JOKIN URAIN
IRITZIA

Distrakzioak

Publikoarengan emozioa sortu eta ideiaz aldatzeko gogo deseroso etengabea eragin behar duela zineak zioen, ez aspaldi, Guadagnino Luca zuzendari italiarrak Donostiako Zinemaldiaren bueltan; zineak hunkitu egin behar omen zaitu, eta ez ei du ulertzen zinera distraitzera doala dioen jendea. Gauza gehiago ere esango zituen, eta denak interesgarriak, baina ez naiz hasiko esan zuen guztiari erreparatzen, neuk esan nahi dudanetik distrai nazan.

Adiera batzuk baditu “distrakzio” hitzak. Hiztegiei begia ematen badiezu, hortxe topatuko dituzu dibertimendu, entretenimendu, deskuidu, oharkabetasun... eta horietako bakoitzak eman dezake beste hainbesteko zerrenda, eta zerrenda horretatik aterako luke batek baino gehiagok entziklopedia osoa. Horixe dute hitzek eta hitzen adierek, batak bestea dakarrela, eta bat bakarrak zerrenda luzea askotan. Eta jatorrizkoaren haritik urrunduz, sarritan oharkabean goaz distrakziora, eta oraingoan ez zaigu asko falta.

Emozioak, onak eta txarrak, bananduta batzuetan eta nahasian bestetan, borborka iritsi ahal zaizkigu ustekabean ere, haien bila espresuki joan beharrik gabe alegia, eta zineetara asko joaten ez direnek ere sentituko dituzte, eta izango dute ideiak, pentsaerak, mundua eta unibertso osoa aldatu nahia eta beharra. Munduan gehiengoa izango da zinera joaten ez dena, eta joaten direnek, zinera joan beharra baldin badute emozioak sentitzeko, ez du ematen oso ondo dabiltzanik. Beste mundu batean dabiltzan seinale izan ote daitekeen ere banago.

Zinean bezalatsu gertatuko da pintura koadro baten aurrean; bati ez dio zirkinik eragingo, beste bat malkotan urtzeraino hunkituko du, besteren batek mespretxu keinua igual parean pasatzean... Eta zer esan literaturaz, literaturaren aldaera bakoitzaz, lehengoaz eta oraingoaz. Agian egia da ez dakizula zer esan, baina edonolakoak ez diren iritziak irakur ditzakezu han-hemen, emozioz ez dakit baina harriduraz hauspotuko zaituztenak, edo zure uste guztiak hustuko dizkizutenak. Distrakzio- edo entretenimendu-literatura birrintzen duten arrazoi sakonak, idazle handiek eta aditu argienek emanak.

Ez nuke, ordea, zinearen edo beste edozein arte moduren aurkako aldarririk egin nahi, Endika; esan nahi dudana da distrakzioaren aurkako diskurtso magistralei hartzen diedala distrakzio antz gero eta handiagoa.