GALDER PEREZ
IRITZIA

Ohe azpiko opariak

San Tomaseko mozkorra izango da oraindik, edo gaupasaren ajea, baina kontua da lurrean etzanda ireki ditudala begiak. Alfonbrarik ez dut, eta lurra hotz dago. Non nagoen begiratu eta, ia-ia, ohearen azpian nagoela ohartu naiz, eguna argitzen dagoela. Hor goian, zentimetro gutxira, ohearen epeltasuna dagoela pentsatu dut. Baina nagikeriak ez dit gora egiten utzi. Bertan geratu naiz, kroketarena egin gero eta ohe azpira joan, hautsetan, pla-pla, goxo. Beharbada norbaitek, Olentzero ez bada, robot xurgatzaile horietako bat oparitu beharko dit, halako kasuetan hauts artean galdu ez nadin. Eskerrak hartztxoen pijama maitea jantzita ez dudan, eta atzoko sagardoek perfumatutako galtza eta alkandorek nire azala hautsetik babesten duten. Gogora etorri zaizkit ohe azpiko beste bidaia batzuk.

Gurasoek kontatu izan didatenez, gau batean etxean desagertu nintzen. Gabonen bueltako gaua zen, 80ko hamarkada hasieran. Lehengusu zaharrenak anaiak zaintzen gintuen ogerleko batzuen truke. Gurasoak afaltzera ateratzen zirenean eta gu ohean ginela, kuluxka ederrak egiteko aprobetxatzenn zuen zaintza denbora lehengusuak. Imajinatzen dut Internetik gabeko garai haietan denok lo gehiago eta hobeto egiten genuela. Abenduko gau horretara bueltatuz, oraindik ere Santi Brouard bizirik zegoen garaietan, pijamaz gain, gomazko pailazo batekin lo egiten nuen. Maite nuen pailazo haren gomazko ipurdiaren usaina. Usain horrek lo egiten laguntzen zidan. Edota zaporeak beharbada; txupetea jateko nagusiegi izan, baina ez pailazoaren gomazko ipurdia ezkutuan miazkatzeko zaharregi. Auskalo non egongo den lerde gehien jaso izan duen ipurdi hura, gomazko pailazoaren ipurdi borobila. Balearen baten tripan egongo ote beharbada. Zuri-beltzezko gau horretara bueltatuta, gurasoak parrandatik berandu etxeratu ziren. San Tomas eguna izango zen beharbada. Detaile hori ez didate sekula argitu. Gauetan bueltan etortzen zirenean errutina berbera egiten omen zuten gauero; semeak lo goxoan zeudela ziurtatu eta lo egiten uzten gintuzten. Orduan, lo goxoagoan zegoen lehengusua esnatu, Francoren aurpegia zeukaten txanpon batzuk eman eta lehengusua eskaileretan behera izekoren etxera joaten zen. Gau horretan, ordea, ez zen halakorik gertatu. Gurasoek ohean ni aurkitu beharrean, gomazko pailazoa aurkitu zuten soilik. Lo goxoan hura ere ziurrenik. Sekulako ezustekoa, eta ikara minutuak pasatuta, urduritasunez betetako minutu batzuen bueltan ohe azpian aurkitu ninduten lo. Robot xurgatzailerik ez zegoen garaietan, hautsik gabeko ohe azpian lo goxoan nengoen. Afarietarako anekdota bihurtu zen gau hura.

Handik urte gutxira, gurasoen ohea azpira espedizio planifikatuak egiten hasi nintzen, erne eta esna. Gabonetako zuhaitzaren ondoan aurkituko nituen opariak hantxe ezkutatzen zituzten. Akabo emozioak, ordutik aurrera banekielako zein zen gabonetako oparia. Goizegi ikasi genuen bizitza errealean antzezten, opariak zabaltzean harridura keinuak egitera behartuta. Hartztxoen pijama jantzi eta ohean sartzea erabaki dut orain. Amets bati dei egin diot, ohe azpira espedizioan noan ametsa. Berriz ere gabon oparien aurrean antzeztu nahiko nuke.