Pre(nt)sa
Presazkoa eta garrantzitsua bereizten dituzten pertsonek hobetzen dute mundua. Horiek badakite zer den oinarrizkoa eta zer bigarren edo hirugarren lekuan jartzeko modukoa. Zer den erraietan gogoetatutakoa eta zer inertziarengandik herentzian jasoa.
Presaren jabetza pribatua praktikatzen duenik ere bada, horiek argi izaten dute zer jarri hirugarren edo laugarren lekuan; beraiek ez beste guztiak. Horiek dira lehenengo eta bigarren. Horietariko batzuek trafiko handiko guneetan autoa bigarren ilaran aparkatuz eta ongi aparkatutako autoei irteera trabatuz esaten diete kaixo munduari. Presaz jaio ziren, beste guztiok baino denbora gutxiago duten eta gutxi hori baliotsuagoa den sentipen despistatuaz. Bejondeiela horien gibelei eta animo horien gibelekoei.
Presazkoa eta garrantzizkoa bereizteaz ari naizenean, hala ere, apur bat ikuspegi zabalagoaz edo sakonagoaz ari naiz edo ari nahi nuke.
Alderdi askori kanpaina askotan entzun izan diet nazio identitateaz eta lurraldetasunaz hitz egitea ez dela herritarren lehentasuna (politikagintzaren ardatz bat lehentasunak erabakitzea ez balitz bezala, hori hasteko), ez dela presazkoa, hori baino lehenagoko kezkak badirela izan eta terminologiatan katramilatzea iraganeko kontua dela. Hori garrantzia eta presa zaku berean sartu eta zakua lehenbailehen ixteko estrategia baino ez da izan.
Grebarako aldarri egiten duten futbolariei erantzunez, zenbaitek esan dute garrantzizkoena lortzen ari den norabidea dela eta momentuz ez dagoela era jasangarrian eskatzen duten eskubide, baldintza eta soldata hazkundea lortzeko modurik. Ez da presazkoa; eskuak garbituta daude, krema hidratatzailea gerorako utziko dugu.
Presazkoa da gripearen aurkako txertoa jartzea arriskuan dauden jendarte segmentuetan, azkar, arduragabea izan gabe, baina ez da hain garrantzitsua haur, heldu zein gazte horiek gaixotzen direnean nork zaindua izatea eta etxean osatzen ari diren bitartean berogailua jartzeko moduko soldatak bermatzea.
Presazkoa da edozein lekutara presaka garaiz iristea eta aldameneko autoei psikopata begiradaz begiratzea, baina garrantzitsua zera da, presa hori presarik ez duzunean ere zeure baitan bizi dela aztertzea.
Presazkoa da Prateko aireportuan oporretatik zetozen edo oporretara zihoazen horien ustezko arrazoi sumindua, baina presa hori ez da herri baten presa demokratikoa bezain garrantzitsua, nahiz eta aldiro ematen zaien mikrofonoa euren oporretako egun bat galduko dutela haserre eta lotsarik gabe esaten dutenei. Garrantzitsua dena izan behar litzateke presazkoa, baina presazkoa bihurtu du garrantzitsu gure (ez) bizitzeko erak. Berriena, zaratatsuena eta fokatuena da garrantzitsuena; irudietan kontsumigarriena eta geure iruditegi kolektiboetan identifikagarriena dena. Zeri eman garrantzi eta zer garrahantzi, hor dago gakoa.
Garrantzitsua da ikur frankista guztiak kale eta instituzioetatik ezabatzea. Instituzioetatik kentzea bereziki garrantzitsua da, baina ez dirudi norabide horretan goazenik, eskubirantz jarraituz gero baliteke aurki Madril Mallorcaraino iristea. Oxala nahastuta banengo. Kontua da garrantzitsua zela Franco haranetik desobiratzea. Hauteskundeen aurretik izan behar zuen derrigor. Presazkoa zen. 44 urtez izan da presazkoa.