Galder PEREZ
IRITZIA

Irakurle bat gutxiago

Irakurle bat gutxiago dute GARAk eta 7K-k. Gure ama, beste asko bezala, covid krudelaren ondorioz hil da. Ez zuen azken egunetan ez familiaren babes fisikorik izan, ezta eskuartean kazetarik edukitzeko aukerarik ere. Amarentzat egunero egunkaria izatea altxorra zen. Umeago ginenean “Egin” eta gero GARA. Berarekin ikasi nuen, berak zioen bezala, izparringia irakurtzen. Azken boladan interaktiboa zen gure amaren GARA. Ez sarean, NAIZen sartzen zelako, ez: boligrafoa hartu eta berak birsortzen zituen orriak. Irakurketa performatiboa egitea maite zuen. Gogoko ez zituen hitz, ideologia edo instituzioei, urratua. Gorroto zuen pertsonaiaren bat argazkietan agertuz gero, horren gainean zirriborro, bibote edo dena delakoa margotu. Etxera iristen zenean, amarentzat altxorra zen GARA eta, bere eskuetatik pasa ostean, denontzako artelana.

Kontatu nezakeen orain, azken egunetan nola sufritu zuen, senitarteko guztiak isolatuta geunden bitartean, ezin ama ikusi, norbera bere bakardadearen antsietatea eta tristura jaten. Kontatu nezakeen nola gure ama eta bere neba-arrebak Maracaibon, Venezuelan, jaio ziren eta han ikasi zuten euskara, sekula beste inori entzun ez diodan hitz mordoa ekarrita edo aitite-amamek berrasmatuta, gerora amak periodikoarekin egin bezala. Konta nezakeen ere belaunaldi bat badoala, gure amen belaunaldia, aitarekin batera sekulakoak egin eta jasan zutela gu ikastolara joateko eta bizi izan dugun zorioneko bizitza euskaldunaz eta independenteaz gozatu ahal izateko. Konta nezakeen berak kontatzen zuen guztia: kantaldi zahar horiek, nola abiatu zen aurreneko Korrika Oñatin, Santi Brouarden hilketaren osteko negarrak… Konta nezakeen Bilboko Aste Nagusian banderen guda zeritzan horretan nola oihukatzen zuen: «Aurrera, mutiko!».

Baina nahiago dut konfidentzia bat kontatzea. Egunotan asko, hainbeste dira etortzen zaizkidan oroitzapen goxoak. Horietako batek kolpe berezia eman dio nire bihotzari. Asko ziren amarekin batera neuzkan bizioak, ezkutukoak batzuk, publikoak besteak. Igandeak etxe guztietan bereziak izan dira beti. Garai bateko igande arratsaldeetan amak eta biok salaren konkista egiten genuen. Ez dakit non zeuden edo nora zihoazen aita eta anaiak. Ama eta biontzat bakarrik zen telebista, zer eta “Candy, Candy” ikusteko. Ez dakit zer pentsatuko nukeen gaur ikusiko banu. Baina anime serie horrek lotzen gintuen igandeetan, elkarrekin negar egiten genuen, ustez neskentzako zen telesaila ikusten. Orduan ez nekien gaur disidenteak izango ginenik eta binarismoarekin eta kaka horrekin guztiarekin haustu behar izango genuenik. Itzel gozatzen genuen amak eta biok maitasun erromantiko eta heteronormatiboaren gainean osatutako kulebroi marrazki horiekin. Konplize ginen horrekin ere. Orain, ordea, ez daukat norekin ikusi “Candy, Candy”. Orain, Heidi edo Marco sentitu nintekeen. Edo hobe Dickensen protagonistetako bat. Lagun dut idazle britaniarra doluan. Eta konturatu naiz, amaren irmotasunari esker, munduan ni irakurle bat gehiago bilakatu ninduela berak.