Alaia Martin
IRITZIA

Baionak eta Bilboak

Baionako eta Bilboko kaleak atzo bereziki hutsik sumatuko lituzke gure efemeride begiradak. Askok pentsatuko genuen Bilbon eta Baionan atzo, baina aurten pausuek ez gaituzte hara eraman, nor bere herriko plazetara ekarri gaitu aurten elkartasunak, distantzian elkartzera. Distantziagatik lehen, distantziara orain. Distantziagatik orain ere, inoiz bainoago, baina distantziatik.

2020. urtea ez da bereziki erraza izan, alor gehienetan ageriago utzi ditu aurretik mantapean zeuden krisiak eta mantak erantzi eta hotzez utzi ditu gure zuloak. Prekario bizi zena dirulaguntza eta limosna eske ariko zen, justuan baina ongi zebilena ongi baino justuago, ederki zebilenak ederki egon bai baina ederki ibiltzeko aukera gutxiago izan du eta bikain zebilenak ohi baino tristura usain handiagoa hartuko zion kaleari. Kalean zegoenak eta dagoenak ez dakit nola egingo ote zion aurre iazkoari, ez naiz gai irudikatzeko eta bozgorailurik ere apenas ematen zaien.

2020a kartzelan ere ez zen nolanahiko urtea izango. Beti egin izan zait zaila hango egunerokoa irudikatzea, preso batean larruan sartzea, egunerokotasun horrek haragian zer zirriborratuko duen asmatzea. Zailagoa are, kartzela herritik urrun eta kartzela barruan isolatuta pasatzen dutenen kasuan, ez naiz gai irudikatzeko eta ahalegintzeak min ematen dit. Preso gaixoen kasuan, zer esanik ez. Ezer gutxi gehi nezake, oinarrizko-oinarrizkoena eskatzeaz gain.

Astero edo hainbatero bisitan, urte luzez, joaten diren horiei buruz ere, zer esan, hamaika aldiz entzun ez dugunik edo ezer konpon lezakeenik? Senide eta lagunak kondenatzen dituen espetxe politika honek irauten irakatsi diola herritar askori, amorrua gaingabetzen, indarrez gogobetetzeko, elkartzen irakatsi digula, baina nahiago genuela beste era batzuetan ikasi.

Harrigarria da, minaren, gutxiespenaren eta mehatxuen aurrean nolako berritze gaitasuna izan duen senideen mugimenduak, txalotzekoa bezain harritzekoa. Zenbat urtarrileko larunbat gogoangarri antolatu izan dituzten, zenbat lelo plazaratu, zenbaterainoko sozializazio lana egiten den eta zenbat umeri eman zaien euren motxilak besteenekin konparatzeko aukera. Zamakide sentitzeko aukera. Hitzek patinete gainean irrist egiten duten garai honetan, zenbat lur jarri zaien erantzuten zailak diren galderei. Ez da erraza egunerokoak itotakoan eraikitzeko tartea eta grina pilatzea, ez da erraza grina hori era irudimentsuan eta baikorrean helaraztea eta aldaketen abiadura motelaren aurrean itxaropena mantentzea, baina mugimendu honek frogatu du ez dela erraza baina egitea beste erremediorik ez dagoenean, egin litekeela. Eta duin egin.

Herrika batu gaitu aurten aldarriak eta zatika begiratu diogu osotasunari. Ziurrenik ezberdina izan da indarraldia, batasun sentsazioa eta hunkidura. Beharbada herriz herrikoak kasuan kasuko berezitasunak begiratzeko patxada emango zigun, kopuruak izen-abizenez bataiatzen lagunduko zigun eta elkarrengandik, herrikideengandik hurbilago egoten, min abstraktuak zehazteko egokiera emango zigun beharbada. Argi daukadana da, hainbeste pertsonarekin elkartzeko gogoz amorratzen nagoen garai honetan, elkartzeko arrazoiak aldatzeko garaia dela.