Alaia Martin
IRITZIA

Lana da

Ama izan aurretik susmoa neukan, baina ama izan ostean susmotzarra daukat, gurasotasuna lan luze, sakon eta batzuetan gogor samarra dela. Alderdi eder, zoragarri eta maitagarria badu, jakina, baina horretaz hitz egiteko egin dira aski film, artikulu, liburu, publizitate kanpaina eta zuriketa lan; beraz, goazen beste alderdietara.

Hitz egiten duguna garela esaten ez naiz hasiko, baina ziur nago hitzek egiten gaituztela: hitzekin ez dugu, besterik gabe, pentsatzen, sentitzen edo sumatzen duguna esaten; pentsatzen, sentitzen edo sumatzen dugunean eragin lezakete gure hitzek, guk geuri edo geuri buruz esandakoek. Horri esker edo horren ondorioz adosten ditugu gure garunarekin garenaren errelatoa eta, azkenean, sinetsi ere egiten dugu batzuetan, buru eta gorputz sinetsi ere.

Hitzen eta ideien arkeologia ariketak egitea gustuko izanik ere, batzuetan airera jauzi egiten digute hitzek, erantzunek eta keinuek, asko pentsatu gabe, braust. Asko pentsarazi dizkiguten gauzak esaten ditugu, normalean, pentsatu gabe.

Ziurrenik horregatik daramatzat hilabete batzuk, paseatzera irtendakoan, ama izan ostean lanera itzuli ote naizen edo ez erantzuten. Batzuei baietz, besteei pixka bat, besteei ezetz…Erantzun izan diet elkarrizketarako gogoaren eta elkarrizketatzailearen jarreraren arabera, baina inor gutxiri esan diot berez dakidan bezain argi, lanean ari naizela.

Lanean ari naiz: sormen enkargu-lan txikiak egiten, bertsotan, leihotxo honetan idazten… Eta hala erantzun izan diet gehienei, baietz, ari naizela zerbaitetan baina, batez ere, etxetik ari naizela lanean. Justifikatu beharraren sentsazioaz harago (erruduntasuna deseraikitzeko autolanketa politikoa nire baitarako gordeko dut gaurkoz), jabetu naiz izugarri desegoki erantzun ditudala galdera gehienak. Oro har, etxetik ari naiz lanean, ez dut gezurrik esan horretan, baina batez-batez ere, etxean ari naiz lanean. Etxean, eta paseoan galdera hori egin didaten une berean. Etxetik eta etxean ari naiz lan eta lan azken hilabeteotan, nik aukeratutako lan lotu eta ezin aberasgarriago (musu-truk, hori bai) batean eta bestelako lan txiki eta bizigarrietan. Lan hauek guztiak dira nik hautatuak, guztiak ere kuttun-kuttunak, baina lanari bere balioa eman behar zaio eta haur bat zaintzea ere lana da, aitortzarik gabea, apenas laguntza ekonomikorik ekarriko ez dizuna, bestelako lanak egitea baldintzatuko dizuna… Baina beste edozein zaintza lan bezala, lana da. Errepika dezadan, errepika dezagun: lana da. Lan ezin garrantzitsuagoa bizitzari eusteko, nahiz eta horretarako baliabiderik ez den eskaintzen eta baldintzarik gabeko maitasun mugagabearen izenean egin behar den eta irribarre zabal batekin. 24 orduz.

Zenbat zaintzailek egin ote du mendez mende lan, lanean ari zela jakin gabe? Zenbat zaintzailek egiten ote du egunero ordu luzez lan, kalean topatutakoei lanik gabe dagoela erantzunez…? Elikatzea, ipurdi bat garbitzea, giharrak ez geldotzeko ariketak egitea, begietara begira denbora eskaintzea, entzutea, janztea, krema ematea, zoriontzea, besarkatzea, tirita imajinario bat jartzea, atzazalak moztea… lana da. Eta hori guztia egiteaz gogoratzea eta horien arduradun sentitzea lana da. Lana ere bada.