JOKIN URAIN
IRITZIA

Epaiketak

Ez dago seguru asko egunkaririk, irrati eta telebistako informatiborik, auzi, auzipetze, epaiketa edo epairen baten berria ematen ez digunik egunero. Ez da gauza berria eta ez du zergatik izanik. Gizakia elkarbizitzarako lehen arauak ezartzen hasi zenetik beste aukerarik gabeko prozesutzat-edo ditugu, nonbait, epaiketak. Hastapen haietatik gaur artean, kultura batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, ez zuen etenik izango motzean lotu nahi gaituen kate honek.

Epaiketa eta epai horien erradiografiarekin egin daiteke agian gizakiaren historiaren erradiografia polit bat. Izugarrikeria handienak ikusi ahalko genituzke erradiografia horietan, fantasian irudikatu ahal genituzkeenak baino handiagoak seguru asko. Eta hamaika epairen zuzentasuna edo injustizia urragarria atzemango genuke... Hamaika errugabek jaso duten zigorra eta jasan duten bidegabekeria azalduko litzateke, eta beste hainbat errudunek justiziari itzuri nola egin dion.

Formoso aita santua 896. urtean hil zen. Handik bederatzi hilabetera, atzera hilobitik atera, epaitegira eraman eta auzipetuen besaulkian eserita ipini, eror ez zedin sokekin lotu, eta “Gorpuaren Sinodoa” deituan epaitu zuten. Diakono bat izendatu zuten epaituaren izenean hitz egin zezan. Epaitua errudun zela ebatzi eta, kargugabetu, aita santu janzkiak kendu, bedeinkazioak egiteko erabili izan zituen hatzak moztu... eta atzerritarrentzako hilerrian lurperatu zuten. Baina berriro atera zuten handik ere, eta, urgainera atera ez zedin pisua itsatsi ondoren, Tiber ibaira jaurti zuten gorpua. Historia ez da hor amaitzen, baina nahikoa da esan nahi dudanerako.

Lehengo hilean ikusi genuen urteetako etzanaldiaren ondoren Erorien Haranetik atera eta beste zulo batera eraman dutela Franco. Lastima izan da; aukera ona baitzen, leku batetik bestera bidean, Auzitegi Nazionaletik pasarazteko, denok epaitzeari hain emana den leku horretan epai zezaten hori ere. Oinordeko utzi zuenak egin zezakeen defentsa. Berandu dela eman dezakeen arren, haren aginte aldiko kontu gehienak epaitzeko baitaude oraindik, eta atzerako ispiluan begiratzeko azken parada kendu ote diguten nago.

Auzitegi horretan nahi dutena ahazten, gogoratzen eta epaitzen onak direla badakizu, Garikoitz. Okerragoa litzateke, ordea, haiek gogoratu nahi ez dutena guk ahaztuko bagenu.