Jokin Urain
IRITZIA

Dagoena

Biharkoa asmatu ezinik, herenegungoarekin itzuli-mitzuli gabiltza sarritan, iraganari berari ere ezin antzemanik edo ezin igarriz eta ezin ulertuz nola litekeen. Buruan bueltaka, pentsa dezakezu gauzak izan zitezkeela hala edo hola, beste moduren batera dena den, baina diren moduan dira edo izan ziren, zuk onartu ala ez, zuk ulertu ala ez. Dagoena dago.

Hamabost egun dira, 1936ko gerran Zirardamendin hildako gudariak omentzeko ekitaldia egin zen Elgoibarren, Memoria Ibilbidearen zati bat aurkezteaz batera. “Hezurren Ibilbidea” izan zezakeen izena Altzolatik Kalamuara artekoak, Aiastiatik Zirardamendira artekoa barne. Gerra hartan eroritakoen hezurrak, batzuenak atera dituzten arren, auskalo zenbatenak dauden oraindik bertan, lurrak estalita baina ahanzturak estali aurretik norbaitek eskua eman zain.

Elgoibarko ekitaldian izan zen Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. “Berdintasun” sailburuarena edozer gauza berdin zaiolako izango da, bezperatik ekarri baitzuen Artolazabal andereak dirudienez edonorako egokia iruditzen zaion berriketa. Egun batzuk lehenago, euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekitaldia Arrasaten egin asmo zuela iragarri zuen Sarek. Espetxean denbora gehien daraman euskal presoaren izena aipatzen zen, hasieran ezarri zioten zigorra osorik beteta ere kartzelan atxikitzen dutelako. Bizi osorako zigorra salatu nahi zuten Sarek deituta ekitaldi horretara batzekoak ziren pertsona eta eragileek. Baina supituan elkar hartuta jarki zitzaizkion ekimenari alderdi espainiar batzuk, faxistak barne.

Eusko Jaurlaritzak ere erantzun nahi izan zion Sareren egitasmoari, eta Arrasatekoaren bezperan Gasteizen horretarako egin zuten ekitaldira joan zen. Baina han adierazitakoekin ere ez zen asebete, nonbait, Berdintasun, Justizia eta gauza handi horien sailburua. Zerbait gehiago nahi, alegia, eta domekan Elgoibarrera eraman zuen mezua, armak hartuta faxisten aurka borrokatuz Zirardamendin erori zirenen hezurren aurrean oka egiteko.

Ezin ulertua ematen du, baina horixe da dagoena, eta dagoena da Artolazabalek nahiago duela 1936ko gerran hil zirenen aurrean Meliton Manzanas torturatzaile hilari gorazarre egiteko diskurtsoa erabiltzea, 31 urtez espetxean dagoen eta bizi osoan eduki nahi duten euskal preso politikoaren eskubideak defendatu baino.