Minak
Kataluniak mina ematen digu. Akaso, gure minen antza duelako eta gure minen desberdina delako. Ezagutzen ditut egunero komunikabide espainolenak eta faxistenak gosaltzen dituzten lagunak, nahiz eta bere mundu ikuskera justu kontrakoa izan. Zergatik? Garrantzitsua omen da haiek zer esaten duten jakitea, noraino dauden haserre edo pozik neurtzea, zer egingo duten aurreikustea... Tira, ni ere ibili naiz kazetari espainolenak eta faxistenak entzuten, Kataluniako olatuak zer aje klase sortzen ote dien ikusteko. Ez zait asko kostatu ahots horiek harrapatzea, nagusi baitira bazterretan. Eta, bai, oso haserre daude Kataluniako olatuarekin eta indar handia egiten ari dira beren errelatoa saltzeko: biolentzia, biolentzia eta biolentzia.
Tamalez, ez da diskurtso arrotza. Ezagunegia eta mingarriegia zaigu bazterrotan. Disidentzia mota guztiak borraz kolpatuz isiltzeko zaletasuna dauka Estatu espainolak. Ez dirudi bestelako estrategiarik edo gaitasunik landu duenik edo landu nahi duenik. Horretarako kazetari tropel ederra dauka bere esanera, iritzia sortzeko, sua pizteko. Hain latza ez balitz, barre egingo genuke. Eta, batzuetan, egiten dugu. Adibidez sare sozialetan Katalunian jo eta su dabiltzan poliziek gazta ogitarteko triste bat jan behar izaten dutela salatzen dutenean; ogi asko eta gogorra eta gazta gutxi. Ba indarrik ez zaie falta. Edo telebistako zuzeneko batean lurrean eserita dauden bi emakume katalanek kazetariaren punta zorrotza kamusten dutenean, «gu biolentoak garela iruditzen al zaizu?». Eta, kazetariak, «ez dirudi, baina hori ez da inoiz jakiten...». Berak ere kazetaria zirudien, baina gustatzen ez zaizkion errealitateak kontatzeak azkura latza sortzen dio.
Hala ere, barregura baino larritasuna sentitzen dugu Poliziaren basakeriari begira. Eta beldurra. Polizia bero dago, jendea astintzeko gogoz eta amorruz. Hortik sumatu dezakegu zer-nolako aginduak jaso dituen.
Barrikadetako keari begira jarri nahi gaituzte, muinean dagoen arazo politikotik bista altxatu eta despistatzeko. Tamalez, badakigu zertan ari diren. Auzitegi Gorenak espainiar demokrazia akabatu duela; Espainiako Konstituzioak jasotako adierazpen askatasuna, biltzekoa, askatasun politikoa lehertu dituztela; demokrazia arazo baten aurrean gaudela... Horiek denak salatu dituzte Kataluniatik. Eta eraso eta zapalkuntza berak bere azalean sufritu dituen Euskal Herriari zauriak berritzen zaizkio, ez daudelako sendatuta. Zauriei gatza botatzea bezalakoa da. Tira, mina emanagatik, gatzak zauriak sendatzen laguntzen omen du. Zauriak mantso orbaindu ohi dira eta, bitartean, Kataluniarekin parekatuz desberdin sentitzen dugunaz hausnartu dezakegu. Hainbeste lilura sortzen digun olatua altxatzeko gai ote gara hemen?