Miren Burgoa
NORVEGIAKO FIORDOetako Urak

Orkak, babesleku lasai eta oparoan

Madarikazio baten antzera, erantsita daramate asasino izaera, kalifikatibo hori betidanik agertu baita orka izenari lotuta. Ezpalartak, «balea hiltzailea» izenarekin ere ezagutzen denak, ez du izan inoiz «Moby Dick»-en erreferentzialtasuna, nahiz eta azken ikerketen arabera, animalia hauek sentiberak eta baketsuak diren. Sasoi honetan, Norvegiako fiordoetan aurkitzen dute babeslekua, sardinzarrek eskaintzen dieten bankete oparoa era bitxian dastatuz.

Itsasoa eta itsasoko izakiak ezagutzeko beharra eta jakin-mina denboraren tunelean galtzen den konstantea da gizakiarentzat. Izaki horien artean, zetazeoek lilura eta aldi berean beldurra sortu izan dute beti, eta, hauen artean, gorputz beltz eta aerodinamikoa orban zuri bereziekin apaindua duenari, orkari alegia, ospe ezin txarragoak lagundu izan dio beti.

Zientzialarien kalkuluen arabera, 1.500 orka inguru bizi omen dira sasoialdi honetan Norvegiako fiordoetan. Haraino bidaiatzen dute sardinzarrez (clupea harengus, ez nahastu sardina zaharrarekin) osatutako sardei jarraituz. Aldaketa klimatikoaren eraginez, azken hauek ohiko ibilbideak aldatzen ari dira. Itsasoaren tenperatura epelduz doan heinean, arrain mota hau gero eta gorago doa, beharrezkoa duten ur hotzagoaren bila. Eta sardinzarren atzetik, orkak jarraian. Era honetara, iparralderantz mugitzen diren migratzaile bihurtu dira bi espezieak. Azken urteotan, Norvegiako iparraldeko Reisafjorden fiordoa orka hauen neguko lorategi aparta bihurtu da. Haren janari preziatuena den sardinzarrarentzat, zero eta hiru gradu arteko tenperaturako uretan habitat ederra eratzen da errunaldirako. Mardulak, gizenak eta ugariak, aparteko bazka osatzen dute atzetik doazen orka hauen gosea asetzeko.

Ehiza estrategiak. Neurririk gabeko predatzaile gisa aurkeztu izan badizkigute ere, Norvegiako uretan orkei buruz egin diren ikerketek kontrakoa adierazten dute. Ehiza hasteko unea dantza harrigarri bat bezala deskribatzen dute ikertzaileek. Doitasunez koordinatutako mugimenduen bidez, orka taldeak milaka sardinzarren multzoa biltzera behartzen du eta arrain sarda inguratuta daukatenean, orken arteko komunikazio sistema harrigarri bat jartzen da martxan, eta dei, txistu eta txarrasken bidez bakoitzak bere tokia non dagoen adierazten du. «Operazio honetan orka bakoitzak lan zehatza du betetzeko», dio Pierre Robert de Latour naturalistak. Zientzialariak egiten duen deskribapenak Reisafjordeneko uretara hurbildutako artzain zakurrak balira bezala aritzen den talde baten irudia ekartzen du gogora: «Gainean ikusten duguna ez da ezer ur azpian gertatzen denaren aldean –gehitzen du–. Orka bakoitzak paper zehatza du. Ballet baten antzera, koordinatuta mugitu behar dira guztiak, beraien artean komunikatuz eta hurrengo mugimendua zein izango den erabakitzen duten bitartean».

Milaka sardinzar egonda ere, ez da batere erraza arrain hauek harrapatzea; oso azkarrak izateaz gain sarda defentsiboak osatzeko estrategia dutelako eta nekez hautsi daitezkeen harresiak eraikitzen dituztelako sardaren ertz guztietan. Txandaka egindako urperaketen bidez, orken lana sardinzarrak goialdean mantentzea da, eta multzo handia ur-azalean dagoenean, borobil bat egitera behartuko dituzte haien inguruan zirkuluak eginez . Urpean dabiltzan zetazeoek gorputza jiratuz sabelalde zuria erakusten diete arrainei burbuila andana sortzen duten bitartean. Hauek, izututa, gehiago konpaktatzen dira eta arrainen karruselak abiadura oso azkarra hartzen du. Dantzaren azken pausoak datoz orain: orkek emandako isats kolpeen bidez, sardinzarrak hilda edo zorabiatuta geratzen dira. Era honetara zetazeoek janaria prest dute, banaka-banaka arrainak irensteko.

Aspalditik zetorren ustea, hau da, ezpalarta (orcienus orca) animalia arriskutsu eta biolentoa zela, hankaz gora jarri dute azken urteotan egin diren ikerketa zientifikoek. Berriena aurtengo urtarrilean plazaratu da, “Journal of Comparative Psychology” aldizkarian argitaratutako azterlana. Gatibutasun egoerako hogeita hamar zetazeoren pertsonalitatea aztertu ondoren, tximino edo gizakien antzera, hauengan ere soziabilitatearen balioa antzeman dute. Faktore honekin batera, arduratsuak eta adeitsuak direla ondorioztatu eta anbibalentzia deitu dutena ere azpimarratu dute: ausartak eta era berean babesleak izatea, eta beraien arteko enpatia eta zerbitzurako instintua.

«Naturak erakusten digu aurrera egiten duten espezieak eta atzera egiten dutenak daudela. Orkak, zalantzarik gabe –dio Latour naturalistak– lehenengoetakoak dira». Eta adituen ustez, janaria lortzeko erabiltzen duten estrategia, kultura propioaren ohiz kanpoko ezaugarria da.