JOKIN URAIN
IRITZIA

Paisaiak

Azken hirurogei bat urtean hedatzen eta behin eta berriz berritzen aritu da pinudien paisaia, Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere. Hainbat herri-sail eta baserrietako mendiak, zelai eta soro onenak ere pinu sartu izan dira, eta nekazaritzaren beherakadarekin batera egin dute gora pinudi sailek eta berde-ilundu dira mendien koloreak. Askok eta askotan pinuaren aurkako jarrera azaldu arren, esan behar da lur sailak zituzten eta dituzten askorentzat laguntza ekonomiko handia izan dela.

Pinudien eta pinuen ibilbideari, mendiz mendi, haranez haran jarraitu izan dio prozesionaria gaitzak, baina ez du horrek asko kikildu gure inguruetako paisaia berde-ilun hori. Azken urteetan, baina, beste gaitz mota batek eraso die, prozesionaria baino okerragoak dirudienez, eta pinudiak gorritzen hasi dira. Aurtengoa, gainera, errematea izan dela dirudi, hainbat ingurutan erabat gorritu baititu basoak, paisaia erabat eta denbora gutxian oso aldatuko dela emateraino.

Eukaliptoak hasiak daude, ordea, aspalditxotik pinuak ordezkatzen; indartsu datoz nonbait eta ugaltzen ari direla ikus daiteke bai Gipuzkoan eta batez ere Bizkaiko hainbat menditan, zuhaitz horren aldeko eta aurkako iritzien oihartzunarekin batera.

Ez zait ezinbestekoa iruditzen belaunaldiz belaunaldi baso berberak eta espezie bereko zuhaitzak mantentzea. Agian dramatizatu gabe onartu behar genuke pinudien aroaren gainbehera eta beharbada amaiera, eta horren ordezko eukaliptoen hedapena. Gurean oraindik berri samarra den zuhaitz mota horrekin baso berriak egiteaz batera saia gaitezke fauna ere berritzen, eta Australiatik ekarrita gure mendietara bidali genitzake eukalipto hostoak soilik janaz bizi diren koalak.

Animalia bereziak iruditzen zaizkit koalak, peluxezko maitagarriak, eta hain fuerte besarkatzen dute elkar, gainera! Nola ez maitatu! Ez da gure faunan elkar horrela besarkatzen dakien animaliarik, bi hankakoren batzuk izan ezik.

Zer diozu zuk, Igor? Ez al litzateke polita, mendizaletasunari beste gehigarri bat emateko, eta eukalipto basoak erakargarriago izan daitezen ere, eta besarkada faltan ere izaten garelako, ibilaldi gozoan zoazela bi koala peluxe ikustea hor eukalipto adar batean elkar estu-estu besarkatuta, beste bi hango enborrari helduta elkarren epelaren bila, beste bi –edo hiru nahiago baduzu– harago, beste adar baten gainean lotan bezala, beren baitan batuta?