GALDER PEREZ
IRITZIA

Atsedena, etena

Duela bi aste orriotan kontzertu batez aritu nintzen, pandemia garaiko musika emanaldiez. Kantuek hartu duten zentzu berria eta kontzertua ikusteak eta entzuteak eragindako gozatua ziren ideia nagusiak. ZAZPIKAren ale horretan bertan, orri batzuk aurrerago, Petti musikariari egindako elkarrizketa zetorren. Berakoak beharbada musikari amaiera modukoa emango diola adierazi zuen, oso zaila zaiola lana eta musika uztartzea. Susmoa dut bizi dugun garaiotan halako askoz gehiago entzungo ditugula zuzeneko artisten errealitatetik. Lehen zaila eta prekarioa zena, ezinezko bilakatzen ari baita. Herri honetan kulturan aritzen garen askok, jardun artistikoa ez den beste lanbide batetik ateratzen ditugu oinarrizko gastuei aurre egiteko sosak, bizitzeko behar dugun sostengu ekonomikoa eduki ahal izateko. Baina bizitzeko ere sormena behar dugu, eta emanaldietan bizitakoek betetzen dituzte gure bizitzetako hutsune asko, eta gure grinak ase.

Lerro horiek guztiak argitara eman ziren egunean, pandemia garaiko aurreneko antzerki emanaldia izatea egokitu zitzaigun. Urteak dira antzerkian gertutasuna bilatzen dugula. Zentzu guztietako gertutasuna, baina ikusleekikoa nagusiki. Agertokietan antzezteko modu konbentzionaletik ihes egin eta gure emozioak eta izerdiak ikusleekin zentimetro gutxira partekatzea da orain gure asmoa, emanaldi bakoitza hurbileko esperientzia bihurtzea. Garaiotan, baina, ezinezkoa da horrelako arte emanaldirik egitea. Neurriak neurri, norbanako guztioi tokatzen zaigu geure buruak kontrolatzea. Arduraz jokatzeko garaia da, bai, baina baita arduratuta ere, are, arduratuegi. Ikusleak lerro zuzenetan kokatzen gara, dira, denak elkarrengandik urrun, urrunegi. Gertatzen ari da azkenean ditxosozko distantzia soziala, fisikoa beharrean. Ikusleen artean badago, kontrolaz gain, zigor sentsazioa edo, askatasun eza, ezin libre gozatzeko pertzepzio aztoragarria. Horrek guztiak tentsioa dakar, anomalia urduria, gozamena behar zuen unea, batzuetan edo batzuentzat momentu estugarri bilakatzen da.

Emanaldiak sortzeko ohiko espazioak haustea ezinezkoa bilakatu da garaiotan, denak egon behar du atzetik aurrera eta ezkerretik eskuinera ordenatuta, lerroetan ordenatuegi, kontrolatuegi. Gertutasuna sentitzeko modu asko dago, baina gaur egun ezinezkoa den hurbiltasun fisikoa da oinarria. Badirudi modu bakarra dagoela zuzeneko artea eskaintzeko. Lanak moldatu egin behar dira eta ikusleek ere egoera honetara moldatu beharra dute. Gozatzeko sortzen eta egiten dugu antzerkia. Orain arte bizitako esperientzia espektatiba horretatik oso urrun egon da, urrunegi. Zalantzarik gabe, aukera berria eman behar dio antzezleak agertokiari, hainbeste maite duen bere lanari. Egun gutxi barru izango dugu bigarren aukera hori, bigarrena pandemian eta bizitzan enegarrena. Beharbada, horrenbesteko ikara ematen duen erabakia hartzeko unea izan daiteke. Atseden hartzea, etena egitea, beste aukera bat baita, zilegi dena guztiz. Gauza askoren zentzua aldatzen ari da eta, kasu askotan, aldatu barik, zentzua guztiz galtzeko zorian dago. Ikusle moduan gozatzeko gai izan naiz pandemian, baina antzezle moduan, berriz, beharbada ez horrenbeste. Ez behintzat orain ezinezko bihurtutako gertuko emanaldiak egin nahi eta ezin horretan. Agian ez dugu jakin oraindik benetan birmoldatzen, berrasmatzen, ikarak eta autokontrolak irentsita.