GALDER PEREZ
IRITZIA

Hiru gamelu

Erregeak gameluaren gainean datozela kontatzen digutenean, barregura etortzen zait. Ezin ekidin. Kolore anitzetako pajeak inguruan dituztela etortzen direla irakurtzen dudan bakoitzean, ezinbestean irudikatzen dut erregeei pajak nork eta nola egiten dizkien. Eta erregeetako bat beltza dela kontatzen digutenean, halabeharrez, barrez lehertzen gara. Erregeak ez datoz gameluen gainean eta, etortzekotan, gameluei esker litzateke. Menpeko pajeak ez lirateke koloretakoak, zuri-beltzekoak baizik. A, eta errege beltzik ez dago, poliziaren batek paperik gabe etorri delako kanporatuko bailuke. Erregeen egia bakarra gameluak dira, hortaz. Ez naiz ari basamortuko animaliez, jakina, bizitza magikoa egiteko edozer lortzeko gai diren «merkatariez» baizik.

Elkarbizitza, bizitzeko eta bizitzarako ezinbesteko baldintza duinak, justizia eta hitz potolo horiek guztiak agindu zizkigutenak ez dira bizitza magikoa emateko gai izan. Gameluek ekarri beharko digute gobernuek ezin eman ziguten hori guztia, bada. Gameluek emango digute merezi dugun duintasuna, karta magna batean bezala, baina legez kanpo eta kale kantoi ilun batean. Eta dirua dutenei soilik, berriz ere. Eta horrela bizitzen gara: hasi berri dugun urte honetan, dealer bati ezer eskatzekotan, zer eta pentsiodunentzat duintasuna, erabakitzeko eskubidea, gure herrietan eta auzoetan bizitzeko aukera, etxea, jana, mozkorra eta ajea, oparia eta oparia erosteko dirua, magia zuria eta magia beltza.

Azkenean, gure beharrik txikiena, behin geureganatuta, guztiz magiko bihurtzen baita. Egunotan hipopotamo itxurako tragabolas batek bezain erraz jaten diren beharrak dira gureak, jolas lauso batek irensteko modukoak. Horregatik, ezinbesteko ditugun gutxieneko guztiak gorbatadunen bileretatik kanpo lortuko ditugu, trapitxeoan. Eta berriz ere, zoriontsu izango gara, edozein herriko kaletan, gu eta gure bufanda txuriak. Beltz bilakatuko zaizkigun bufandak, zoriontasunetik negarrera joango baikara bihar berriz ere. Ohartuko gara gamelu magikoak gorbatadunek erosi dituztela, eta akabo ipuin magikoa. Baina bihar esnatzen garenean, gogoratuko dugu hiru zirela erregeak. Eta hara zenbat aurreratu duen jendarteak, dagoeneko zuri bati ez zaiolako beltzen aurpegia margotzen. Gu bai gu, aurrerakoiak.

Gameluekin sinesten jarraituko dugu orduan, lasai. Eta inoiz izan ez ginen erreginekin amets egingo dugu berriz ere; takoidun erreginak, naski! Eta karmin koloreko ezpain-margoarekin gure azala margo dezagun berriz ere, ezkutuan, ispiluaren aurrean, baina iluntasunean. Gamelu batek gau ilun batean ekarri zigun karmin koloreko ezpain-margoa gordeta daramagu oraindik. Ipurtzuloan gordeta ala gameluaren konkorrean gordeta: poltsikoa ez ezik, kolorea gordetzeko aukerak anitzak bezain magikoak dira.