Iparrorratza
Pandemiak jotako azken hilabete luze hauetan erraza izan da iparra galtzea. Batzuetan, askok orientazioa galdu izan dugu. Noizbehinka galtzea gauza ona dirudi, baina betiko galtzea, berriz, arrisku sakona da. Gure barreneko magnetismoak konplikatuegiak dira esku artean eduki daitekeen tramankulu batekin ordenatzeko. Iparra izan, badugu, eta iparrorratzik ez. Kaka zahar honen guztiaren bukaera ikusten ari gara, tarteka bada ere ortzi-muga ageri da nonbait, iparrorratzen beharrik gabe, gainera. Oraindik ere askori kosta egiten zaigu pertsonalki honek guztiak ekarritakoa analizatzea. Goizegi da horretarako. Baina badira kolektiboki mesede egin diguten ekimenak, iparra galdu ez dutenak eta zailtasunei aurre eginez bere horretan jarraitu dutenak.
Hilabete hauetan gelditu ez diren ekimen sozial eta kulturalek sekulako mesedea egin digutela uste dut. Iparra galdu ez duten jarduerak badira, ortzi-mugan argia eta itxaropena jarri dituzten ospakizunak. Horietako bat da Errenteriako Atlantikaldia, iaz “Ortzimugak” lelopean egin zena eta aurten, aldiz, “Iparrorratzak” ardatz izan dituena. Momentu bakoitzak eskatutako neurriekin antolatu da jaialdia, idealetik urrun, batzuen aburuz, baina egin, egin da, ospatu da. Berriz ere sekulako parte hartze eta herri inplikazioarekin, gainera. Asteburu berean Zarautzen egindako Literaturia ere aipa genezake. Izoztuta geratu ez diren ezinbesteko jarduera dinamiko eta parte hartzaileak, topaleku sozialak eta kulturalak biak ala biak. Ustez, gutxi batzuentzako kultur ekimenak dira arteak, musika eta, zer esanik ez, literatura. Baina bizirik mantendu dira, eta bizi sentiarazten gaituzte. Duela astebete Hernanin lehenengoz egin den liburu azoka da beste adibide bat, eta baita egunotako Sarako idazle biltzarra ere. Denek dute komunean sorkuntza gertutik bizitzeko aukera.
Atlantikaldiaren kasuan, herria eta erakundeak fusionatzen direnean ortzi-mugara irits daitekeela erakusten dute urtetik urtera. Literaturiak herria du motor, Ahotsenea lagun, sortzaileak herritarrengana gerturatzeko egitasmoa. Ezerk gelditu ez dituen motor txikiak dira, eta haiei esker nora joan jakin dezakegu, bidea markatzeko tramankulurik gabe. Sorkuntzaren eta kulturaren nabigazio honetan ere, kruzero transatlantiko gehiegi dago. Baina jakin badakigu zein den gure portua. Hobe genuke ekaitz erraldoien artean betiko galdu aurretik, kultur batel txikiek nabigatzen jarraituko balute, horiexek baitira gure portu txikien magnetismoa ezagutzen dutenak. Hemendik aurrerakoa, datorrena datorrela, gauza ederretarako aukera berria izango da gizartean eta sorkuntzan. Hori bai, betiere, iparra galtzen ez badugu, eta portua zein den ahazten ez badugu, kolektiboaren handitasunean eta arraunekin iparra bilatzen duen batelaren txikitasunean.