Galder Perez
IRITZIA

Kultura kontrola

Duela urtebete zuzeneko kulturaz gozatzeko aukera bakarra etxeetako pantailak ziren. Streaming bidez ikusten genituen musikarien zuzenekoak, eta baita zenbait pieza eszeniko ere. «Hau dena geratzeko etorri da», esaten genuen orduan. Eta geratu da, horixe baietz. Gero, kontrolpean egindako zuzeneko emanaldiak egiten hasi zen zenbait tokitan, neurri mordoa gordeta, osasun egoerak baldintzatuta. “Kultura segurua da” lau haizeetara zabaltzen hasi ginen orduan. Orain, berriz, begiak ireki eta ziurgabetasuna da nagusi benetako kultura aske baten aldeko apustuan. Zuzeneko emanaldietan, segurtasuna kontrol bihurtu da. Beharbada, leloa aldatzeko garaia dugu, eta onartu kultura kontrolpean dutela: hori da gauza segurua.

Hego Euskal Herriaz jardungo gara; izan ere, Europako beste toki askotan bezala, Frantziak zuzenekoak egiteari utzi zion eta, ordutik, bestelako protesta modu interesgarriak abiatu zituzten arte eta kultura langileek, antzokiak okupatzen hasita. Hegoaldean, hortaz, oso leku gutxik dute zuzeneko emanaldiak egin eta antolatzeko aukera. Horietako gehienak programa ofizialen arauekin antolatutakoak dira. Gutxi batzuk dira ekimen pribatu edota herrikoiak. Segurua den kultura hori gero eta administratiboagoa den eskaintza bilakatzen ari da. Printzipioz, kudeaketa publikoak onuragarria beharko luke izan, nola ez. Baina jakin badakigu kulturaren kudeaketa publikoa ez dela herri kultura edo kultura independentera egokitu. Kontrakoa gertatu zen aspaldi: kultura guztia burokrazia nahasietan itotzera kondenatu zuten. Oso gutxi batzuek dute, hortaz, gaur egun kultura publikoa esaten zaion horretan nabigatzeko aukera, eta beste denak, apurka-apurka axolagabe eta gupidarik gabe hondoratzen uzten dira, bazterrekoa zena ahalik eta baztertuena utzirik.

Errepara diezaiegun azken hilabeteotako kultura programazioei. Behin eta berriz izen berberak errepikatzen ari dira programatutako musika eta arte eszenikoetan. Beraz, oso aukera gutxi dute talde txiki, hasi berri edo oihartzun gutxi dutenek. Oso zaila edo ezinezkoa da horientzat eszenatoki bat zapaltzea. Salbuespenak izan badira, zorionez: ekimen pribatuei esker, zirkuitu ofizial horretatik kanpoko programazioa badugu, toki gutxi batzuetan. Sekulako lan eta zailtasunei aurre egin behar diete, baina hortxe daude jo eta su Bira edo Jimmy Jazz moduko aretoak, adibidez. Baina gure herrietako plazek, tradizioz jai batzordeek kudeatutako espazioek, ordea, ia ezinezkoa dute ezer egitea. Pandemiaren aitzakiaz, debekuak handitu egiten dira. Udal batek, bitartean, lehen jaiak egiten ziren espazioetan gaur kontzertuak antolatzen dituela ikusten ari gara, bere urrezko agenda eta agenteekin, noski. Bitartean, herri ekimenari ezetz esaten dio, herri osasuna babesgabe utzirik. Kultura benetan segurua izatea nahi badugu, hain kontrolpean duten kulturari aurre egiteko, inoiz baino beharrezkoagoa dugu kontrakultura. Bestela, streamingarekin gertatu bezala, geratzeko etorri da. Eta kulturaren kontrolarekin gauza bera gertatuko da: kulturaren kontrola geratuko da.