Jon Pagola
Orotariko musikaz blai

Hartza hazi egin da, aniztasuna ere bai

Aniztasunaren aldeko apustua egiten ari da Oso Polita zigilua, eta hiru urteren buruan eraldatzeko gaitasuna erakutsi du. Indiea eta rocka beste estilo garaikide batzuekin uztartzeko garaia iritsi da. Eta susmoa da garaile irten direla.

Zer dute amankomunean Chill Mafiak, Nacho Vegasek, El Columpio Asesinok, Hakima Flissik eta Ezpalak-ek, beste inorekin ez dutena? Bitxia da zer bost izen, beste askoren artean, elkartu dituen azken urteotan zigilu batek. 2018ko maiatzean sortu zen Oso Polita Last Tour International enpresaren besapean eta indie eta rock doinuak uztartzen dituzten taldeekin hastea erabaki zuten: Garbayo, Gimnastica, Uniforms eta Venturi fitxatu zituzten lehen sorta batean, pasioari eusteko asmoa erakutsiz. Hasierako hitzak Oso Politaren estreinaldiko prentsa oharrean idatziak dira: «Kontua ez da posible den ala ez: egitea da kontua. Existitzen ez bada, guk asmatuko dugu, proiektu berri bat eraikiz, bi mundutatik onena: freskotasuna eta fidagarritasuna, izaera sortzailea eta enpresa-indarra. Esana eta egina: Oso Polita zigilu diskografiko berri bat da, espiritu independentearekin eta multinazionalaren tresnekin sortua, musikazale askoren ilusioarekin eta industrian ia 20 urte daramatzan konpainia baten esperientzia globalarekin».

Koronabirusaren etenaren ondotik, udako zenbait jaialdi bueltatu dira aurten. Osasun egoerara egokitu dira, esaterako, EHZ festibala eta Jazzaldia. Azken orduan ustekabeko handia eman du Last Tour antolatzaileak Gasteizko Azkena Rock ikonikoarekin: 10 eguneko jaialdi bat egingo dute Iradier Arenan, irailaren 22tik urriaren 3ra. Betiko rock heldua eta mainstreama (Loquillo, M-Clan, El Drogas) izango da ardatz nagusia; hain zuzen ere, diskoetxeak izan duen kontrako bilakaera. Uste genezakeena baino aniztasun handiagokoa bilakatu da Oso Polita epe laburrean. Eraldaketaren azalpen zabala eman du Beatriz Concepcion zigiluaren zuzendariak. «Lantaldean oso jende gaztea sartzeak eragina izan du, egunero belarriak irekitzen dizkiguna, eta, noski, gure jakin-min naturalak oso zigilu anitza eraikitzera garamatza. Kalean entzuten denaren isla izan nahi dugu; alde horretatik, belaunaldi gazteenak izan dira kulturalki ekarpen handiena egin dutenak, eskemak hautsiz. Horri uko egitea inozoa da. Integratu behar da, nahiz eta ez partekatu eta ez ulertu, aberastu egiten zaitu», laburbildu du Beatrizek.

Horren erakusle aproposa da Chill Mafia kolektiboa. Hankaz gora jarri du aise aurre ikusteko moduko panorama; dena esan beharra dago, ezer berririk asmatu gabe. 31 urte bete dira Negu Gorriak taldeak bere lehen lana kaleratu zuenetik. Disko horretakoa da bertsoa, rapa eta hardcorea batzen dituen “Bertso-Hop” kantua. Mugarri bat izan zen bere garaian. Tradizioa eta berritasuna nahastu zituen kokteleran Fermin Muguruza taldearen sortzaileak, Iruñerriko neska-mutilek Xabier Leteren “Gazte Arruntaren Koplak” ospetsuarekin egin duten moduan. Sare sozialetan ikaragarrizko oihartzuna izan du aurten, agian traparen unibertsotik ez zelako horrelako mugimendurik espero. Ustekabean harrapatu gintuen. Eta sua piztu dute jada. Kantua hedatuz eta hedatuz joan zen Euskal Herriko txoko eta bazter guztietan zehar. Youtuben bakarrik, 390.000 ikustalditik gora izan dira. 200.000 entzunaldi baino gehiago izan ditu Spotifyn “trap rurala” gisa definitu duten estiloak. Egia esan, influentzia askotarikoak dituzte Chill Mafiakoek. 70eko eta 80ko hamarkadetan eztanda egin zuten estiloak (punk, reggae, dub) bereganatu dituzte eta ukitu modernoak eman dizkiote. Oso Politan ez diote musika estiloari heltzen. Onartua izateko bete behar diren ezaugarriak azaldu ditu Beatriz Concepcionek. «Ez dago irizpide zorrotzik zehaztuta; asko daude. Belaunaldi ezberdinek egiten dugu lan enpresan, gustu eta jatorri ezberdinak ditugu. Denok bilatzen dugu musikak ‘zerbait’ izatea lehen entzunaldian. Interesatzen zaiguna da koherentzia, konpromisoa, lana, balio diferentziala… Birtuosismoa ikasi egiten da eta estiloa gutxienekoa da».

 

Uniforms eta Omago: Andaluziatik EHra. Natalia, Pan, Annie eta Willie Uniforms-eko partaideak dira.  2018an “Polara” diskoa argitaratu zuten eta shoegaze doinua zuten lagun, 90eko hamarkada hasieran Ride, Slowdive, My Bloody Valentine eta Ingalaterrako hainbat indie taldeek ezagutzera eman zuten korronte melodiko zein zaratatsua. Azkenaldian «iluntasuna darion edozer gauzari» heltzen diote eta Martes Niebla, Monte Terror edo Beladrone taldeen jarraitzaileak direla aitortu dute. Bigarren diskoarekin –“Fantasía moral” izenekoa, biak Oso Politaren babesarekin– andaluziarrek gora egin dute eta “Semana Satán” single hipnotikoari esker hasi dira publiko zabalago batera iristen. Covid-19aren pandemiak aurkezpen bira bete-betean harrapatu baditu ere, izurriak ez ditu atzera bota andaluziarrak. «Hilabete hauek aprobetxatu ditugu zuzenekoa finkatu eta hobetzeko; beraz, zentzu batean ondo etorri zaigu geldialdi hau. Gainera, kantu berriak prestatzen ari gara, eta horietan eragin desberdinak islatu eta beste soinu batzuekin esperimentatu nahi dugu», adierazi dute. 2021ean eman duten kontzertu bakanetako bat Spotifyra igotzea erabaki dute, eta entzulearen harridurarako, lau kantu bildu dituzte. Europako musika jaialdi garrantzitsua da Eurosonic: ESNS ingelesezko akronimoetan. Herri bakoitzeko talentua babesten dute, talde berriak bultzatzen dituzte eta sare lanak egiteko topaleku garrantzitsua da. Bertan aritu ziren Uniformsekoak, ekimenak antolatu zuen showcase emanaldi batean. «Oso pozik geratu ginen emaitzarekin. Jaialdiaren maila ikusgarria izan zen, zorte handia izan genuen. Giro zoragarria izan genuen eta jaialdi edo areto baten zuzenekoa izan bada ere, etxean gozatu daiteke».

 

Euskal Herrira bueltan, zigiluak gomendioa egin dio kazetariari: Uribe Kosta eta Bilbotik datorren Omago hirukotea. Aitziber Omagogeaskoa (ahots nagusia eta gitarra akustikoa), Iñigo Larrazabal (gitarra elektrikoa) eta Oier Aldekoak (baxua eta teklatua) «pop-rock eta folkaren eremutik abiatuta» euskara eta gaztelera nahasten dituzte naturaltasunez. Deustuko El Tigre estudioetan Omago EPa grabatu eta 2019ko BIME Live-n zuzenekoa eskaini zuten, birako beste emanaldien artean. Oso Politako «langile bat taldearekin harremanetan jarri zen» eta «haiekin lanean jartzea erabaki genuen», eskaintzen zituzten baldintzak aztertu ondoren. «Nahiz eta diskoetxea berria izan, oso langile finak dira eta motibazio handikoak, beti proposamen berriekin eta proiekturen bat martxan jartzeko gogoz. Horrez gain, gure egoera pertsonaletara ere moldatu dira eta gaur egun testuingurua zein den ikusita eskertzekoa da», aitortu du Aitziber taldeko abeslariak. Zenbait abesti solte jaurti dituzte sareetan azkenaldian, musika taldeak etengabe bilatzen ari diren doinu propio baten atzean, akaso. Aitziberren esanetan, «helburuetariko bat» hori izan daiteke. «Entzulearengan eragin nahi ditugun sentimenduei dagokienez, nahiko kontu pertsonala da. Kantuak atsegin badituzte ere, norberak sentimendu desberdinak izan ditzake eta horrek ere badu alde positiboa, abestiek nolabaiteko malgutasuna izan dezaten bakoitzak bere moduan ulertuz». Momentuz, “Hitzik esan gabe” kantuaren alde emozionala nabarmen gailendu da Spotifyn besteen gainetik, eta hori behar bezala bukatzea «gehien kostatu» zaien abestia izanda. «Askotan aldatu dugu egitura eta sonoritatea, gaur egunera iritsi arte. Jon Aguirrezabalagaren ekoizpena funtsezkoa izan zen».

«Ez gara kexu». Sudurra bezain ona dute belarria Oso Politako arduradunek. Izaro eta Rosaliari amua ondo botako liokete aukera balute, «betiere emakume indartsuak eta talentuz beteak». 360 graduko zerbitzua eskaintzen dute, eta diotenez «neurrira egindako jantziak» egiten dituzte jostun lanean. Beatriz Concepcionek argi azaldu du zehazki nolakoa den zigiluaren lana. «Proiektuek behar dutenera edo eskatzen digutenera egokitzen gara: diskoetxea, argitaletxea, management eta booking-a eskain ditzakegu; hau da, 360 ospetsua. Baina artista bakoitza mundu bat da, horietako asko manager indartsu batekin etortzen dira guregana, eta elkarrekin lan egiten dugu diskoetxe eta argitaletxe gisa; beste batzuek aldiz management figura hori behar dute, apur bat gidatuko dituena eta karrera estrategia landuko duena».

Euskal musika bizirik dago eta adibideak ugariak dira, baita Oso Politaren musika talde sortan ere. Batzuetan diskurtsoak biralizatu egiten dira eta ispilu baliagarriak izan daitezke. Pello Reparaz Zetak taldeko abeslari nafarrari gertatu zitzaion, MIN musika independentearen sarietan urteko euskarazko disko onenaren saria jaso zuenean. D eredua aukeratzen duten gurasoei eskaini zien saria «ate asko zabalduko dizkielako seme-alabei». Sare sozialetan ikusmina eragin zuen Reparazek esandakoak eta Twiterren 140.000 ikustaldi izan ditu. Era berean, artista ezberdinak euren lanak jendearen aurrean aurkezten hasten direnean zerbaiten erakusle ere bada. Uda honetan eta datorren udazkenean kontzertuak egin ahal izateko buru-belarri ari dira lanean zigiluan. Baikorrak dira, nahiz eta araudiaren menpe egon eta aurrera begira har daitezkeen neurrien zain dauden, Beatrizek iragarri duenez. «Esparruak, edukiera eta baldintzak ez dira udarako izan behar zirenak; hala ere, ez gara kexu. Udazkena bero dator, disko berriak kaleratuko ditugu, eta batez ere oso talde gazte, aktibo eta egonezinekin».