Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Nondik dator gorroto hori?

Asko harritzen eta larritzen nau gazte batzuen artean igartzen den homofobiak. Pertsona homosexualekiko kontrakotasun gogor hori, amorrua, biolentzia... erabat irrazionala den baina sustrai sakonak dituen jokabidea da. Elizak luzaroan esan izan du «naturaren kontrako bizioa» dela eta medikuntzak «gaixotasuntzat» jo du duela ez hainbestera arte. Lokatz horietan ditugu oinak.

Bestea normaltasunetik kanpokoa, ezezaguna edota beldurgarria ikustearen ondorioa izan daiteke. Akaso etxean, eskolan, lagunartean, kalean jaso dituzten bizipenetan ez da pertsona homosexualik agertu. Akaso urrun sentitzen duten errealitatea da. Baina, nondik dator gorroto hori? Lehertu behar hori? Ezin ikusi hori? Biolentzia hori? Herra hori?

Ikerketa zientifiko batzuen arabera, homofobiaren oinarrian norbera homosexuala izatearen beldur irrazionala egon daiteke. Beldur hori tapatzeko, nazka, ahalkea edota moralitatea erabiltzen dira langa modura, erreprimitutako desioak eusteko edo. Erlijioak eta moral judeokristauak gogor zigortzen dituzte ugalketara bideratuta ez dauden plazer moduak. Eta bada, ikerketa horien arabera, homofobiaren sustraiak ulertzeko beste arrazoi bat: pertsona heterosexualak inbidiaz begiratzen dio homosexualari, gai izan delako presio sozialari aurre egin eta bere sexualitatea modu askeagoan bizitzeko.

Baina garbi dago homofobiaren jatorrian sexismoa dagoela. Sexismoak inposatzen duen ereduak gizonak emakumeen gainetik paratzen ditu, baina, era berean, sexualitateak garrantziaren arabera sailkatzen ditu. Jokaera heterosexualen nagusitasuna aldarrikatzen du sexismoak, nagusitasun biologikoa eta morala, eta etengabe eraikitzen du normaltasun sexualaren eredua. Heterosexualitatea baldin bada onena, sanoena eta “normalena”, gainontzekoak okerrak, osatugabeak, perbertsoak eta zikinak dira, ezta?

Sexualitatea gure bizitzen oinarri oso garrantzitsua dela uste dut, zoriontasunari estu lotua dagoena. Hala ere, pertsona baten joera edo gustu sexualek ez dute inolako eraginik bere izateko eran, profesionaltasunean, konfiantzan, gaitasun sozialetan... Aldiz, zalantza eta mesfidantza gehiago sortzen dizkit homofoboa den pertsonak.

1972. urtean George Weinberg psikologoak “La sociedad y el homosexual saludable” liburua kaleratu zuen eta lehen aldiz erabili zuen “homofobo” hitza. Psikologoaren hitzetan, «nik ez nuke paziente bat osasuntsu joko homosexualitatearen kontrako aurreiritzia gainditua ez balu. Homosexualitatearen aurrean nazka sentitzea norberarentzat da kaltegarria». Kaltegarriagoa, hala ere, homofoboak parean zapaltzen, umiliatzen edota akabatzen duenarentzat.