Iraitz Lizarraga Gomez
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Gutun-azalak

Ilustrazioa: Kristina Fernandez
Ilustrazioa: Kristina Fernandez

MAMADOU

Mamadou izena dut baina amak Madou deitzen dit. Amyk berriz Ma. Aitak bakarrik deitzen dit nire izenez, haserretu egiten baitu izenekin jolasteko joera horrek; laburtuz-laburtuz izena galdu egiten omen da eta pertsona desagertu. Aita jakintsua da baina nik ez diot erabat sinesten izenen kontu hori. Nora joaten dira izena galtzen dutenak? Hiltzen direnak Arbasoen Lurraldera joaten dira, aitona bezala; aberastu nahi dutenak basamortua zeharkatu eta Putzu Maltzurraz bestaldera... baina izengabeak? Nora joaten dira izena galtzen dutenak? Nik uste dut aitak nahiago duela niri Mamadou deitu, berak ere hala izena duelako. Aspaldian ez dut nire izena osorik entzun, aita urrun dago eta.

Beti egon da urrun: Mboron bizi ginenean Dakarren egiten zuen lan eta astean behin etortzen zen etxera. Amari erosketak egin ahal izateko dirua ekartzen zion, egunkari paperez egindako gutun-azal batean eta guri jengibrezko gozokiak eta tarteka komikiak; lan asko egiten zuen asteetan izaten zen hori. Aita pozik etortzen zen, umore onez; barre asko egiten zuen, baita amak ere. Afaria amaitu eta berehala oheratzen ziren; gau magiko horietan Amy eta biok komikiak irakurtzen geratzen ginen etxaurrean ordu txikiak arte eta inork ez zigun kargu hartzen.

MADOU

Egun horretan aita inoiz baino alaiago etorri zen: jengibreko gozokiak eta komikiak ez ezik plastikozko baloi bat ere ekarri zidan. Afaldu gabe sartu ziren logelara gurasoak eta ni baloiari ostikoka aritu nintzen atarian; Amy izarrei begira... Gaua luzea izan zen, baina ez magikoa. Egunsentian amak gosaria prestatu zigun, triste zegoen; aitak, berriz, irribarre bat zuen ezpainetan baina gezurretakoa zen. Banana-irriñoa; sudurra eta kokotsaren tartean platano bat itsatsia izango balu bezala.

Putzu Maltzurra zeharkatzeko adina diru lortu omen zuen eta bidaia luzeari ekingo ziola; Bilbo zuen helburu, han bizi baitzen Ousmane lehengusua. Lana eta etxea topatu bezain laster gu ere berarekin elkartuko ginela, bizimodu duina izango genuela, eskola onetan ikasteko aukera, lagun berriak egingo genituela.... Ama isilik.

MA

Aita jada ez zen astero etortzen gozokiak ekartzera eta Dakarrera joan behar izaten genuen bankura guretzat bidaltzen zuen dirua jasotzera. Hilabetean behin ama, Amy eta hirurok dotore jantzi, autobusez bidaia egin eta hiriburuan pasatzen genuen eguna. Ama beti negarrez ateratzen zen bankutik; igual espero zuena baina diru gutxiago bidaltzen ziolako aitak, edo diruarekin batera maitasun hitzak ere bidaltzen zizkiolako akaso... Gutun-azala ezkutuan izaten zuen behintzat, sekula ez nion antzeman non gordetzen zuen. Gero izeba Fatimetu esnatzera joaten ginen, Dakarren bizi zenetik egunak lo eta gauak dantzan pasatzen baitzituen. Gurekin Mboron bizi zenean ere egiten zuen dantza eta munduko pertsonarik alaiena zela uste nuen. Gero Dakarrera joan zen dantza egitera eta banana-irriñoa jarri zitzaion, agian eguzkipean beharrean ilargi argitan egiten zuelako dantza? Izebak ere koloretako aldizkari paperez egindako gutun-azal bat ematen zion batzuetan amari...

Nire azken urtebetetzean izebak benetako gutun-azal bat oparitu zidan, zuri-zuria, diruz betea... eta negar egin zuen; nik nahiago nuen larruzko baloi bat. Negar egiteko gogoa sentitu nuen baina muxu bat eta eskerrak eman nizkion. Amak azaldu zidan Putzu Maltzurra zeharkatu eta aitarekin elkartzeko garaia heldu zitzaidala eta dirua bidaia luzerako baliatu behar nuela. Mila bider errepikatu zidan mutiko ausarta nintzela eta horregatik joan behar nuela Amy eta beraren aurretik.

(...)

Kamioi mordoa dago hemen, bat aukeratu beharra daukat: handi-handi bat, gurpilen alboan txokoren bat duen horietakoa ala frigorifikoa; azken horiek omen dira seguruenak helmugara iritsi arte ez baitira irekitzen, baina hotza.... Amak dio gure azalak ez duela ongi jasaten. Beldurra ematen dit, hagin zorrotzeko hiena bat da hotza; kosk egitean zainetako odola izozten dizu. Moustafak esan dit hotzez hiltzea ez dela hain txarra, lotan bezala geratzen zarela. Baina nik uste dut desberdinak direla desertuko gauetako hotza eta hozkailu-kamioikoa.

Azkar Garraioak S.A. Bilbao (España): hori da nirea. Moustafa, dei nazazu Mamadou... harrituta begiratu dit lagunak baina hala egin du. Orain dei nazazu Madou, esan diot... Burua makurtu du eta ahots mehe ahulez esan du nire izen laburtua. Amarekin akordatu naiz.... Eta orain, Ma deitu behar didazu.... Silaba bakarra ahoratzearekin batera agur esan dit begiekin eta banana-irriñoa jarri zaio. Eta orain.... Ikusezina naiz eta badakit nora joaten diren izena galtzen dutenak: Bilbora. Asmatuko dut izen berri bat eta aitari lagunduko diot: diruz betetako gutun-azal zuriak bidaliko dizkiegu amari eta Amyri, gurekin elkartzea lortzen dutenera arte. Lagun berriak egingo ditut eta futbolean arituko naiz zelai berdeetan larruzko baloiekin..

Idazleari buruz...

Iraitz Lizarraga Gomez naiz, aktore, aire akrobata eta ipuin kontalaria. Adierazteko beharrari jarraiki hitza gutxietsi eta trapezioari eutsi nion. Letrekin adiskidetu naiz halako batean; idazle paperean sartu eta haiekin malabarak egiten saiatzen naiz tarteka. Oinak lurrean pausatu ahal izateko idazten dudala esango nuke, baita bizirik sentitzeko ere... baina, batez ere, esateko idazten dut.