GALDER PEREZ
IRITZIA

Ume zahar

Txalapartaren kolpeak hip-hoparen beat-ekin nahasten dira. Kolpeak, pausoak bezala, ttakunen erritmoan doaz aurrera. Albokak hegaldirako deia egiten du, denontzako oihua da, sozialismoa baita soluzioa. Oteizak Marteko haizearekin bat egin eta han dabil, galduta, amets zapuztuen artean. Eta horrela, orratzak min eman gabe, biniloak buelta eta buelta jarraitzen du, ilargiak, lurrak eta planetak bezalaxe jira eta bira. Alde batetik ume da eta, beste aldetik, zahar da. Umea da, gure doinu tradizionalenak aireratzen dituelako Kalifornian, eta han berriak dira. Eta zaharra, halaber, gure tradizioan berriagoak diren erritmoak zabaltzen dituelako, munduaren beste aldean tradizionalagoak direnean. Horrelakoa da “VMME SAHAR” Maisha MC Barakaldoko musikari, fisikari eta sortzaile nekaezinaren lehen bakarkako lana.

Hortxe bueltan dugu Durangoko Azoka. Zenbat sormen lan aurkeztu eta galtzen diren gure kultura txikiaren unibertso handian. Kultur kazetaritzan gabiltzan askori ihes egiten digute lan askok, arreta gehiago merezi duten obrak, ziurrenik. Baina ezin denera heldu. Begirunea denek merezi dute, jakina, baina nabarmendu gabe pasatzen diren lan askok ez dute orbitan desagertzea merezi. Izen handiak gailentzen dira, azkenean, gurean ere mainstream lanak egon badaude eta. Beharbada homogeneotasun laino batek kutsatzen du dena eta, nabarmentzeko, zer eta hain justu grisean mantendu behar da. Batzuek, ordea, nahiago dute martiztar izaera lotsarik gabe azalerarazi, musikaren bitartez eta sendo osatutako diskurtso baten bidez. Hori da Maisharen kasua, Euskal Herrian martiztar sentitzen den artista eta Martera euskaldun sentitzeko joan nahi duen rap kantari eta fisikaria. Zentzuko nor ez da hala inoiz sentitu?

Agiri ofizialetan Eneko eta artistikoki Maisha izena duen ume hiperaktibo maitagarria duela bi urte joan zen Kaliforniara, zer eta NASAn lan egitera. Besteak beste, lehenengoz emakume bat ilargira bidaliko duen misioaren lantaldeko parte da Eneko. San Frantsiskoko Oaklanden hip-hop giroan murgildu da Maisha. Donald Trumpen mezu elektronikoak jasotzen dituen langile honek urrunetik begiratzen dio bere herriari, Martetik Lurra ikusten duenak bezala. Distantzia hartzea berriz jaiotzea dela ohartzean, Enekok hilobiarekin topo egin zuen: protoeuskaraz idatzitako hilobian “VMME SAHAR” idatzita zegoen, seme nagusia omen dena. Eta hortik atera zuen Maishak disko kontzeptual futurista honetarako ideia.

Moztuko dira arbolak Gernikan eta Yosemiten eta sortuko dira oholtzak egur horiekin, Oaklandeko klub eta Euskal Herriko gaztetxeetarako. Eta dantzatuko dugu, inoiz egin ez bezala, txistuaren beat-ekin. Baina ez Ansorena edota besteren baten biriketatik datozen txistu doinuak, Kaliforniakoak baizik. Zahartzen goazen bitartean umea hauspotzen eta handitzen doa. Zahar eta ume gara, ume eta zahar. Hodeien arteko hautsetan lurrundu aurretik, gure izenak hilobi batean idatzi baino lehen, egin dezagun Martera edo behar bezain urruneko lekura bidaia. Orduan desegingo den gu hori zerbait izango da agian. Gure epitafioak benetako izena izango du, izana izango badu. Gurean aurkitzen ez duguna beharbada kanpoan dago, freestyle kantari.