«Euskal Herrian bakarrik egiten ditut argazkiak. Iruditzen zait lotura bat behar dela, eta ez dut neure burua ikusten hemendik kanpo egiten» - Patxi Laskarai
Donibane Lohizunen Patxi Laskarairen argazki denda erreferente bat da, eta Lapurdi hegoaldean festa handietako argazkilaria ere izan ohi da, baina bere lana parametro komertzial horietatik harago doa. Bere saltokira sartzean ikus daiteke hori; nortasun-agirirako argazkiak egitera edo argazkiak errebelatzera hurbiltzen direnek argazkilari profesionalaren alde artistikoa ere deskubri dezakete. Galeria ere baden denda horretan, euskal argazkilariaren munduarekin egiten dute topo, eta Laskarairen obrek ez dute beti Lapurdi kostaldeko edertasun parametroekin bat egiten, Euskal Herria baitu inspirazio iturri, bere aniztasunean.
Lapurtarrak ez du atzerrian argazkirik egiten: «Beti bide berari segitzen diot, Euskal Herrian bakarrik egiten ditut argazkiak. Lagun batek beharbada hori eskizofrenia dela erran zidan; ez dakit horrela den. Batzuk munduaren beste puntara joaten dira argazkiak ateratzera. Niri iruditzen zait lotura bat behar dela. Egiten ditudan argazkiak anekdotikoak eta arinak izan daitezke, itsasoa eta horrelakoak… baina lotura da denak Euskal Herrian eginak direla. Ez dut neure burua ikusten hemendik kanpo argazkiak egiten».
Euskal lurraldeek eskaintzen duten paisaia eta istorioek irudien bilaketan asebetetzen dute artista: «Oso lotua naiz lurrari, eta behar dut hori, ez dut gogorik kanpoan egiteko. Dena egiten ahal da hemen, edozein gai egiten ahal duzu hemen. Uste dut behar duzula zure mundua erakutsi, eta hori ez dut kanpoan egiten ahal».
Gaien eta guneen ugaritasunak Laskarairen estiloarekin egiten dute bat. Bere obren artean Gamere-Zihiga, Hendaia, Eibar… eta halakoetako paisaia ezberdinak edota baserri abandonatu bat, ortuetako etxolak eta cromlechek eskaintzen duten berezitasunak atzeman daitezke. Tokia, ekintza, gauza... izan daitezke argazkiak elkartzen dituen gaia: “Miarritze”, “Gasna”, “Goiz batez”, “Negatiboak”, “Irati”, “Pastorala”, “Elorrio”, “Liliak”, “Surf”, “TV”, “Baionako portua”, “Hondartzan”, “Itzala”, “Oñati”, “Bilbo”, “Buru gainean”…
«Gure aberastasuna bilatzen dut, beharbada. Orain bilatzen ditut gehiago emozio batzuk. Ari naiz Nafarroako azken hiru herrietan lanean, Tuteratik hegoaldera, hor beste paisaia batzuk dira. Orain saiatzen naiz beste argazki, beste paisaia batzuekin ematen, eta, denbora berean, nahi dut erakutsi hori ere gure lurraldean dela, eta batzuek uste dute hori urrun dela, eta entseatzen naiz hori lotzea melankolia edo tristezia bati, zeren eta hura izigarri pobrea da».
Bere irudien bitartez, euskal gizartearen jatorriaren bila dabilela ere esan daiteke: «Orain cromlechen lan bat hasi naiz egiten. Juan Gorritik erraten duen bezala, ez duzu sortu nire etxea, baserrian sortu zen, duela 2.000-3.000 urte cromlechekin… Anitz maitatu dut lan hori egitea. Gure historia da, hortik heldu gara, cromlechetatik eta harpeetatik».
Harpeei dagokienez, Izturitze eta Otsozelaian serie bat egina du Laskaraik: «Otsozelaian, heltzen nintzenean mozten zituzten argiak eta egoten nintzen oren bat, egoten, eta gero hasten nintzen argazkiak egiten; behar da denbora».
Pazientzia eta lana daude obren oinarrian, «denbora hartzea, gauzetan sartzea». Bere lan prozesua horrela azaltzen du lapurtarrak: «Batzuk sartzen dira berehala argazkiak egiten; nik behar dut anitz denbora sartzeko gai batean, ikusteko nola sentitzen dudan. Hori egin nuen Urumea baserri abandonatuan, eta han prozesu bera zen, harpeetan bezala, egoten nintzen oren bat jarririk, eta gero xerkatzen nuen zergatik baden bizi hori. Ez dago inor gehiago, baina bizia bada».
Denborarekin batera, orain, gai baten inguruko obrak lantzearen joerarekin egiten du bat metodologiak, imajina bera lortzeko era aldatzen duena: «Orain nahiago dut gaiak egitea; lehen xerkatzen nuen argazkia, argazki bat bakarrik eta hor bukatzen zen. Lortzen banuen bat maite nuena, hara, besterik ez nuen egiten».
Obren ezaugarri den enkoadraketa argazkilariak eta denborak emandakoa da, Laskarairen iritziz: «Beste norbaitek pasako balu nik bezainbeste denbora xerkatzen edo argazki mundu horretan, berak ere izanen luke bere ikuspegi ezberdina. Denok badugu hori; batzuek laguntzen dute, eta beste batzuek ez». Pausatzeak, astia hartzeak, argazkilaritza «desbalorizatuta» dagoen garai honetan, balio gehigarria ekartzen dio: «Jakinez edonork egin dezakeela argazkia momentu batean, denborarekin egindako begirada pausatua da nirea». Bat-bateko argazkien balioa ukatzen ez badu ere, bestelako ondorioak badirela nabarmendu du: «Argazkiak egiten ahal ditu jendeak momentuan, eta ontsa da, baina desbalorizatua izan da, dendan sartzen dira batzuk erranez beraiek badakitela… denek badakite, eta uste dut, ez dela bakarrik argazkilaritzan».
Pertsonarik gabeko imajinak. «Nola sentitzen dudan natura, hori agertzen dut. Sekula ez dut jendea hartzen. Ez ditut jendeak hartzen ahal, ez dakit zergatik», adierazi du artistak. Hala ere, zergatian sakontzen hasita arrazoi arrasto bat agertzen da, argazkilari profesionalaren hitzetan: «Beharbada, aski baitut dendako lanarekin, eta ezkontzetan jendea beti uros hartzearekin».
«Ikusten ditut argazkilari batzuk, prentsan ari direnak, eta izugarri onak direnak beti jendea hartzen; maite dut lan hori. Beharbada, aldatuko da, baina orain dauzkadan proiektuak jende gabe dira». Hala ere, ohikoa den bezala, salbuespen bat bada Laskarairen oinarrizko arau artistiko horretan: «Badira sei urte hartzen dudala emakume bat argazkitan; minbizia du, eta hil arte hartzen dut argazkiz. Berak galde egin zidan, Baionan bizi da, eta ez genuen elkar ezagutzen. Hastapenean, hiru urteko bizi-itxaropena bakarrik eman zioten, eta orduan erran genuen hiru urtez soilik hartuko nuela argazkiz, baina sei urte dira, eta oraindik bizi da; eta uste dut bera baino lehenago hilko naizela».
Horretaz gain, beste egitasmo batzuk ere baditu orain Laskaraik; ortuak imajinetan hartzea, besteak beste: «Bada urte bat argazkiak hartzen ari naizela, zeren eta Donibane Lohizunen badira baratze batzuk arras ongi eginak, eta anitz maite ditudanak, baina baratzetako txaboletan ere badira gauza batzuk anitz maite ditudanak. Ikusten duzu nola egiten duten etxola bat, dena bilduz, plastikoa, egurra… Gehienak Nafarroan egin ditut, eta badut proiektu bat arkitekto batekin horretaz mintzatzeko».
Proiektu partekatuak. Gaur egun, bakarkako lanekin batera, egitasmo partekatuek pizten dute argazkilariaren lanerako grina. «Orain nahiago dut beste norbaitekin proiektuak muntatu. Egin ditut argazki proiektuak, eta orain nahasketa maite dut, margolariekin eta, horrelakoekin». Elkarlana artistaren garapen prozesuaren baitan kokatzen du: «Anitz ikasten dut lan horiekin. Argazkiak baditu ehun urte; margolariak harpeetan hasi ziren. Anitz ikasten duzu beraiekin, ari dira ere plano batean margotzen, bilatzen dute planoa, estetika, oreka edo ez, baina horiek badira milaka urte ari direla. Orain ikasten dut margolariekin eta margoez».
Bide horretan, azken lana Gonzalo Etxebarriarekin egin du. Urtarriletik martxora Berako ikastolan erakusketa bat jarri zuten. «Elkarrekin egin dugu, eta gure lanak nahasi ditugu. Beste ikuspuntu bat ekartzen dute, eta hori maite dut. Muntatzea erakusketa Gonzalorekin nahasketa da, kasu ematea zer ekartzen duten. Mintzo naizelarik Gonzalorekin, elkarretaratzeak anitz ekartzen nau». Eremu honetan ere denborarekin egindako proiektua da: «Gonzalorekin, mintzatuz-eta gauzak atzematen ditugu elkarrekin, errazki. Bada zazpi urte aipatu genuela eginen genuela zerbait, eta orain, emeki-emeki, ari gara gauzak muntatzen».
Horrelako egitasmoetan bidea egina du jada Laskaraik. Juan Gorritirekin, 2013an, Tolosan “Gaztarte. Xagoak gaztaren bila” egin zuen, eta Jose Zugaztirekin batera, 2016an, “Biharra” erakusketa egin zuen Eibarren, non margolari eta eskultorearen obran estetika industrialena daukaten lanak nabarmentzen ziren. Oaia Peruarena artista beratarrarekin ere elkarlanean ari dira, azken hau donibandarraren argazki serie baten inguruan ari baita.
Argazkiaren beharra. «Argazkiak ez ditut plazerarentzat egiten, beharra da. Plazerarentzat trago bat hartzen dut lagunekin, baina argazkiak behar ditut egin», dio Laskaraik, «barruan dudan zerbait transmititzeko tresna» baita. Behar hori etengabe buruan izateak dakar, baita horrekin datorren gogoetarekin: «Duela bost bat hilabete Gonzalo Etxebarriarekin mintzatzen ari nintzelarik erraten nion: Zergatik pasatzen ditugu gure gauak pausoak egiten, zergatik ez dira hain onak? Eta Gonzalok erran zidan hilabete bat gelditzeko eta gero berriz hartzeko, horrela ongi aterako dela. Horrelakoak gara, horregatik erraten dut beharrezkoak direla».
Horren xedea, sarritan, «paisaia haustea» da. «Euskal Herrian Gaur taldetik hautsi nahi dute paisaia. Begiratzen duzu Frantzian, etxeak grisak dira, elkarri lotuak, eta batzuetan paisaian sartzen dira. Guk Euskal Herrian, Iparraldean, aldiz, egiten ditugu etxeak zuriz. Irudi du borroka bat dela paisaiarekin, naturaren kontra. Ez dugu xerkatu paisaian sartzea, ez, moztea baizik. Alde batean da etxea, kultura, eta kanpoan da paisaia eta mitologia guztia; hala uste dut. Entseatzen naiz paisaia hori hausten, jostatzen naiz».
Argazki batzuetan irudikatutakoa errazki ezagutzen da; aldiz, beste batzuetan abstrakziorako joera ageria da, denborarekin areagotzen ari dena. Bere obretan, sarritan, ongi begiratuta soilik atzeman daiteke irudiaren baitan dagoena, ez baita berehala agerian gelditzen: «Hori xerkatzen dut, abstrakzio puntu bat izatea. Ez erakustea berehala zer den». Hala ere, abstrakziorako joera hau estiloaren garapenera mugatzen dela ukatzen du: «Batzuetan horretara jotzen dut, besteetan ez, gaiaren arabera. Aldaketak ez dira nireak, baizik eta lantzen ditudan gaienak».
Bazter bakoitzak gaia bera egiten du; «batzuetan bost argazki hartzen ditut, bata bestearen gainean, erakusteko badirela irudi batzuk ez direnak oroitzapenari lotuak, baizik buruaren bazterrean egoten direnak. Horrela nahasten dira; batzuek erraten dute ezagutzen dutela tokia, baina ez da batere horrela, ikusten da denok baditugula imajina faltsu batzuk buruan».