GALDER PEREZ
IRITZIA

Perez Sagutxoa

Umeago ginenean, hagin bat erortzen zitzaigunean oparia jasotzen genuen. Tira, Perez Sagutxoarekin trukea egiten genuen: hagina burukoaren azpian jarri eta, lotan geundela, sagutxoak beretzat hartzen zuen eta, trukean, txanpona edo oparitxoa uzten zigun. Nik aldizkariak ekartzea maite nuen, “Super Pop”, “Tele Indiscreta” eta halakoak, suposatzen dut. Esan ohi da gure aitita-amamek eroritako haginak sutara edo baserriko teilatuetara botatzen zituztela. Gauza bat zein bestea izan, umetan haginak erori eta hazteko prozesu naturala erritual mistiko bilakatu izan da beti.

Perez Sagutxoaren ohitura pop sekretu handia da, jendartearen asmakeria ederrenetarikoa, zalantzarik gabe. Bigarren mailakotzat dute askok, arimarik gabeko materialistek, jakina. Zer eta bere oparitxoak ez direlako Olentzeroren mailakoak izaten. Baina Perez Sagutxoak beste inork baino dohain handiagoa dauka. Ume askok hortzak erortzeari sekulako beldurra diote. Ikara minari. Beldurra odolari. Niri, behintzat, hori gertatzen zitzaidan: handiago zen odolaren ikara hagina bera galtzearena baino. Bata zein bestea izan, Perez Sagutxoa gauez etortzen zen. Mimoak ematen zizkigun. Behin mina eta beldurra pasata, gure babesa zen. Sagutxo honek gurekin lo egiten zuen. Gure loaren zaindari modukoa zen. Zainduta sentitzearen onura guztiak ematen zizkigun Perez Sagutxoak.

Orain, hortz guztiak erortzen zaizkigun amets errepikakorra dugun honetan, saguen kontu oro amesgaizto bihurtzen da. Izan ere, hortz guztiak eroriz gero, bakarra beharrean hamaika sagu irudikatzen ditugu gure burukoan. Goxo zena latz bihurtu da, paranoia. Beharbada, izaki magikoenganako sinesmena galdu genuelako amesgaiztoak ditugu gauero orain. Baina esnatzean, sagu denak Hamelingo txirulari batek eramanak direla dirudi. Saguentzat kantu hipnotikoa eta arriskutsua da txirulariarena. Melodia horrekin sagu denak konbentzitzen ditu. Edozein soinu aterako da sorgindutako txirula horretatik sagu denek bere doinupean dantza egin dezaten, elkarri buztana zapaldu eta mozteko.

Gero eta zailagoa bada ere, zein melodiarekin abestu eta dantzan egin behar dugun aukeratzea ezinbestekoa da. Gor ibili behar bada, sirenen kantua bailitzan, gor ibiliko gara. Baina umeago ginenean goizez gure haginaren trukean jasotzen genuen opariaren zirraraz bizitzen jarraitu nahi badugu, sagutxoek bezala belarriak erne eduki beharko. Izan pop sinesmen, mito ala legenda, baina oraindik ere ezinbestekoa dugu norbaitek zaintzen gaituen sentsazioa izatea eta, batez ere, ziurtasuna. Ez dezagun erritual mistiko bihurtu bizitza naturala izan beharko lukeena: elkarren zaintza benetakoa ez bada, teilatutik behera jausten amai dezakegu, garai zaharretako haginek bezala.