GALDER PEREZ
IRITZIA

Onespenaren penak

Jendartean bizi garenez gero, ustezko lasaitasun batean bizi ahal izateko, gutxieneko onarpen soziala edukitzea ezinbestekoa dela dirudi. Onespen hori taldean bizi nahi duen, nahi dugunon, norbanakoentzako gonbit txartel modukoa da; talde sozial horrek egin beharreko onarpen kolektiboa, aho batez, ala gehiengoz, ematen duen baiezko moduko bat. Baina onarpen kolektiboetatik gero eta urrunago gaude, ez baldin badira ahal den moduan bizirauteko paktuak, etorkizunari zein iraganari begiratzen ez dieten itun basati eta batere solidarioak ez direnak.

Onespen sozial erraldoietan norbanakoa, berezko izakia, galdu egiten da. Zera bakarra den pertsona, talde homogeneotasunaren alde difuminatu egiten da; agur, pertsona autentikoa. Horregatik, gero eta ezinbestekoagoa da, norberak bere izaera, identitate, desio zein obsesioen alde egitea, beldurrik gabe, horrekin bizitzan dantzan jarraitzea, besteen neurrigabeko onarpenik espero gabe. Nork bere izaera eraikitzen duten osagai guztiak abandonatuz gero, onarpena jaso jasoko du, baina baita benetako berezko izaera ezkutatzeko zulo sakonean sartu ere.

Norbanakotik kolektibora joanda, zenbait borroka sozialek oihartzun handia izateaz gain, onarpen handia beharrezkoa dute. Pop iraultza esango diote ustezko buruargitxo batzuek, kamiseta batean esloganak eramatera mugatu edota lau txio biribil botatzera murrizten diren eztabaidak direla argudiatuz. Baina borroka handi horien atzean dauden lerro txikiek osatuko dute liburu handia. Mainstream izateak ez du esan nahi jarrera kritikorik ez dagoenik, iraultza hori alternatiba sortzeko baliatuko ez denik. Batzuetan arriskutsuena, hain justu, mainstream horren kontra jotzea baita. Arrisku handia izan dezake esklusibitate moduko batez zenbait gatazka, borroka edo teoria gorde nahi izatea , “maila gorena” dutenen artean eztabaidatzeko soilik balira lez. Adibide bat bilatzearren, uste dut antzeko zerbait gertatu zela duela ez asko intersexualitatearekin, LGTBI siglen hizki ezezagunenarekin: intersexualitatea zer den azaltzeko hainbat ahalegin eta jarduera agertu ziren bitartean, komiko agertu nahi zuten euskal orbitako batzuek “moda guay” deitu izan zieten ahalegin horiei. Lehen lerrora ekarri beharrean, berriz ezkutatu zuten. Erdigunean agertzeko horrenbeste zailtasun duen errealitatea esnob teoria gisa aurkeztu zuten, berriz ere isilaraziz, alderik ilunenera kondenatzeraino.

Oraindik bada onarpenaren kontrola duela uste duenik. Horregatik jarraitzen dugu hainbat identitate ezabatzen, ezkutatzen edo desegiten. Zuri ala beltzaren aldeko izakiak eraikitzen jarraitzen dugu, gris eskala guztia ezabatu arte. Betiere, nola ez, benetako gizonen aldeko apustua da garaile, zalantzarik gabeko onarpena izango duen norbanakoa eta gizataldea da “benetako gizonena”. Horren aurrean, berezkotasunik egon badagoela jakin badakigu, baina norberak eman behar dio lehenik onespena. Ondoren etorriko da onarpen soziala. Ez du zertan gehiengoaren onarpena izan, ez dago baimenik edo barkamenik eskatu beharrik. Mainstream izan ala lau katu izan, onartu zeuen burua. Katuek ere, txakurrek bezala, ortozik egin nahi dute dantza, takoidun zapatekin ametsetan.