amagoia mujika
IRITZIA

Gure pailazoak

Iruñeko Udalari ez zaizkio pailazoak gustatzen. Enrique Maya alkateari ez zaizkio gure pailazoak gustatzen. Zergatik ote da? Egia esan, pentsatzen jarriz gero, bai aldrebesak Lasarte-Oriako euskararen zurrunbiloan sortutako pailazo horiek! Eta, gainera, ez dira ez aspertzen ez nekatzen. Egoskorrak.

Aberatsak omen dira, «laguna zaitudalako». Sosik gabe, patrikan giltzarik gabe, aberatsak omen. «Ilusio bat egunero, amets txoro bat gauero». Hori omen haien ondasun guztia. Maya eta antzeko gorbatadunak, berriz, «superhipergaiztoak» omen. «Gurea guretzat nahi dugu eta zurea ere guretzat. Txikitandik behar zenuke betiko ikasi».

Gero, zer okurrituko, eta familiak mila kolore omen dauzkala. «Ondo dakigu elkar maitatzen, laztantzen, gozatzen eta ez zaigu asko axola nondik gatozen». Batek bi ama dituela, besteak bi aita, Bogotatik etorritakoa ere etxekoa dela... Eta, noski, Maya seko aztoratuta.

Lagunak ere apropos aukeratzen dituzte pailazo ipurtarin hauek. Ane Pirata aurkeztu ziguten eta hark erakutsi zigun bizitzan «egunak betetzea baino garrantzitsuagoa dela abenturak bizitzea». Eta bai ausartak, minbiziari kantatzen ere atrebitu ez ziren ba. Eta, geroztik agindutakoa egiten saiatzen gara; «minutu bat goizero-goizero ditudan gauza onak kontuan hartzeko, hirurogei segunduan bizitzari mila esker».

Gero zer eta abuela Maria Luisa, Andaluziatik hizketako grazia ekarri zuena, euskaraz dantzan jarri zuten. «Herritik urrun bihotzak pena, gaztea zinen guapa morena, hartu zenuenean trena. Beti oroitu arren gure abuelita Maria Luisa Andaluzia eta olibondoen geriza, maite du trikitixa».

Pirritx Pupuz eta Lorez erditu zen. Ama bakarra da. Euskal Herriak, zerutik begiratuta, bihotz forma omen du. Eta gure eskuetan omen dago mundu bizi-bizi bat.

Ulertzekoa da Enrique Maya eta enparauak kezkatuta egotea. Gure pailazoek aldarrikatzen duten munduan, euskaratik eta euskaraz, kolore gehiegi daude, bazterretako jende gehiegi kabitzen da, txikiak ahotsa dauka eta norbera den bezalakoa izateko ariketa bultzatzen da.

Batzuek zergatik ez dituzten maite ulertu nahian hasi eta nik hainbeste zergatik maite ditudan gogoratu dut. Haur espainol asko «taza, tetera, cuchara, cucharon, plato hondo, plato llano...» abesten sumatzen ditudanean, lasaitasun moduko bat sentitzen dut, pribilegiatuaren harrokeria itsusi hori. Izan ere, euskal herritarra izatea askotan zapaldua izatearen pareko dela makilarekin ikasi dugu bazterrotan. Ba Pirritxek, Porrotxek eta Mari Mototsek, zapalduei kantatuz, pribilegiatu sentiarazten gaituzte.