Arnaitz Gorriti
PUNTURIK ALTUENEAN BOXEOLARI GISA

Urtain gorenera iritsi zenekoa

Badakigu nola amaitu zen Jose Manuel Ibar «Urtain» handiaren historia; badakigu noiz, non eta nola amildu zen, alegia. Baina kontakizun honek ez du gainbehera hori kontuan hartu nahi; ez du «Zestoako Tigrea» alkoholez, zorrez eta arazoz josita eta itxaropenik gabe nola hil zen gogoratu nahi. Kontakizun honek ez du «Hamaseigarrenean aidanez» beste behin gogoratuko, ez du aipatuko Ibar familiako adar batek, AEBetara joanda, bere baitan bizi izandako tragedia greko amaiezina. Herri kiroletan aurkaririk ez nonbait, eta boxeora pasa zen «Morrosko» ahaztezinaren puntu gorenena erakutsi nahi du, pabiloiak betetzen zituen sasoia, 1970eko azaroaren 10a kasu. 1968tik 1977ra iraun zuen karrera bateko puntu gorena izan zen, nahiz eta KOz galdu.

Jose Manuel Ibar Azpiazuren boxeo karreran aurreneko porrota 1970eko azaroaren 10ean heldu zen. Egiari zor, bigarren porrota zuen, Alfredo Vogrig italiarrari gerritik behera emandako kolpeengatik kaleratu egin baitzuen epaileak 1970. urte hartako abuztuaren 1ean, Donostian. Esan bezala, azaroaren 10 hartan aurpegia mailatuta eta Europako txapeldunaren gerrikoa galduta amaitu zuen Urtainek, baina, era berean, agian boxeolari gisa izan zuen puntu gorena ere huraxe izan zela esan liteke. Izan ere, behingoagatik, Urtain ez zen ikuskizun soila, boxeo borrokaldi on batek behar duen buruz buruko lehiakide duina baino.

«Euskal Herrian oso ohituta gaude punta-puntako kirolariak izaten. Urtain euskalduna izan ez balitz, nahiz eta jakin bere karrera horren baitan puntu ez oso garbiak izan zirela, miretsi egingo genuke. Aldiz, bertokoa izanda, nik uste larregi gutxiesten dela bere karrera», nabarmendu du Manu Maritxalar kazetari, boxeolari ohi eta boxeo epaileak.

Beraz, non gelditzen da Urtainen porrota? Hain zuzen, boxeolari garaiezinik ez dagoela onartzean. Galdetu bestela Muhammad Ali, Sugar Ray Leonard, Mike Tyson edo Julio Cesar Chavez handiei; galdetu Paulino Uzkuduni, Euskal Herriak sekula eman duen boxeolari bikainenari; galdetu gaur egun euskal boxeoa urrezko hizkiz berpizten ari diren Jon Fernandez, Kerman Lejarraga eta enparauei. Boxeoa arte noblea baldin bada, porrota ere beregan duelako da, ikuskizunaren gainetik.

Horren harira, Maritxalarrek Urtain bere neurrian errebindikatu litekeen kirolaria dela uste du. «Boxeora 25 urterekin iritsi zen; gimnasiotik borrokaldietara ia zuzenean pasa zen. Aurrez harri jasotzailea izan zen; hau da, bihotzak asko ponpatu beharreko esfortzu motzak egitera ohitu zuen bere burua, eta, behin adin batera iritsita, muga horiek asko baldintzatzen dute. Hau da, esfortzu motz oso intentsoak egin behar izateaz gain, ahalegin anaerobikoaren mugan denbora luzean izatea eskatzen du boxeoak. Eta Jose Manuelek, muga horiez jabetuta ere, birritan lortu zuen Europako txapeldun izatea. Eta hori ez du inork ere oparitzen. Horri zituen mugak teknikoak ere gehitu behar zaizkio, arlo hori ulerterrazagoa bada ere, boxeolari jotzaile asko nahiko burugogorrak baitira teknikoki hobetze aldera, beren kolpeen eraginean konfiantza handia izaten baitute», azaldu du Maritxalarrek.

Wembleyko Empire Pool, aurkaria, 36 urteko –Urtainek baino bederatzi gehiago– Henry Cooper –boxeo zale zaharrenentzat hatxe hasperendun gabe: “Enry”–. Isabel II.a erreginak 2000. urtean sir egindako boxeolari ingelesak, bi borroka jokatu zituen 60ko hamarkadan Muhammad Ali handiaren aurka. The Greatest bezala ezagututako boxeolari bikainaren aurkako bi lehiak galdu zituen Cooperrek, baina, aurrenekoan, harrapatu eta hankaz gora bota zuen. Alabaina, roundaren amaiera izanik, artean izena aldatu gabe zuen Clausus Clayk estutasun egoerari aurre egiteko modua izan zuen Angelo Dundee entrenatzailearen trikimailuei esker. Ondoren, Cooperren punturik ahulena baliatu zuen KO teknikoz irabazteko: bekainak erraz zauritzen zitzaizkion Cooperri, eta zauri horiek ringeko sendagilea borrokaldia gelditzera behartzen zuten. Huraxe zen Urtainen azken itxaropena ere gau hartan bere kolpeen indarrak aurkaria hankaz gora botatzerik lortu ezean. «Min handia eman zidan bederatzigarren roundean amore eman beharrak, noiz eta Cooperren ezker bekaina zabaltzea lortu genuenean», kontatzen zuen gerora garai hartan Arroako boxeolariaren entrenatzailea zen Manolo del Rio Garciak. «Baina eskuineko begia itxi zion Cooperrek Urtaini emandako ukabilkaden ondorioz, eta borrokaldia bertan behera uztea erabaki behar izan genuen», onartu zuen entrenatzaileak “Urtain, leyenda y tragedia” dokumentalean.

Henry Cooperren kirol bizitza amaitzear egonagatik –borroka bakar bat gehiago egingo zuen erretiroa hartu aurretik, Joe Bugnerren aurka 1971ko martxoaren 16an–, 1970eko azaroaren 10eko gau hartan Urtain, Morroskoa baino gehiago, boxeolaria izan zen, besterik gabe. Ali edo Floyd Patterson txapeldun handien aurka zaildutako aurkaria garaitzeko gogor jotzea ez zen nahikoa; are gutxiago, Urtaini gertatzen zitzaion eran, iraupen eskaseko kirolaria izanik. Laugarren roundetik aurrera luzatzen bazen borrokaldia, sekulako itolarria nozitzen zuen eta zutik irauten ere bazuen nahikoa lan. Cooper onenak emanda zegoen arren, boxeolari fina zen, klase handikoa, eta ez zuen bere aukera pasatzen utzi.

Heroiaren amua. Urtain Espainiako txapeldun izan gabe izan zen Europako txapeldun. Oso arraroa da horretarako aukera izatea, nahiz eta jokatu zituen 68 borrokaldietatik aurreneko 27ak KO bidez irabazi. «Mike Tysonek sekula lortu zuena baino errekor hobea da hori, nahiz eta egia den Jose Manueli karrera hasiera oso bideratua eraman ziotela», onartu du Manu Maritxalarrek. Baina, era berean, argi dio: «Urtainena ez da salbuespena, boxeo munduko beste izar askoren karrerak ere oso bideratuta eraman baitituzte hasiera batean. Gainera, Europako txapeldun izateko, jende onari ere irabazi behar zaio rankingetan gora egiteko. Horrela egin ezean ez duzu inolaz ere aurrera egingo, ezta aurkari denei KO bidez irabazita ere!».

Peter Weiland Europako txapeldun zen 1970eko apirilaren 3an Madrilgo Kirol Jauregian Urtainen aurka galdu zuen arte. Peter Weiland. Alemaniarra. Ezkertia. Europako txapelduna... eta, egun hartan, itxura barregarria agertu zuena. Ofizialki 105 kilorekin azaldu zen borrokara, baina haren gerri bueltan kabitu zitezkeen gehiago ere. Boxeolari gihartsuaren –Urtainena, esaterako– arrastorik batere ez, eta hori gutxi ez balitz, ileorde eta guzti aurkeztu zen! Piura irrigarria nahikoa ez eta, noski, ahoberoa ere behar txapelduna. «Urtainek jasotzen dituen harri horiek, 250 kilokoak esaterako, txoriei botatzen dizkiet nik», esan zuen, besteak beste, borrokaldiaren aurkezpenean. Batzuetan, “ikuskizuna” bermatu nahian, lotsagorritzeko moduko showak antolatzen ditu boxeoak. Hori ere egia da.

Garaiko kronikek diotenez, Estatu espainola geratu egin omen zen Urtainen garaipenaren antsiaz. Franco zaharturik zen ordurako, baina oraindik ere beste bost urte luze biziko zen, eta makina batek ordainduko zuten oraindik biziarekin diktadorearen aurkako jarrera. Ohiko txikitasun konplexua akuilu, boxeoa zuen diktadoreak gogoko, eta Espainia ordezkatzen zuten kirolarien nagusitasuna baliatzen zuen bere burua zuritzeko. Pedro Carrasco pisu arinetan eta Kuban jaiotako Pepe Legra luma pisuan munduko txapeldun izan ziren garai hartan, baina, pisu astunetan, «kategoria nagusian», norbait falta zitzaion.

Paulino Uzkudun, Errezilgo Tigrea, XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan pisu astunetan mundu mailako boxeolaria izan zen. Are, 1933an Erroman Munduko Txapelketa lehiatu zuen Primo Carnera italiarraren aurka, Benito Mussolini diktadore faxista aurrean zela. Puntuetara galdu zuen gipuzkoarrak, baina italiarren miresmena irabazi zuen, boxeolari gogorra zela erakutsita; nola ukabilkadak emateko, hala jasotzeko orduan ere. Bere bizitzan behin bakarrik utzi zuten KO: bere azken borrokaldian, 1935eko abenduaren 13an, Joe Louis Detroiteko Bonbaketaria boxeolari mitikoak, hain zuzen. «Uzkudun Euskal Herriko boxeolariek aintzat hartu beharreko erreferentea da. Urtaini meritua onartu behar zaio, noski, baina Uzkudun beste zerbait izan zen. Aizkolaria izan zen boxeoari ekin aurretik eta horrek esfortzu oso luzeetara ohitzera eraman zuen. Aukera izan zuen AEBetako herritartasuna hartzeko, eta, horrela egin izan balu, Munduko Txapelketa jokatzeko aukera hobeak izango zituzkeen. Joe Louisek KO utzi zuen, baina Louisek berak esana da ‘abizen arraro hori’ zuen aurkaria izan zela sekula minik handiena eman ziona», gogoratu du Manu Maritxalarrek.

Behin ibilbide profesionala amaituta, 1936ko gerran faxisten alde azaldu zen Errezilgo aizkolari ohia, artean gaztea zen Franco jeneralaren zorionerako. Bere azken urteetan, Francok horrelako beste norbait nahi zuen nonbait, eta Vicente Gil bere medikuari galdetu zion ea Euskal Herrian ez ote zegoen pisu astunetan lehiatzeko «beste Paulino Uzkudun bat». Hala, Vicente Gilek Miguel Almazor promotoreari «Paulino Uzkudun berria» bilatzeko eskatu zion. Baldintza bakarra, Errezilgo aizkolaria bezala, Euskal Herrikoa izatea: handia, indartsua, itxura batean buru askorik gabea... Irakurleak berak buruan izan ditzakeen estereotipo nardagarrienak aukera ditzala eta marraz dezala soslai propioa.

Kuriosoa da, baina Jose Manuel Ibar Azpiazu ez zen izan Miguel Almazorren aurreneko hautua. Gizon indartsua behar zuen, beldurra sortzeko modukoa eta nor aukeratuko eta Jose Antonio Lopetegi Aranguren Agerre II.a harri jasotzailea jo zuen begiz beste inor baino lehenago. Josean Agerre erremonteko txapeldunaren eta Julen Lopetegi futbol atezain ohi eta egun Sevillako entrenatzailea denaren aitak, ordea, ezetz esan zien Almazorren tentaldiei. «Diru asko irabaziko duzu, famatu egingo zaitut, zure izena eta zure argazkia nonahi azalduko dira, zuk zer nahi, huraxe eskura izango duzu...». Baina Almazor ez zen, nonbait, oso tipo fidagarria eta 1930ean sortutako Agerre II.a 40 urtetik hurbilago zegoen ordurako 30etik baino, eta ez zegoen Asteasu laga eta besterik gabe Madrilen abenturetan hasteko prest. Bada, ezetz eta akabo.

Bigarren aukera? Beste harri jasotzaile bat, Urtain baserrian jaioa 1943an, herri kirolak «txiki» geratzen zitzaizkion Morroskoa. Almazor «pisuzko argudioekin» joan zitzaion Jose Manuel Ibar Azpiazu gazteari, eta honi ez zitzaion nonbait txarto iruditu. 19 urterekin ezkondu ostean hiru seme-alabaren aita zen ordurako, baina, antza, bidea libre ikusi zuen sortu zen bailaretatik atera eta «mundua ikusteko». Dirua, fama, izen ona... Ordurako 25 urte beteta zituela? Zer egingo zitzaion ba! Francoren erregimenak bitarteko guztiak jarri zizkion: entrenatzaileak, gimnasioa Jose Lizarazu enpresariaren Donostiako Orly hotelean –Lizarazu funtsezkoa izan zen operazio guztian–, sparring on bat –Benito Canal, artean Espainiako txapelduna pisu handietan–... eta hilabete gutxiren buruan Urtain ring gainean zen galtzamotzak jantzita.

Urtainen aurreneko borroka ofiziala Parisen izan zela diote datuek, 1968ko abenduaren 22an. Bertan, Mariu Sappe frantsesa lehen roundean bota zuen hankaz gora. Alabaina, urte hartako uztailaren 24an, Ordizian, nolabaiteko «entsegu orokor bat» izan zuen Arroako boxeolari hasiberriak. Jonny Rodri kantabriarra izan zuen arerio... 17 segundo eskasetan izan bazen ere! Ganoraz harrapatu zuen lehen aldian soketatik kanpora bota zuen Urtainek. Kondaira baten aurreneko muturrekoa izan zen hura. Francok botatako amua irentsi zuen boxeolari behar zuen gazte euskaldunak, eta frankismoak bazuen heroi berri bat, pisu astunetan gainera.

Puntaren puntan. Goazen berriro Madrila, 1970eko apirilaren 3 hartara. Aurreneko roundean bota zuen Urtainek lehen aldiz Weiland. Ez zen azkena izango. Txoriei harrika egiteko gogoa kendu zion bederen Ibañarrietakoaren indarrak. Zazpigarren roundean, Urtainen eskuina zuzen-zuzenean iritsi zitzaion Weilandi aurpegira, eta ileordea ere hor zehar botatzeko moduko ukabilkadak sartu zizkion, alemaniarra soken artean eserita geratu zen arte. Baina garaipen hark ere bazekarren berea. Epaileak hamar kontatu arte zain geratu zen alemaniarra eta, KO desiratua gertatu zela ikusteaz bat, Weiland altxatu eta bere txokora joan zen. Itxura batean, gainera, arazo larregirik gabe. Dena zen poza eta zoriona Urtainen txokoan eta dena primeran zihoan erregimen frankistarentzat, Europa “birkonkistatu” baitzuen frankismoak berak “eraikitako” heroiak. Espainian zehar loriak eta esaldi handinahiak zabaldu ziren berehala, No-do albistegiak zinemaz zinema zabaltzen zituen berriek hauspotuta! Alabaina, garaipen hark, eta aurreneko KO soka ia etengabe hark tongo hitza ere berarekin zekarren. Aurkariak oso maila eskasekoak ziren, edo ez ziren boxeolariak ere. Gainera, Urtainek ahulgunerik bazuen, prestakuntza fisikoa zen. Laugarren roundetik aurrera ez zen arnasari eta gorputzari buelta emateko gai, eta ordura arte emandakoak hartu beharra egokitzen zitzaion. Baita hartu ere, borrokari muzinik ez ziolako inoiz egiten gipuzkoarrak.

Ibañarrietakoaren karrera aztertzeko sasoian, Xabier Azpitarte boxeo promotore ohiak Urtainen heriotzaren ondorengo egunetako omenaldietan esan zuena ekarriko dugu gogora. «Urtainen boxeolari karrera bi alditan banatu liteke. Askotan erabili zen tongo hitza bere garaipenei buruz hitz egitean, baina nik halokorik ez zegoela esango nuke, baizik eta maila eskaseko aurkariak jartzen zizkiotela. Aurkariak, izan ere, ez ziren boxeolari profesionalak: diskoteketako atezainak, zamaketariak... jartzen zizkioten aurrean eta iritsi ahala hankaz gora botatzen zituen Urtainek. Baina gero, Europako Txapelketa Peter Weilanden aurka jokatu zuenean, erakutsi zuen boxeatzen ere bazekiela. Zer esanik ez Jürgen Blinen aurka hamabost round eta gero puntuetara irabazi zuenean. Hau da, egia da hasieran aurkari txarren kontra aritu zela, baina baita kontrario gogorragoak etorri zitzaizkionean ere maila txukuna eman zuela. Eta oso indartsua izateaz gain, inongo beldurrik gabe lehiatzen zela ere onartu behar zaio».

Ez Uzkudun, ez Rocky Marciano. Jürgen Blin 1970eko ekainaren 22an izan zuen aurkari Bartzelonan. Huraxe izan zen Urtainek puntuetara irabazi zuen lehen borrokaldia, Europako txapelaren aurreneko defentsa, alegia. Blin ere, Weiland bezala, alemana zen, baina askoz planta hobea zuen eta, galtzaile eman bazuten ere, ez zen harrokeriarik izan. «Lehenengoz bota zuten Urtain egun hartan», gogoratu zuen Joxe Ramon Argoitia aktoreak –boxeolari ohia bera ere– “Boxeo Izarrak” saioak Urtaini buruz eginiko programa berezian. Hamargarren rounda zen eta Bartzelonako zezen plazan bilduriko zaleek ikusi zuten ukabilkadak hartuz gero Urtainek ere min hartzen zuela.

«Blinen aurkako garaipen hura jartzen dut nik Jose Manuelen puntu gorentzat», dio Manu Maritxalarrek. «Hamabost round irauteko eta borrokan jarraitzeko kemena eta gaitasuna erakutsi zituen, eta, sufrituko zuela jakin arren, sufrimendu horri aurre egiteko prest egon zen. Arrakasta handia lortu zuen garaipenarekin», gaineratu du.

Izan ere, hamargarren round hartan bertan, Urtainek berak ere harrapatu zuen alemaniarra, eta, nolabait esatearren, aurrez erori izana berdintzea lortu zuen. Handik aurrera, bekokia zaurituta, begi bat handituta eta sudurra hautsita izanagatik, Urtain zutik eusteko gai izan zen, aurkaria besarkatzen lan handiagoa hartu bazuen ere kolpeak botatzen baino. Baina zutik iraun zuen eta, epaileen arabera, bera izan zen txapelduna. Jürgen Blinek 1972ko ekainaren 9an hartu zuen mendekua. Aurreko urtean, 1971n, Muhammad Aliren aurka lehiatzeko aukera ere izan zuen. Ez zuen halako lehiarik inoiz egin Urtainek.

Garai hartan, Ameriketako Estatu Batuetako “The Ring” aldizkariak, World Ratings delakoan, pisu astunen artean munduko bederatzigarren postuan kokatzen zuen Ibañarrietako boxeolaria; esaterako, George Foreman handiaren aurretik! Hala ere, ez zen Europako boxeolari baloratuena, Henry Cooper aurretik baitzuen. «Uzkudun berria ote Urtain?», zen erantzun beharreko galdera. Erantzuna aurkitu nahian, Madison Square Garden famatuko boxeo ekitaldien zuzendari Harry Marksonek bere lankide Teddy Brenner bidali zuen Urtain “espiatzera”. Haren txostenen arabera, Urtainek «Rocky Marciano gogorarazten duen fisikoa dauka [AEBetan sortutako azken munduko txapeldun zuria. Bere balantzea, 49-0 erretiroa hartzean, oraindik berdindu gabeko errekorra da pisu astunetan. Jotzailea bezain hartzailea zen, nonbait], baina ez du bere maila teknikoa».

Txostenak txosten, Floyd Patterson, George Chuvalo edo George Foremanen aurka Madison Square Gardenen borrokatzeko aukera eskaini zioten Urtaini. Honen erantzuna, ordea, honakoa izan ei zen: «Joe Frazier [garai hartako txapelduna eta Muhammad Aliri aurrenekoz irabazi ziona] edo inor ez». Hantxe amaitu zen, Urtainen garairik onenean, AEBetan borrokatzeko aukera. «Eskerrak hala izan zela», onartu du Maritxalarrek. «Agian Urtainek garai hartan pentsatuko zuen Frazierren aurka lehiatzerik bazuela, baina laster bere karrerak erakutsiko zion ez zela horrela». Hori bai, 1972an Bartzelonan egindako lagunarteko borrokaldi baten bezperan Muhammad Ali handiak Urtain «Europako boxeolari onena» zela bota zuen; «gustura apurtuko nioke burua» gaineratu zuen, bere ohiko “performancea” biribilduz.

Blin menperatu ostean beste lau borrokaldi ere egin zituen Urtainek 1970eko azaroaren 10ean Wembleyn Henry Cooperren aurka neurtu aurretik. Lehen zortzi roundetan, ingelesaren bekaina zauritzea lortu zuen arren, Cooperrek boxeoa borroka baino gehiago dela erakutsi zion Urtaini, baita aurpegia erabat mailatu ere. Bederatzigarren roundean amaitu zen dena; Urtainen puntu gorena porrot batekin iritsi zen eta Espainia frankistak muturra okertu zuen. Urtain bera ere 1968tik bizi zuen lo goxotik esnatzen hasi zen. Hala ere, gipuzkoarra 1971ko abenduaren 17an berriro Europako txapeldun bilakatu zen, Madrilen, Jack Bodell britainiarra bigarren roundean KO lagata, «inork ere bere alde lau ogerleko ematen ez zituenean», dio Maritxalarrek. Hurrengo urteko ekainaren 9an Jürgen Blin arerio zaharrak kendu zion koroa Arroakoari, eta orduan bai hasi zela Urtainen gainbehera, 1977ko martxoaren 12an, Anberesen, Jean Pierre Coopmanek Europako Txapelketa lortzeko lehian, Urtaini azken belarrondokoa eman zion arte. Orotara, 68 borrokaldi, 53 garaipen (41 KO), 11 porrot eta 3 berdinketa. Eta bere neurrian, gertatuak gertatu, kirolarien errespetua merezi duen borrokalaria, puntu gorena Henry Cooperren aurkako porrotean lortu bazuen ere.