Jon Benito
landare intsektujaleak

Ehiza liluragarria

Izen beldurgarri samarra badute ere, landare haragijaleak izaki deigarriak dira. Izan ere, eboluzioak markatzen duen bideari jarraitu eta modu bikainean moldatu dira gainerako landareek mespretxatzen dituzten lurretara, eta horretarako, teknika finduak asmatu dituzte falta zaiena lortzeko.

Matxinsalto bat «Dioanea muscipula» landarearen hosto baten barnean.

 

Landare intsektujaleen 600 bat espezie ezagutzen dira munduan. Horietako hamahiru Iberiar Penintsulan bizi dira eta horien arteko zortzi Euskal Herrian aurki daitezke. Gehienek intsektuak, armiarmak eta krustazeo txikiak harrapatzen dituzte baina espezie tropikal handi batzuk gai dira sagutxoak eta igelak ere atzemateko.

Lurzoru heze eta pobreetan bizi dira, hala nola zohikaztegiak, iturburuak eta ezponda urtsuak. Inguru horietan ezinbesteko elikagai bat, nitrogenoa, oso urria da, urak etengabe eramaten duelako, eta elementu hori gabe landareak ezin ditu bere proteinak sintetizatu. Leku debekatuak dira, beraz, landare gehienentzat. Baina intsektujaleek estrategia bitxia asmatu dute oztopo hori gainditzeko: intsektuak harrapatzen dituzte eta digeritu ostean, haien nitrogenoa bereganatzen dute. Hori bai, klorofila dutenez, gainerako elikagaiak beraiek ekoizten dituzte fotosintesiaren bidez, landare guztiek bezala.

«Drosera filiformis espeziearen hostoak muki-ilez hornituta.

 

Erakarri, harrapatu... eta digeritu. Horrela elikatzeko urrats zehatzak bete behar dira. Lehenengoa, jakina, animalia erakartzea da, bigarrena harrapatzea eta azkena, digeritzea.

Sarracenia eta Nepenthes taldekoek, adibidez, pitxer itxurako hostoak dituzte eta horien barruan euri ura dago. Pitxerrek kolore erakargarriak edukitzeaz gain nektarra (likido gozo eta elikagarria) eskaintzen diete intsektuei baina ez polinizazioa errazteko baizik eta hurbil daitezen. Zomorroa pitxerraren ertzean pausatu eta labain egingo du barrurantz. Hostoaren barneko horma argizariz estalita dagoenez, animaliak ezingo du igo eta, ahituta, ito egingo da.

Beste batzuek, Drosera eta Pinguicula generokoek adibidez (horietako batzuk gure mendietan bizi dira) nektarraren antza duten ur tanta txikiak dituzte hostoetako iletxo batzuen puntan. Baina ez da ura, substantzia itsaskor bat baizik. Intsektua, bere hankak eta hegalak itsasgarrian busti ondoren, askatzen saiatuko da baina saiakera horretan gero eta gehiago zopatuko da hostoen mukiaz. Gainera, hostoak kiribildu egingo dira harrapakinari hobeto eusteko.

Dionaea generokoak oso ezagunak dira loregintzan eta ia azkarrenak dira ehizatzen. Hostoak haginez beteriko bi kuskuz osatua dagoela ematen du, zepo bat balitz bezalakoa. Zabalik dagoenean begi bistakoak dira iletxo sentikor batzuk. Intsektua nektar bila hurbilduko da; orduan, iletxo bakarra ukitzen badu, landareak ez du erantzungo, energia aurrezteko (baliteke ukitu duena euri tanta bat edo izatea), baina bost segundo baino lehenago bigarren iletxo bat ukitzen badu, hostoa oso azkar itxiko da, eulia edo delakoa atzituz.

«Sarracenia courtii x S. purpurea» espeziearen pitxer itxurako hostoa.

 

Elikatu eta polinizatu. Harrapaketa amaitu ondoren landare haragijaleek zuku batzuk askatuko dituzte mamorroak digeritzeko. Horren emaitza nahaste elikagarria izango da; landareak, orduan, nahastea xurgatu egingo du eta horrela lortuko ditu, nitrogeno preziatua ez ezik, beste osagai batzuk ere. Digestioak normalean egun batzuk irauten du. Amaituta, hostoak zabaldu egingo dira eta ehizarako prestatuko dira berriro.

Azken erronka loraldian dago: nola lortu intsektuak erakartzea polinizazioa egin dezaten baina harrapatuak izan gabe? Bada, loreak hostoetatik urruti dagoen txorten baten puntan jaioko dira eta horri esker saihestuko da nahigabeko harrapaketa kaltegarri hori.

Naturak beti harritzen gaitu bere sorpresekin eta, zeresanik ez, landare intsektujaleen bizimodua horren adibide dotorea da.

Artikulu honetako espezie exotikoen argazkiak Enrique Florit gazteak Erandio-Asuan duen Bite Me! Plants mintegian egin dira. Eskertu nahi diogu eskaini duen laguntza eta informazioa.

«Sarracenia frogman» espeziearen lorea fruitu bihurtuz.