«Hil ziren»
Laster esango da zuengatik, esan ohi dena orain gugatik: hil ziren». Hilerri atarietan ez da gezurrik kabitzen. Denok hilko gara. Berez, hilkor izateak berak markatu beharko luke gure pausajea. Baina badirudi horren ordez, hilko garela onartu ordez, hilezkorrak garela pentsatu nahi dugula. Eta hainbestetan pentsatu dugunez, azkenerako ez ote dugun sinistu...
Lehendabizi heriotza etxetik atera genuen eta argi perfektuko beilatoki makillatuetan sartu genuen. Gure amonentzat heriotzak usaina eta kolorea zeukan. Heriotza ukitu egiten zuten etxean. Gureak kontatzen zuen etxean bizi zen osaba zaharra hil zenean hilotzak hankak uzkurtuta zituela, gogorra geratu zelako gau guztian ohean. Hilotzaren gainean jarrita luzatu zizkion gure amonak hankak, gorpua hilkutxan sartu ahal izateko. Kontatzen zuen aldiro begiak ixten nituen eta hezurren krakatekoa entzun. Baina bat-batean, belaunaldi pare bat geroago, heriotza erabat neutroa bihurtu da; ez dauka usainik, ez dauka kolorerik eta ez da entzuten. Ez dela existitzen sinistu nahian bagenbiltza bezala...
Eta orain, irakurri dudanez, urrutirago joateko aukera egon daiteke teknologiaren laguntzarekin. Pertsona baten sare sozialak, mezuak, iritziak... sakon aztertu eta pertsona horren ordezko digitala sortu dezake teknologiak. Hartara, pertsona hori hiltzen bada, bere ingurukoek harekin hizketan jarraitzeko modua izango omen dute. Nolabait esatearren, makina bat trebatuko dute pertsona horren tokian jartzeko; bizirik balego egoera honetan edo bestean zer esango lukeen asmatuko omen du makinak. Nola? Ba bizirik zegoen bitartean sarean utzi zituen arrastoei begira. Falta zitzaiguna.
Zenbatetan ez ote dudan pentsatu nik «amona hemen balego, zer pentsatuko luke honetaz edo hartaz? Zer esango luke?». Neronek asmatu behar izaten dut amonaren jarrera, hark ez zuelako arrastorik utzi teknologian. Baina arrasto handia utzi zuen ingurukoengan eta, gutxi edo gehiago, badakigu noiz emango zigun muxua eta noiz errieta.
Segur aski, esango zigun heriotza bizitzaren parte dela, ez begiratzeko beste aldera eta uzteko tontakeriak. Esango zigun hilezkor sentitzea dela hilda bezala bizitzeko beste modu bat eta maite ditugunak agurtzen ikasi behar dugula.
Bai, amona, badakit azaroaren lehena joan zela eta hori zela zu lorez janzteko eguna. «Lore asko eta kolore bizikoak jarri niri», agintzen zenigun. Baina badakizu ez naizela hitzordu jendetsu horien zalea. Ez haserretu. Aurrekoan emakume batekin gurutzatu nintzen kalean eta zure usain berbera zuen, amona. Hamasei urte joan zinela eta oraindik zure usaina bizirik daukat.