Detaileak
Detaileak garrantzitsuak dira. Baina detaileetan bakarrik geratzea arriskutsua da. Krimen bat oso gertutik bizi izan duenak, hilketa hori gertatu den tokia eta inplikatutako pertsonak ondo ezagutzen dituenak, ez du toki hori besterik ikusten eta usaintzen denbora luzean. Edonon eta edonoiz, berdin da begiak irekita edo itxita izan, behin eta berriz sentituko du toki triste hartan dagoela, arnasa hartu ezinda.
Nik ez nuen Laura ezagutzen. Baina bere hilketak gogor astindu nau. Eta berdin gertatu zait eraildako beste emakume askorekin. Halakoetan amorruak eta beldurrak lepoa estutzen digu emakume sortu ginenoi, oso ondo dakigulako gu izan gintezkeela. Eta oso garbi dakigulako zergatik: emakume izateagatik.
Baina une batean estutasun hori kontrolaezina izan da, obsesiboa. Une batean haren etxea ezaguna egin zait, korrika egiteko bere zapatilen kolorea imajinatu dut, indarrez kendu zizkioten galtzak ikusi ditut, bere defendatzeko grina sumatu dut... Kito. Nahikoa da. Zenbait telebista itzali egin ditut, egunkari batzuk ere ez ditut gehiago irakurri. Kaka esplikatzen eman dituzte egunak eta egunak, morboaren izenean, detaile ilunenak kontatzen, egonezina elikatzen, beldurra puzten... Baina, zertarako? Zein helbururekin?
Lehendabizi, biktimaren bizitzaren detaile guztiak kontatzen dituzte, minean hatza sartu, barru-barruraino, biktima birbiktimizatu, tristura jasanezina bihurtzeraino. Gero, hiltzailea zer nolako munstroa den deskribatzen ematen dituzte orduak eta orduak. Eta denok gure baitan daukagun berri-lapiko horri bazka ematen diote, arraindegian edo ile-apaindegian zer hitz egina izan dezan.
Joera hori ematen duena baino arriskutsuagoa da. Detaileei begira gauden bitartean, erraietako sentimenduak astintzen dizkiguten bitartean, begirada lausotzen zaigu eta ez dugu ikusten benetan gertatu dena. Iruditu dakiguke munstro batek egin duen astakeria bat dela, emakume gazte batek izan duen zorte txarra, kasualitatezko gertaera batzuen ondorio tristea...
Despistatu egin gaitezke eta akaso ez gara konturatuko gizonezko bat emakume batekin gutiziatu egin dela eta, harekin nahi duena egin duela, bortizkeria latzena erabiliz, ehizara abiatzen den ehiztariak nola. Bere behar oinarrizkoenak ase dituela parean bizi zen neskato gazte horrekin, objektu bat balitz bezala. Agian, ez gara konturatuko hiltzaile hori krudela, nabarmena eta traketsa izanagatik, ez dela auskalo zein planeta urrunetik etorritako munstro bakan bat, sistema batek sortutako erasotzaile bat baizik.
Ez dut hilketaren tokia ikusi eta usaindu nahi. Beharrezko distantziatik, zergatik gertatu den jakin nahi dut eta berriz ez gertatzeko moduak topatu.