten erdi-erdian, zutabean; ertzetan baizik, eta ertzetakoen artean.
Gatazka eta interesgunea nola zaindu da, nola demokratizatu bizitza eta biziraupena denentzat jasangarria den modu batean, nola inbertitu horretan eta batera, jendarte gisa, zaintza bikaina (ustez) jasotzeko era bakarra bizitza osoan patrika neurrigabe zaintzea izan gabe.
Zaintza erpin, ertz eta bihurgune askoko gaia izanagatik funtsean hori baita, egitura bat, gorputzean zainak nola, jendartean errotzen dena. Zaintza aldatzeko lehendik odoltza aldatzen hasi behar genuke; zauriak odola nondik kanporatzen duen (bakarrik) begiratu beharrean.