Nahiak
Joan dira Gabonak, Gabon zaharrak eta gainerakoak; ongi edo ez hain ongi, baina joan dira, hurrengoak arte. Jai modu hauen inguruko giroa, ospatzeko edo igarotzeko moduak... aldatu dira ederki azken berrogeita hamabost urtean, eta beste hainbeste denbora igarotzean itxurarik ere ez dute izango agian gure haurtzaroko haienik. Baina egingo nuke urte berri hasteak desio eta asmo berrien sasoi izaten jarraituko duela geroan ere.
Izango baita gero ere urte berriarekin kirola egiten hasteko, erretzeari uzteko, begano bihurtzeko edo ez dakit zertan kristorenak egiteko promesa finkatuko duenik. Ezinbestean egiten ditugu ametsak edo pizten asmoak, eta badira bizitza osoan edo gauzatu artean hortxe, temati, lapa harkaitzari bezala itsatsita irauten diguten amets eta asmoak, nahiak... Asmoa eta nahi izatea direlako edozein helburutara heltzeko abiapuntu, eta horiek gabe ez delako ezer gauzatzen.
Bonxen nengoela irakurri nuen, 1964ko urriaren 25ean ihes egin zuela Roque Dalton poetak El Salvadorko espetxe batetik. Bertsioak bertsio, «inguruan egiten ari ziren eraikuntza lanen dardarek nire ziegako horman eragin zuten ahulezia baliatuz» hanka egin zuela zioen, eta apustu egingo nuke ametsetan asmatu eta hamaika aldiz amestutako ihesa burutu zuela modu horretan.
Lugoko espetxe hartan lurrikara dezenteak izaten ziren nik ezagutu nuen urteetan, eta orain ere izango dira beharbada. Inoiz, bazkaritan geundela lurrikara sumatu eta azpilak bertan utzita denok patiora arrapaladan atera ginela gogoratu uste dut, memoriak ez banau seko izorratu edo fantasiara eraman. Arriskua zegoen, edo egon zitekeen, eroriz gero azpian harrapatzeko.
Inguruan zegoen presa edo urtegi handiren baten eraginak zirela lurrikarak esaten zuten galegoek. Niri berdintsu zitzaidan zerk eragiten zituen, baina lurrikara handiagoak amesten nituen orduan, hormak ahuldu eta hondarra bezala birrindu zitzan. Hormatzar gotorrak dituzte, ordea, espetxeek, haizete, ekaitz eta astindu guztien aurka eraikitzen baitituzte, eta lurrikara haiek ez zuten aski indar...
Amets eta asmo berrien sasoian gaude, Maria, baina desio zaharrak berritzea ere ez legoke gaizki, eta indar handiagoko lurrikarak sortzeko asmoak berrituz hasi behar dugu urtea, zuen ziegetako hormak ahuldu eta birrindu daitezen.