Gure gorputza, gure erabakia
Abortu eskubideak kolpe gogorra jasan du Ameriketako Estatu Batuetan. Azken 50 urteotako legerik murriztaileena onartu dute Texasen. Umekiaren bihotz taupadak igartzen diren unetik, debekatuta dago abortatzea. Haurdunaldiko seigarren astean izaten da hori eta emakume askok oraindik jakin ere ez dute egiten haurdun daudenik. Baina sei asteen muga hori igarota ezin da haurdunaldia eten, ezta intzestu eta bortxaketa kasuetan ere. Legea betearazteko, herritarrak polizia bihurtu dituzte eta, herritar batek haurdunaldiko sei asteetatik harago abortatu gura duen emakume baten kasua salatzen badu, 10.000 dolarrerainoko ordain saria jasoko du. 2020an, 54.000 emakumek abortatu zuten Texasen. Eta %85ek, seigarren astea baino beranduago eten zituzten euren haurdunaldiak. Horrek esan nahi du emakumeen %15 bakarrik izango direla gai abortatzeko. 54.000 horietatik, 8.100 bakarrik.
1973. urtean legeztatu zen abortua Ameriketako Estatu Batuetan. “Roe vs Wade” auzi ezagunak ordura arteko mugak kendu eta, 24. astera arte, haurdunaldia eteteko aukera eman zien emakumeei. Baina Donald Trump boterera iritsi zenean, abortuaren kontrako lege oldea ikusten hasi ginen. Errepublikanoen menpe dauden estatuak zailtasun handiak jartzen hasi ziren haurdunaldiak eteteko, Auzitegi Gorenaren oniritziarekin. Izan ere, Trumpek hiru epaile antiabortista sartu zituen Gorenean eta gehiengo kontserbadorea dauka orain Ameriketako Estatu Batuetako auzitegi garrantzitsuenak. Goreneko epaileek babesa eman diote Texaseko legediari, baina azaroan 50 estatuei eragingo dien kasu bat aztertu beharko dute. Eta abortatzeko eskubidea kolokan egon daiteke Ameriketako Estatu Batuetan. Beldurra ematen dit Ameriketako Estatu Batuetako mugimendu antiabortistak mundu mailan jarraipena izateak. Amorrua ematen dit eskubideak irabazi ordez, eskubideak galtzeak. Haserrea eragiten dit gizonezko politikariek gure gorputzen inguruko erabakiak hartzeak.
Ama naiz, eta badakit zer den 9 hilabetez ume bat sabelean izatea. Ama naiz, eta badakit bizitza nola aldatzen duen ume batek. Ama naiz, eta ulertzen dut emakume batzuek ez dutela ama izan nahi. Ama naiz, eta agian egunen baten haurdun geratu arren ez dut berriro ama izan nahiko. Eta nire erabakia izan beharko litzateke hori Texasen, Euskal Herrian zein munduko edozein tokitan. Gure gorputza, gure erabakia.