Galder Perez
IRITZIA

Zutik eta sutan

Bilboko bolleren eta aktibismoaren gaineko argazki erakusketa egin zuen duela aste pare bat Elena Sarasola argazkilariak. 1986 eta 1992 bitarteko irudiek osatzen zuten erakustaldia. Zuri-beltzez egindako argazkiak denak, egileak aitortu bezala, bere reflex maitea, bere Contax txikia arma zuela. Garai hartako mugimendu feministaren argazki haietan manifestazioak eta jaiak uztartzen ziren batez ere, protesta eta parranda, ezinbesteko akzioak elkarren eskutik. Oraindik bukatu gabeko lan asko ageri da irudi horietan. Argazki onekin gertatu ohi den bezala, istant haietara eraman eta bizitzen ari zena transmititzeko sekulako indarra duten irudiak dira. Esandako guztiaz gain, ilusio asko ere jaso daiteke emakume horien guztien begi eta gorputzetatik. Borrokarako indarra, askatasunaren aldarria konstantea zela jasotzen da argazkietan.

La Taller espazioko inaugurazioan argazki haietako protagonista asko bildu ziren, emakume borrokalari anonimoak. Emozioz aitortzen zuten nola botatzen dituzten gaur faltan argazkietan agertzen ziren beste kide asko, heriotzak goizegi eramanak edota haien bizitzarekin bukatzea erabaki zutenak. Oraindik ere, borroka feministak han bildutako emakume denak okupatzen ditu. Eta baita haien lubakietara batu diren beste asko eta asko ere, zorionez. Ordukoek eta oraingoek, ordea, beste Bilbo batean egin behar dute borroka. Neoliberalismo basatienari bere arima saldu dion lekuak kultura feminista edo beste edozein emantzipazio-forma maisuki irensten ditu.

Zutik eta sutan jarraitzeko beharra dugu oraindik ere. Lau hamarkada pasatu arren, zuri-beltzezko izaten jarraitzen du gure errealitateak. Erakustetatik atera eta gaur egun, irudia, edo irudiak, gailentzen diren aro honetan, erakusketan ikusi moduko irudi gutxi ikusten delako sentsazioarekin atera ginen. Beharbada, nostalgiari gehiegi kutsatzen uzten diogu. Garai zaharrak hobeak zirelako kontuak batzuetan blokeatzen gaitu, gure aldarria mututzen du. Argazki zaharrek eraldaketarako lagundu beharko ligukete. Irudi bakoitzak badu bere testuingurua. Atzoko balio zuenak, agian gaurko ez du balio, testuingurua oso ezberdina delako. Borroka berarentzako molde berriei ateak ireki beharko dizkiegu. Datorren denbora sozialki ezberdina izango da, nolakoa oraindik ezin jakin. Baina kalearen beharra eta indarra inoiz baino funtsezkoago bihurtuko dira. Geure buruak eta mugimenduak berrasmatzeko eta berrarmatzeko garaia da, zutik eta sutan jarraitu ahal izateko.