Amaia Uribe
IRITZIA

Soberakinak

Uda amaitu dela ospatzeko, barbakoa bat egin dugu lagunekin. Kuadrillako estatubatuarra joan da erosketak egitera eta igarri da. Sei heldu eta lau umeren artean astebetean ere jango ez genukeen beste janari erosi du. «Ez dadila inor gosearekin geratu», esan du. Eta ez, ez da inor gosearekin geratu. Baina izoztuta geratu naiz, soberan gelditu den guztia zaborrera botatzen hasi denean. «Ez duzu hori guztia botako, ezta?». «Noski. Izozkailua beteta daukat eta ez zait gustatzen soberakinak jatea».

Gurasoek txikitan irakatsi ziguten ez dela inoiz janaririk bota behar. “Sobrak” hurrengo egunerako uzten genituen edo beste errezeta bat prestatzeko erabiltzen genituen. Frutak zati bat belztuta bazeukan, labanarekin zati hori kendu eta beste guztia jaten genuen. Kapritxo handirik barik hazi ziren aita eta ama baserrian, eta beti esan izan digute janaria ez dela alperrik galdu behar.

Ameriketako Estatu Batuetan, baina, antza denez, ez dute halakorik ikasi. Erosten duten janariaren %30 baino gehiago zaborretara botatzen dute estatubatuarrek. Pisua kontuan hartuz gero, 103 milioi tona janari urtean. Prezioa kontuan hartuz gero, 160.000 milioi dolar urtean. Dena, zaborretara.

Bien bitartean, 35 milioi estatubatuarrek ez dute janaririk erosteko dirurik eta 10 milioi ume eskolan ematen dieten menuari esker elikatzen dira. Harritu egin nintzen eskola publikoetan, bazkariaz gain, gosaria eta snack deitzen dioten hamaiketakoa ere ematen dituztela jakin nuenean. Baina urteak daramatzate ikasleei gosaria ematen, asko gosaldu gabe joaten zirelako eskolara eta euren kontzentrazioa eta ikasteko ahalmena nabarmen jaisten zirelako. Atera kontuak, pandemia hasi zenean eta eskoletan klase birtualak ematen ari zirenean, eskoletako ateak zabalik mantendu zituzten familia pobreetako umeak janaria hartzera joan zitezen. Agintariek bazekiten bestela ume horiek ez zutela ganoraz jango eta pandemiaren hilabeterik txarrenetan ere janari poltsak ematen zituzten eskola publiko guztietan. Horra hor, kapitalismoaren eta kontsumoaren herrialdearen beste kontrasteetako bat: batzuk gosez, eta besteak jateko moduan dauden elikagaiak zaborretara botatzen.

Apurka-apurka, baina, badirudi batzuk kontzientzia hartzen hasi direla eta New Yorken modan jarri da “Too good to go” izeneko aplikazioa. Hiriko jatetxeek kontsumitzeko moduan dagoen janaria zaborretara bota ordez, prezio merkeagoan jartzen dute salgai. Hala, aplikazio horretako mapan etxe ondoko okindegian sei bagel dolar baten saltzen dituztela ikus dezakezu eta bi kalera dagoen jatetxean New Yorkeko humus famatuenetakoa 2,5 dolarretan saltzen dutela. Nik dagoeneko mugikorrean deskargatu dut aplikazioa eta barbakoa antolatu zuen lagun estatubatuarrari ere deskargatzeko gomendatuko diot, ea soberakinak aprobetxatzen ikasten duen.