GALDER PEREZ
IRITZIA

Bulegoko alfonbraren azpian

Hoteletik atera direnean erosi naute. Kartoizko kutxa baten barruan, asteak eman ditut norbaitek erosteko zain eta orain beste hemeretzi lagunekin batera askatasunera eraman naute. Batzuek gorri esan nahi badigute ere, denak gara zuriak eta ilehoriak. Lurreko armadaren itxura dugu, tente, koronelak agindu arte, ilaran, bakoitza bere lekuan zain. Horregatik, ez dut gure kontrako debekurik ulertzen, gu baino esanekoagorik... Horrenbeste emateko dugunon patua omen da gordelekuan egon behar izate hori. Une handia iristeko, ugazabak kapritxoz erabakitzen du zein exekutatu. Atzamarrak kutxan sartu eta gutako bat ateratzen du. Batzuetan atsegin du gure adats horia mahaiaren kontra kolpatzea, danborra izango bagina lez. Hortik zuzenean bere ahora joaten gara, fronteko lehen lerrora. Batzuetan goxo, besteetan zakar. Bibote azpiko ezpainen artean barna sartu, azken musua jaso eta sua! Geure buruari kea dariola, estasian kontsumituko gara, gure azken minutuak zenbatzen hasi arte.

Turistek gozatu naute gaur. Ni akabatzen gozatu dute, gozatu naute. Baina ez omen nintzen guztiz haien gogoko, erdizka utzi bainaute. Ez naute guztiz erre. Izugarri erre nau horrek! Espaloira bota ez naute, bada! Hotelean gosaria jarri dieten langileak ni baino prekaritate egoera handiagoan biziko dira. Haietako batek lurrera nola botatzen nauten ikusi du hoteleko sukaldeko leihotik. Ni erreskatatzera etortzea pentsatu du, atsedenaldian bere ezpainen artean elkarrekin goxo gozatzeko. Baina kalean, kartoizko ohean bizi denak aurrea hartu dio. A zer pagotxa ni aurkitzea! Emateko asko daukat oraindik. Bere atzamar belztuen artean, munduko altxorrik handiena bezala, plazako bankura joan gara. Hantxe berpiztu nau. Nire azken hatsa eman arte bere ezpainen artean izugarri gozatu dugu. Eta lurrera bueltatu naiz, orain bai, zigarreta-punta itxura klasikoarekin. Hobe besteak bezalakoa izan.

Handik gutxira, sekulako zarata egiten duen makinak botatako urak bultzatuta, plazatik kanporatu naute. Uholde erraldoi batean bezala, tsunamian, estoldetan behera joan naiz. Sekula imajinatuko ez nuen bidaia egin dut! Zer nordic walking, segway edo quad! Hau itzela da, kayak batean baino askoz hobea, hainbeste kakarekin batera, ortzadarraren banderak behar duen marroia osatzen dugu, hondartzara iritsi arte. Eta hara, hemen hondarretan, mila lagunekin topo egin dut. Zenbat garen, denak marroi, dena kaka! Zorionekoa ni, halaxe piztu eta aprobetxatu nautelako gaur. Izan ere, alkateak erre izan banindu, bulego dotore bateko alfonbraren azpian egongo nintzatekeen orain. Hoteleko langileak eta plazako bankuan lo egiten duenak bezalaxe, ezkutuan gordeta izango nintzatekeen, alfonbraren azpian. Hortxe, nork erre zain beharrean, nork zapalduko zain. Kartoizko kutxa esanekoak ginen. Ez genuen norberak bere burua erretzeko aukerarik. Bulego handietako alfonbren azpian gordetako kakak ere ez dauka bere buruaz beste egiteko aukerarik. Urak eramango du agian noizbait. Baina urak ez du zertan ezer garbitu. Urak bultzatzen du, urak kaka mugitzen du, ez du desagerrarazten. Bulegoetako alfonbrek eta kaleko kartoiek gero eta antz handiagoa dute, ustez ezkutuan mantentzeko diren zaborrak.