Galder Perez
IRITZIA

Bizitza, etxea eta negozioa

Euskaldunok bizitza eta etxea hitz batean elkartzen ditugu: etxebizitza. Kalea bizitzaren unibertsitatea bada ere, eta munduko bazter ezkutuena abentura bizitzeko ezinbesteko txokoa, etxeko babesean eraikitzen ditugu gure izatearen zimenduak. Hainbat etxetan bizitzea tokatu zaionak etxe zehatzekin lotuta gogoratzen ditu bizitzako aro ezberdinak. Ume garaiko pasillo zahar bateko hormen paperen koloreak edo eskayzko sofa batean ipurdia itsatsita emandako udako egun bero luzeak. Unibertsitate garaian, lanpara rokoko batek nola argitzen zituen gau eder eta amaigabeak. Ondoren, etxeko usain bigun goxoa azpiko jatetxearenak konkistatu zuela oroitzen dugu. Eta horrela, etxeak, hots, gure bizitzak, katuak beste existentzia ditu. Azken urte amaigabe honek etxearen zentzua eraldatu du, nola ez, eta ziurrenik hau dena pasatu arte, ezin jakin nola gogoratuko dugun garai honetako etxea. Baina sendotuko dute gakoa: gure bizitzak etxez osatzen direla, pertsonak burua, bihotza eta gorputza garen bezala. Hori bai, bizitzeko etxea, ala etxerako bizi, zalantza beti.

Kontraesana badirudi ere, pandemiaren ondorioz ezarritako alarma egoerak askatasuna mugatu badu ere, kasu batzuetan babes modukoa ere izan da, sozialki eta ekonomikoki. ERTEak dira adibide, baina baita etxegabetzeak ere. Inor etxerik gabe utziko ez zutela agindu bazuten ere, saiakerak egon dira. Baina laster negozioa, otso eta lukurreriaren atzaparretatik libre izango dira berriz aitaren eta amaren etxeaz jabetzeko. Bestelako alarma piztuta dago jada, etxe-bizitza negozioa ez dela aldarrikatzen duena. Bilbon, bitartean, putre-funtsek etxebizitza mordoa erosten jarraitzen dute isilean, udalak diru publikoz obra pribatuak ordaintzen jarraitzen du etorkizuneko hiri modernoa aginduz eta, edonon, alokairuak gero eta eskuraezinagoak dira. Pandemia urte oso honetan ustez hutsik egon dira turismo pisuak. Nola ez, ba, berriki jakin denez, Donostiaren kasuan gutxieneko baldintzak erdiek ere ez dituzte betetzen. Baina ez du axola, biharko behar ditu hiriak. Hori bai inbertsio ziurra. Eta, ustez, pertsona zen helburu.

Pandemiaren ipuin beltz honetan, bizitza non eraiki, gaua non pasa, ez daukan gero eta lagun gehiago ageri den bitartean eta etxe mordoa hutsik egon arren, ekin eta eraiki jarraitzen dute. Duela urte batzuk adreiluaren krisialdia deitu zuten horretan asko ikasi omen zuten eta hortxe jarraitzen du kantuak, kolpe, kolpeka, ekin eta eraiki. Badirudi neoliberalismo basatiaren ebidentziekin bizitzera gehiegi ohitu garela, ia amore eman arte, sistemaren berezko ezaugarri gisa ia guztiz onartu arte. Beharbada horregatik ez gaitu harritzen jendeak kontatzen duenean, noiz eta orain, krisialdi sakonean murgilduta gauden momentu honetan, bigarren etxebizitza batean pentsatzen ari dela. Barkatu, bigarren etxe-bizitza? Ausardia behar da, gero, termino hori erabiltzeko. Baina horrela sentitzen dira, ausart, oporretarako etxea erostea ipuinetako printze edo printzesen balentria balitz bezala. Eta bigarren etxetxo hori nahi ez dutenak ipuinetako errege-erregina bihurtu dira; hirietatik, herri xehearen aldamenetik, ihes egin behar izan dute, nora eta gaztelu panpoxootara. Bestela nola azaldu txalet eta baserrien salmentaren boom deitutako hori? Enkarterriko adibide argia: salgai zeuden baserri eta txaleten %90 saldu dira azken urtean. Ez dakit zuei, baina sekulako gogoa sartu zait niri pilota txuria hartu eta makilaz kolpe bat emateko. Zer da gure auzoko plaza, biharko golf zelaia ez bada?