amagoia mujika
IRITZIA

Parte izan edo jabe izan

Ez naiz oso jakintsua faunan eta floran. Inguruko zuhaitzen izenak, zomorroenak, hegaztienak, landareenak... nahiko lan. Horregatik, liluratu egiten naiz inguruan duten naturaren zimurdura guztiak izenez eta izanez ezagutzen dituen jendearekin. Gure amona ere jakintsua zen berbena-belarretan. Sekula liburu batean ikusi ez zituen belarrak izenez ezagutzen zituen eta bazekien bakoitza noiz eta nola erabili. Berak zioen eskolarik gabekoa zela. Berari ez iruditu arren, oso jakintsua zen.

Hernani inguruan osatutako “Burbunak eta etsayak” dokumentala ikusita derrigor akordatu naiz gure amonarekin. Harrigarria bezain zoragarria iruditu zait bertan agertzen den jende jakintsuak nolako zorroztasunez izendatzen dituen inguruko zuhaitzak, landareak, hegaztiak eta bestelako animaliak. Belarria tente jarriz gero, badakite zein txori ari den kantuan. Ezagutzen dituzte ur-sugeak zer-nolako trikimailuak erabiltzen dituen amuarrainak harrapatzeko eta badakite zein landare den egokia heste-zizareen kontra. Haien testigantzak entzunda –gehienak adin batetik gorakoak–, garbi ikusi dut zenbat denbora eman duten inguruari begira. Haien jakintza ez dator liburu marduletatik, erreka bazterrean edo baso izkinan patxadaz begira egotetik baizik. Eta etxeko suaren ondoan ere jaso dute jakintza, beren aurrekoen esanak arretaz entzun dituztelako. Ikusi eta ikasi.

Baina bada arreta eman didan beste gauza bat. Naturaz inguratuta hazi direnak, maila batean naturatik eta naturarentzat bizi izan direnak, aparteko errespetuarekin tratatzen dute inguruan dutena. Esango nuke oso garbi daukatela natura horren parte direla, beste bizitza printza bat hain aberatsa den ekosistema horretan. Behinola gizakiak ahaztu egin omen zuen naturaren parte zela eta naturaren jabe sentitu zen, zoritxarrez. Eta horrela iritsi gara iritsi garen tokira, daukagun mundua suntsituta eta ordezko piezarik gabe.

Azken hilabeteotan klima larrialdiaren kontra kalera atera diren asko gazteak dira, oso gazteak. Etorkizunak larrituta atera dira kalera, gazteak berezkoa duen indar erakustaldian. Natura xehetasunez izendatzen duten adineko horien eta natura hirietako kaleetan pankarta baten atzean defendatzen duten horien tartean, amildegia. Pozgarria da gazteek arazoa lehen lerrora ekartzea, baina beldur naiz hori ez dela nahikoa izango. Batetik, ez dakit noraino sentitzen garen naturaren parte. Iruditzen zait hor haustura bat gertatu dela eta naturaren jabe sentitzetik gertuago gaudela jendartean. Eta, bestetik, ez dakit zerbait defendatu eta errespetatu daitekeen ez bada ondo ezagutzen. Zalantzarik gabe, gure garapen zoro honetan pauso bat atzera egin beharko genuke eta natura maite eta ezagutzen dutenei adiago entzun.