Andoni Urbistondo
ALPINISMOAREN NOMADA

«Arriskua askatasuna da: ez dago ezer, inor; zu eta zure arauak»

Dennis Urubko alpinismoko mito bat da (Kazakhstan, 1973). Europa ekialdeko mendi eskolan hezitakoak hamaika balentria egin ditu. Bederatzi urtean igo zituen 8.000 metroko hamalau mendiak. Denak oxigenorik gabe. Ia denak ohikoa ez den beste bide batetik, eta bost zortzimilakotan bide berriak irekiz: Broad Peak, Manaslu, Cho Oyu, Lhotse eta Gasherbrum II. Azken biak, gainera, berak bakarrik egin zituen. Makalu eta Gasherbrum II-ra egin ziren neguko lehen igoerak ere bereak dira. Heziketa militarra jasotakoa, diziplina maite du. Fisiko ikusgarriko gizaseme honek serio itxura dauka azaletik, baina atsegina eta sentibera ere bada; batez ere, mendian hil diren lagunak aipatzen dituenean. Iñaki Otxoa de Olza, horien artean. Annapurnan hil zen nafarra izan du gogoan sarri Urubkok, Errezilgo Solaka etxean egindako solasaldian. 2019az geroztik Granadan bizi da Urubko, Maria Jose Cardell bikotekide alpinistarekin, eta Azpeitiko Lagun Onak mendi taldeak gonbidatuta egon da berriki Euskal Herrian.

Euskal Herrian egona al zinen lehenago noizbait?

6-7 urte izango dira azken aldiz egon nintzela. Donostian egon nintzen, Iruñean… Ez dut sobera ezagutzen, bisita laburrak egin izan ditudalako. Iñaki Otxoa de Olza ezagutu nuen aspaldi, baita Juanito Oiarzabal eta Alex Txikon ere.

Mendizaletasuna handia da gure herrian. Horren jakitun zinen?

Eman ditudan hitzaldietan jabetu naiz horretaz. Adibidez, Italian, nire emanaldietara joaten direnen %20 dira gazteak, eta %80 ba jubilatuta dauden herritarrak. Polonian alderantziz gertatzen da, eta Euskal Herrian eta Espainian, bien nahasketa. Alegia, jende gaztea eta adinean gora doazenak etortzen direla ni entzutera. Horrek, noski, zaletasuna handia dela esan nahi du.

Granadan bizi zara azken bi urtean.

Bai. Sei urte izango dira Maria Jose Cardell bikotekidea ezagutu nuela, eta azken bi urteak Granadan eman ditugu, pandemiagatik. Gustuko dut Granada, bertako kultura. Jendea adeitsua da, klima ona, mendia eta kostaldea gertu. Arrokako eskalada egin dezaket nahi beste etxetik gertu; neguko eskalada ere bai Veleta aldean (Sierra Nevada), eta 2.000 eta 3.000 metro arteko altueran entrenamendu onak egin ditzaket.

Arroka eskalatzen zabiltza bete-betean. Zein graduazio gainditzen duzu egun?

7a. Hurrengo bi urteetan 8a mailara iritsi nahi nuke, erronka hori daukat. Maria Josek 7c gainditzen du dagoeneko. Gustura ari naiz arrokan eskalatzen, baina jabetzen naiz diziplina horretan hobetzen ari naizen neurrian alpinismoan gaitasuna galtzen dudala apur bat. Zikloak dira. Granadan nire elikadura ohiturak ere aldatu ditut. Maria bikotekidea begetarianoa da, eta ni ere bai, ia-ia. Esperientzia berriak ezagutzen ari naiz, nire gorputza hobeto ezagutzen, pauso bat aurrera egiteko, hobeto prestatzeko. Gazteago sentiarazten nau horrela jarduteak.

Diziplina zorrotzekoa zara. Xabi etxeko nagusiak esan digu goizeko bostetan jaiki zarela.

Bai, goiz beti. Jaiki, ordenagailuan lan pixka bat egin, kafea hartu, etxe honetan daukaten rokodromoan ariketa batzuk egin, ondo gosaldu, zuei elkarrizketak emanez lan egin, eta arratsean, ahal bada, ba eskalada pixka bat edo saioren bat mendian. Hori egun perfektua litzateke niretzat. Halere, eta Maria Jose ezagutu nuenetik, nire ohiturak aldatzeko beharrean sentitu naiz apur bat. Espainian oso berandu afaltzen da, kale kultura handia dute. Askotan aurkezpenen batean parte hartu, eta Mariari esaten diot: ‘bueno, goazen etxera, afaldu eta ohera’, eta berak, edo ingurukoek ezetz, tabernaren batera goazela zerbait jan edo edatera, eta gero beste tragoxka bat… azkenerako gauerdia iristen da. Ez naiz horrela hezi, baina moldatzeko gaitasuna daukat, kameleoi batek bezala. Kazakhstanen eta Errusian hezi nintzen, gero Polonian, Nepalen, Pakistanen, Italian, Espainian bizi… Toki bakoitzeko bizi ohituretara moldatzen ikasi dut.

Nongoa sentitzen zara?

Ez dut horretan pentsatzen; kazetariek sarri galdetzen didazue. Ez daukat erlijio jakinik, ezta herri batekiko nortasun sendorik ere, nolabait esatearren. Ez dut toki bat nire etxe edo jaioterri gisa sentitzen, eta hori akaso arazo bat da. Nomada kontsideratzen naiz. Orain Granadan bizi naiz, eta moldatzen naiz. Urte batzuk barru batek daki. Errusiera, poloniera, ingelesa, italiera eta gaztelania apur bat hitz egiten dut. Kultura eta hizkuntza aldatzeko gaitasuna daukat; molda naiteke egoera jakinetara.

Argazki eta irudi bitxiak ikusi ditugu azkenaldian Everest eta Annapurna aldean; jendea helikopteroan goi kanpalekuetara igotzen, sokak eta oxigeno botilak ia 7.000 metroraino eramaten… Hori himalaismoa al da zuretzat, Dennis?

Bueno, hasteko. Negozioa negozioa da. Zu kazetaria zara, eta niri galderak egiten dizkidazu, nik erantzuteko. Zuk galdetzea eta nik erantzutea gure lana da. Xerpek ere lana behar dute, eta hainbat pertsonak euren ametsak bete nahi dituzte Himalaiako mendiak igoz. Mendia askatasuna da, askatasuna ematen dizu. Zenbatetan entzun dut mendia horrela da, edo horrela izan behar lukeela. Mendia askatasuna da, eta ez du modu batekoa edo bestekoa izan behar. Urte osoan bulegoan lanean egon eta mendira igotzeko ordaindu nahi duenak zergatik ez du, bada, ordainduko? Dirua da xerpentzat, Nepalentzat. Behar dute bizitzeko. Annapurnako kasua aipatu duzu, helikopteroa ia 7.000 metrora igo zela sokak eta oxigeno botilak eramatera. Nire lagun batzuk han zeuden, eta oxigenorik gabe igotzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten. Izozte arriskua zuten, eta horregatik erabili zuten oxigenoa.

Everesteko kanpaleku nagusian pandemiak eragin duen egoera ere arduratzeko modukoa da, ezta?

Nik nahiago izan dut etxean geratu. Aukerak izan ditut espedizioren bat egiteko, baina ez mugitzea erabaki dut. Himalaismo komertziala hor dago, eta norberak nahi duen hautua egin dezake. Joan zaitezke Everest-era nahi duzun moduan, agentzia batekin edo bestearekin, xerpekin edo gabe, ohiko bidetik edo beste bide batetik. Mendiak mila aukera ematen dizkizu zure ametsa betetzeko. Everesteko bide normala jendez betea dago orain, baina hego-mendebaldeko eta iparreko aurpegia libre daude, edonor joan daiteke. Ni hego-mendebaldeko aurpegitik saiatu nintzen 2013an Everesten, eta Alexei Bolotov kidea hil zen. Mendiak arriskua dauka; are gehiago, bide berrietan. Bide berriak artea dira, zer gerta litekeen jakitea ezinezkoa delako. Egin dezakezu trekking normal bat, eta argazkiak atera, kafe bat hartu ostatuan. Ados. Baina sortzailea den zerbait egin nahi baduzu, saiatu zerbait berria egiten. Agian jendeak ez zaitu txalotuko, goratuko, baina zure sorkuntzan arrakasta izango duzu.

Zu zeu himalaismoko artista sentitzen al zara?

Arteaz galdetzen didazu… Baduzu barruan zerbait lo egiten uzten ez dizuna, gauza berriak deskubritzeko grina, gauzak lortzeko kemena, eta gauza horiek jendeari erakusteko beharra. Broad Peak gailurreko hego aurpegia igo nuenean ametsa lortu nuen. Hori da artea, sorkuntza, niretzat. Artea zer den? Besteek egiten edo lortzen ez dutena egitea. Eta egindako horrek ikusgaitasuna izatea, ikusle asko. Artea konparazio ariketa bat baita. Alegia, zuk zeurea egin baino lehenago egin al da zuk egindakoaren antzeko zerbait? Egin ez bada, artea da.

Halere, igoera, ahalegin, ekimen oro errespetatzen duzu.

Bai, noski, baina ondoren egia esaten baduzu. Zuk Broad Peak oxigenoaren laguntzarekin igotzen baduzu, bide normaletik, ez saldu niri artea edo sorkuntza lanik egin duzunik, ez baita hala. Batez ere, aurreko belaunaldiek mendi horretan oxigenorik gabe egin zituzten ahalegin eta igoerengatik. Zuregatik egin duzu, eta igo duzu, ados, baina ezin da, demagun, Reinhold Messner-ek mende erdi lehenago Everesteko ipar horman egin zuen igoerarekin alderatu. Pentsa dezakezu: ‘Sekulako kirol lorpena egin dut’. Ez da zuzena. Hori guztia esanda, gogoan izan hasieran esan dizudana: negozioa negozioa da. Jendeak bere lorpenak ahalik eta gehien zabaltzea du xede: babesleak, dirua, xerpak…

Historiako himalaista onenetakoa zara, Dennis. Zer sentitzen duzu hori esaten dizutenean?

Eskertzen ditut hitz horiek. Noski, harro sentitzen naiz, baina mendiak igotzea nire erronka pertsonala da. Zu kazetaria zara, eta artikulu on bat idazten duzunean harro sentitzen zaren neurrian, ni ere antzera. Oihartzuna lortzen baduzu, sarean hainbat ‘gustuko’ jaso, edo jendearen esker ona jaso, ona edo zuzena den zerbait egin duzula esan nahi du. Nire kasuan, ez Urrezko Piolet-a lortu nahi dudalako (alpinismoko sari ezagunena, Frantzian ematen duten Piolet d’Or), pertsonalki ase egiten nauelako baizik. Nigatik egiten dut, nire bide artistikoa jorratzeko, besteek egin dutenarekin konparatzeko. Eta mendian besteek egiten dutena hobetzeko bide bakarra mendietara bakarrik igotzea da, eta estilo alpinoan (laguntza edo kanpamenturik gabeko igoera, hasi eta bukatu arte, beharrezko guztia soinean eramanda).

Anbizio handiko alpinista zara.

Anbizioa eta kirola eskutik doazela esango nuke. Besteak baino zerbait hobea egiteak erakartzen nau. Maratoian erronka besteak baino azkarrago egitea da. Mendian, himalaismoan, besteak egin ez duena egitea. Ez naiz alpinista sariak edo dirua lortzeko asmoz.

Anbizio horrek sarri heriotzaren atarian jarri zaitu, heriotza sentitu duzula esan genezake. Zer pentsatzen duzu heriotzaz?

Arriskua hor dago, noski. Entrenamendu gogorrak egin ditudalako eta zorte handia izan dudalako nago bizirik orain eta hemen. Jende asko hil da mendian, zorte txarragatik sarri. Hiltzeko arriskua edozein toki eta unetan dago, baina pauso bat aurrera egin nahi duzunean, arriskatu egin behar duzu. Erabaki dezakezu erosotasun eremuan geratzea, eta arriskurik ez hartzea. Ados. Norbera libre da nahi duena egiteko, baina bizitza pasa egingo da, besterik gabe. Arriskuak mendian kostu bat dauka, zehar-kalteak, baina era berean askatasuna dakar. Zu zaude, zure arauekin, baina inor, ezer, ez da etorriko zu laguntzera. Mendiak arrisku eta onura balantza bat du, denak bezala, eta hor oreka bilatu behar duzu.

Hitzaldiak ematen dituzu, liburuak eta artikuluak idatzi… Zuk zeuk idazten duzu?

Bai, kazetari heziketa burutu dut nire kabuz, eta gustatzen zait. Nire erronkak plazaratzeko bitarteko egokia da, jendearengana iristeko baliabidea, eta mendian egin ditudan lagun on askori buruz idazteko aukera ona: Iñaki Otxoa de Olza, Don Bowie... Idatziz azaldu dut nola saiatu ginen Iñaki Annapurnan erreskatatzen, nolakoa zen Iñaki. Idazten dudanean, sarri iraganean bizitako momentuetara itzultzen naiz, eta urduri jartzen naiz, une haietan bizi izan nuena espresatzen baitut ordu luzez orrietan. Lo ordu asko galtzen ditut sarri, halako energia karga bat sumatzen dudalako idazterakoan. Idaztean mendietara bueltatzen naiz. Halako hilezkortasun sentsazio bat bezala definituko nuke idazteko une hori; bizitza eta heriotzaren artean sentitzen zara.

Euskal Herrian samin handia eragin zuen Iñaki Otxoa de Olzaren heriotzak, eta ondoren egin zen dokumentalean oso ezagun egin zinen bizitza arriskuan jarriz erreskate lanetan aritu zinelako.

Egin behar genuelako egin genuen, hura bizirik erreskatatzeko, guretzat arriskutsua zela jakitun. Erantzukizun bat genuen gure lagunarekiko (hunkitu egin da).

Zortzi mila metroko hamalau mendiak aspaldi igo zenituen, eta 23 igoera egin dituzu denera zortzimilakoetara. Zer esaten dizu zenbaki horrek?

Gauza askorik ez. Hamalau zortzimilakoak igotzea ez da lehentasunezkoa izan niretzat inoiz. Askoz gehiago erakarri naute bide berriek, berria zen jardueraren bat egiteak. Gasherbrum II mendia, adibidez, lau aldiz igo dut, bide ezberdinetatik. Hori bada erronka bat niretzat. Ulertzen dut publikoarentzat erakargarria dela hamalau zortzi milakoak egitea, onartzen dut, baina ni ez nintzen gelditu hamalauak igo eta gero. Pauso bat aurrera ematen saiatu naiz beti, ekimen berritzaileren batekin.

Aspaldi ez dela, zortzi mila metroko mendietara ez zinela itzuliko adierazi zenuen elkarrizketa batean.

Hori ez da zuzena. Nik ez nuen hori esan. Esan nuen himalaismoan eten bat egingo nuela, baina ez betirako utziko nuela. Beste zeregin batzuk lehenetsiko nituela esan nuen. Itzuliko naiz, normalean neguan eta bide berriren bat egingo dut estilo alpinoan. 47 urte ditut dagoeneko, ez 20, baina nire gorputza azkar egokitzen da oraindik 8.000 metroko altuerara. Batez ere, entrenamendu gogorrak egin ditudalako. Kazetariak idatzi zuen betirako utziko nuela Himalaia, baina ez da egia.

Eta zein mendi daukazu buruan?

Ez dakit, aukera asko daude. Gasherbrum I, Dhaulagiri... Ikusiko da. Unea aukeratu behar dut. Bikotekidea ere erabaki horren osagaia da, zer egin nahi duen, ez... Garrantzitsuena hau da: nik aukeratuko dudala mendia eta unea, ezeren presiorik ez daukadalako. Ez dut presarik. Nire lehen zortzi mila metroko mendia hamar urtez bestelako mendietako bide tekniko eta zailak egin ondoren igo nuen. Pentsatzen dut hamabost urte on geratzen zaizkidala oraindik, ekimen potoloren bat egiteko. Gazteentzat garrantzitsua da mezu hau. Ez egin gauzak ahalik eta azkarren, une egokia dela sentitzen duzunean baizik. Egungo gazteek presa dutela esango nuke, dena lehenbailehen egiteko. Hogei urte badituzu, bizitza osoa daukazu aurretik, jarraitu zure pasioei, ametsei.

Deigarria egin zen zure beste esan bat; mendiak gorroto zenituela esan zenuen aspaldi ez dela.

Hori ere ez da zuzena. Mendiak ez zitzaizkidala gustatzen esan nuen, ez gorroto nituela. Gauza ezberdinak dira. Nire etxean ez duzu mendien argazkirik ikusiko. Bikotekidearen argazkiak ikusiko dituzu, edota lainoak ikusten diren argazkiak, eta lainoen azpian Poloniako lurrak, hegazkin batetik aterata. Everesteko argazkia ikusten dudanean... zuk, edo edonork, poztasuna, lilura sentituko duzu; nik, baina, han hil diren lagunak ikusten ditut, eta oroitzapen txarrak ekartzen dizkit. Nanga Parbat mendiarekin, egoera bera. ‘Ze mendi ederra’, esango dute ia denek. Ba bai, hala da, baina nik han lagun minak galdu ditut, eta ezin dut zuk daukazun pentsamendu bera eduki.