amagoia mujika
IRITZIA

Homo homini lupus

Homo homini lupus» –gizakia gizakiarentzat otso– ikasi genuen behinola, artean pertsona klase asko ezagutzen ez genituela. Ez zela hainbesterako izango pentsatu genuen gure xalotasun nerabean, latineko irakasle tente haren burutazio bat baino ez zela. Zer jende klase ezagutu ote zuen emakume hark horrelako baieztapen ozpinak egiteko? Gu guaiak ginen eta gure lagunak guaiak ziren eta ez genekien Coca Cola lata bat baino gehiago ote zen bizitza.

Azkar hasi ginen konturatzen pertsona zela pertsonari min gehien egin diezaiokeena –baita gehien lagun diezaiokeena ere–. Azalez eta ohituraz desberdina zenak lan gehixeago egin behar zuen taldean onartua izateko; gehiengoaren modura maite ez zuenak armairuan gorde behar zuen; maitasun rol tradizionalean, oso garbi zegoen nork sufritzen zuen eta nork –sufrimendua eragin eta gero– kontsolatzen zuen neska negartia... Artaldean sartu ginenean-gintuztenean ikasi genuen otsoa ez zela gure arriskurik handiena. Kontuz inguruko ardiekin. Eskerrak, hala ere, ardi beltzei eta artaldetik ihes egiten dutenei. Haiei begira eta segika deskubritu genuen bazirela beste bide batzuk, sastraka eta sasi artean ezkutatuak, belaze libreagoetara zeramatenak.

Matxismoa, arrazismoa, xenofobia, homofobia... hitz potoloak dira baina, muinean, pertsonak pertsonari egindako mina dute. «Homo homini lupus». Eta pertsonak pertsonari zenbat min egiten dion ezin da kalkulatu.

Berak sufritzen duena “etxeko indarkeria” delakoan egunero ubelduak disimulatu eta hanka pisutsuekin dabilen emakumearen mina, etxeko trapu zikinak etxean garbitu behar direla tatuatu baitiote odolez azalean. Bizitzeko proiektu hobe batekin amestu eta inongoa ez izatearen amesgaiztoan harrapatuta dagoenaren ezina. Bere maitatzeko moduari eutsi eta ezkutatu behar duen nerabearen larria, beti bere buruarekin haserre, besteengandik “desberdina” izatea erabaki duelako...

VOXekoak sumatzen ditudanean, halako grinaz, matxismoaren gezurrak zabaltzen, migratzaileen kontrako gorrotoa ereiten, norberak nahi duen moduan eta nahi duena maitatzeko duen aukera ebakitzen... amorratu eta kezkatu egiten naiz. Amorratu, ezin dugulako jarraitu pertsonak pertsonari mina egiten dion jendarte bat eraikitzen. Sufrimendu gehiegi pilatu da, alfer-alferrik.

Eta kezka, itxuraz denak matxismoaren, arrazismoaren, xenofobiaren eta homofobiaren kontra egonagatik, oraindik aje horien seinaleak nabarmenak eta biziak direlako egunerokoan. Brasa ez da erabat itzali eta txispa bat nahikoa izaten da sua bizitzeko.