Alaia Martin
IRITZIA

Modua

Mundura pribilegiatuki sortzen garenok lo egiteko tenperatura egokiko gune bigun bat izaten dugu, magalak, elikatzeko aukera eta pardelak nork aldatua. Zaintza jasotzen dugu guraso edo tutoreen aldetik eta familiaren antzeko egitura bat zirriborratzen dugu gure inguruan denborarekin. Ez da gutxi, asko da.

Pribilegiatuki hazten garenok askotan hazten gara geure arduradunei begira eta, urte batzuetan, menpe. Haiei begira eta haien bila, haiei begira eta haien isla izaten, haiei begira eta haien maitasuna edo arreta geureganatzeko trikimailuak asmatzen eta fintzen. Familia bakoitzean ezberdin kudeatzen dira afektuak (edo afektu faltak) edo botere kuotak edo enpatia ariketak. Erruduntasuna normalean bigarren abizenetan pilatzen da. Nahiz eta, apurka bada ere, ari diren gauzak aldatzen.

Pribilegiatuok haurtzarorako eskubidea bakarrik ez, nerabezarorako eskubidea ere jasotzen dugu. Ez dugu zertan lanean hasi eta zertan inora ihes egin. Izan gintezke errebelde eta nortasuna aurkakotasunean zedarritzen saiatu, geure arduradunekiko kontrakotasunean. Talka urteotan higadura sortzen da bi aldeetan eta berriz berrikasi eta birnegoziatu behar dira maitasuna jasotzeko baldintzak eta baldintzapenak. Urruntze garaia izaten da, nolabait geuregana iristeko neofitoaren bidaiaren hasiera.

Pribilegiatuok hezteko, hezkuntzaz pentsatzeko eta desikasteko aukera izaten dugu nerabezarotik gaztarorako bidean. Hurbilketa bat asmatzeko, arduradunekiko identifikazio errealistago bat lortzeko ahalegina egiten dugu, normalean.

Molde berri bat asmatzen dugu eta dute arduradunek, guk haiekiko eta haiek gurekiko. Biridealizazio bat hasten dela esango nuke, ulermenak eta ulertzen ez duguna ere ulertzeko eta justifikatzeko onberatasunak bultzatakoa.

Jaso duguna estimatzen hasten gara, sakonago, kontzienteago, arduradunen eta inguruko familiakideen inkondizionaltasun ustezkoa txalotzen eta eskertzen.

Uste dut iristen dela beste garai bat zeinetan zenbait jarreratan edo ideiatan uste baino desadosago gaudela jabetzen garena eta urruntze bat gertatzen dena. Ez nerabezarokoa bezain leherkorra eta izotzezkoa, baina arrakala zabalagoa eragin lezakeena, oinarrian. Uste dut garai hori interesgarria dela eta arrakalak beharrezkoak direla lurrak arnas dezan eta geure eta besteen mugak bereizten ikas dezagun. Uste dut garai horretan haurtzaroko lilurarik ez dagoela, geroko ukaziorik eta ondorengo ulerberatasun errudundurik ere ez dagoela, onarpena dela geratzen dena. Tartekakoa eta apurka eraikitakoa, baina onarpena.

Maitatzeko modu berri bat, arduradunak eta senideak jasotzeko kode ezberdin bat. Perfektuak, eredugarriak edo gurekin identifikagarriak izan ala ez, maite ditzakegun pertsonen sare bat; zuloduna. Zuhaitz genealogikoa kimatzeko edo bertan hesola ipintzeko edo kentzeko aukera ematen duen maitasun modu berri bat. Urruntzeko eta gerturatzeko eskubidea bere baitan daukana, baimenik eskatu gabe. Senideak eta senkideak daudela aitortuz.